Euskadiko Ziber-segurtasun zentroa irailean jarriko da martxan
Eusko Jaurlaritzak ezagutzera eman ditu irailean abiaraziko den Euskadiko Ziber-segurtasun zentro berriaren xehetasun eta ezaugarriak. Zentro berri horrek SPRIren menpeko unitate zentralizatu batetik lan egingo du, eta etengabe koordinatuta egongo da Ertzaintzarekin eta EJIErekin (Informatika Sozietate Publikoa)
Arabako Teknologi Parkean (Miñao) kokatuko da, eta langile tekniko espezializatuz osatutako egitura bat izango du. Dagoeneko ireki da langile horiek aukeratzeko prozesua.
Ekonomi Garapen eta Azpiegitura sailburu Arantxa Tapiak eta Segurtasun sailburu Estefanía Beltrán De Herediak elkarrekin aurkeztu dituzte Euskadiko Ziber-segurtasun Zentroa (CVCS) izango denaren oinarriak, zerbitzu horren kudeaketan inplikatutako erakundeen arduradun nagusien aurrean. Aurkezpenean izan dira, besteak beste, Alex Arriola, SPRIko zuzendari nagusia, Alex Etxeberria, EJIEko zuzendaria, Josu Zubiaga, Segurtasun sailburuordea, Estibaliz Hernáez, Teknologia sailburuordea, Gervasio Gabirondo, Ertzaintzako zuzendaria, Josu Bujanda, Ertzaintzako dibisio-burua eta Itziar Epalza, Euskadiko Teknologi Parkeetako zuzendaria.