Euskal enpresek teknologiaren aldeko indar handiagoa egin dute, aurten I+Gko programetarako eskaeren kopurua % 7 handitu baita

Bizkaia

– Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailaren berrikuntza teknologikoari laguntzeko zazpi programei dagokienez, enpresek guztira ia 1.800 eskaera aurkeztu dituzte 2012ko deialdian.

– Programa garrantzitsuena Etorgai da; Euskadiko ekonomiarentzat trakzio-efektua duten proiektuetara bideratuta dago eta eskaera kopurua % 47 handitu da, 380 milioi euroko inbertsio pribatuarekin.

Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak SPRI Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatearen bitartez sustatzen dituen berrikuntza teknologikoari laguntzeko zazpi programetan eskaria, oro har, % 7 handitu da, iazko kopuruarekin alderatuta. Hain zuzen ere, Etorgai, Gaitek, NETs, Etortek, Saiotek, Hedatu eta Emaitek programak dira eta eskaerak aurkezteko epea amaitu den honetan arrakasta orokorra izan dela esan dezakegu, aurkeztutako eskaera kopuruari dagokionez.

Etorgai programaren kasuan, aurkeztutako eskaeren kopurua % 47 handitu dela nabarmendu behar dugu. Horixe da, hain justu, Sailaren ekimen garrantzitsuena; izan ere, enpresen, zentro teknologikoen eta unibertsitateen arteko elkarlana eskatzen du, urte anitzekoa da eta Euskadiko ekonomiaren gain trakzio-efektua eragiten du. Enpresa-proiektu estrategikoak ditu xede eta efektu biderkatzailea izaten du, Eusko Jaurlaritzak emandako euro bakoitzeko, ekimen pribatuak bi euro ordaintzen baititu.

Aurten, Bernabé Undaren Sailak 42 milioi eurotik gorako inbertsioa egitea aurreikusi du Etorgai programan 2012. urtean; 2011n 32 milioi izan ziren eta 175 enpresa izan ziren onuradun. Deialdian jasotako eskaera guztiak hartuta, oro har, 380 milioi euroko inbertsioa dakarten proiektuak aurkituko ditugu; 2011. urtean 241 milioi izan ziren eta horrek esan nahi du proiektuen guztizko bolumena % 58 hazi dela.

2011. urtean guztira 1.750 laguntza onartu ziren teknologiari dagokionez baina, aurten, 1.875 eskaera aurkeztu dira dagoeneko. Kopuruak zehatzago aztertuz gero, enpresei laguntzeko programa nagusiak nabarmentzen dira: Gaitek programa produktu berriak garatzeko I+G+Bko jarduerak biltzen dituzten proiektuetara zuzenduta dago eta % 7 hazi da; Etorgai programaren kasuan, hazkundea oso nabarmena da (% 47).

Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarean sartutako agente zientifiko eta teknologikoei laguntzeko Saiotek programan ere eskaerak % 9 handitu dira (iaz 346 izan ziren eta aurten 376); ikerketaren ondoriozko jakintza transferitzea ahalbidetzen duten ekintzak zabaltzea xede duen Hedatu programari dagokionez, 63tik 65era igo dira eskaerak.

Oinarri teknologikoa duten enpresa berriak sortzen laguntzeko NET programen, teknologia-arloko ikerketa-jardueraren ebaluazioa finantzatzeko Emaitek programaren eta ikerketa estrategikoari laguntzeko Etortek programaren kasuan, eskaera kopurua 2011. urtean onartutakoen parekoa da. Nolanahi ere, azken programa horri dagokionez, laguntza jaso dezaketen proiektuetako inbertsioak % 24 handitu dira (iaz 130 milioi eta aurten 161 milioi euro).

  • Iturria: Eusko Jaurlaritza
  • Data: 2012/04/16

Partekatu

Beste berri batzuk