Euskadiko Parke Teknologikoen Sareak APTEren Nazioarteko 16. Biltzarrean parte hartuko du

Biltzarra Asturiasen egingo dute aurten, Avilesen, hain zuzen, 4.0 INDUSTRIA, KONEKTATUAGOA, IRAUNKORRAGOA lemapean

PHOTO-2018-11-22-09-21-26Euskadiko Parke Teknologikoen Sareak, beste behin, APTEk (Espainiako Parke Teknologikoen Elkartea) urtero antolatzen duen nazioarteko biltzarrean parte hartuko du. Aurten, egoitza Avilesko “Berrikuntzaren uhartea” Parke Zientifiko eta Teknologikoa izango da.

Nazioarteko azken biltzarra Euskadiko Parke Teknologikoen Sareak antolatu zuen iaz Gipuzkoako Parke Zientifiko eta Teknologikoan, eta hantxe hartu zuen lekukoa, banderak entregatzeko ekitaldian, Manuel Campa Asturiasko Parkearen ordezkariak, Itziar Epalza zuzendari nagusiaren eskutik, APTEko lehendakari Felipe Romera ere han zela.

Oraingoan, APTEko kide diren parkeak INDUSTRIA 4.0, KONEKTATUAGOA, IRAUNKORRAGOA lemapean bilduko dira nazioarteko biltzarrean. Enpresek, lehiatzeko gaitasuna izan dezaten, ezinbestekoa dute aurrerapauso digitalak ematea, eta parke zientifiko eta teknologikoek asko laguntzen dute industria digitalizatzen.

Biltzarrean aurrerapen digitalaren alorrean, hala estatuan nola nazioartean, arrakasta izan dutenen adibide batzuk emango dituzte aditzera, gaur egungo egoera zein den eta aurrerantzean zer erronka izango diren jakitera emateko asmoarekin. Ereduzko esparrutzat honako hauek hartuko dituzte: industria digitalizatzeko estrategia europarra, “Europako industria digitalizatuz”, eta Industria, Merkataritza eta Turismo Ministerioak sustaturiko “Industria konektatua 4.0” ekimena.

Euskadiko Parke Teknologikoen Sarearen zereginak dira, 2017-2020 aldirako plan estrategikoaren arabera, Euskadin industria-politikako helburuak lortzen eta teknologikoa garatzen laguntzea, besteak beste.