Kutxabankek eta Eusko Jaurlaritzak beka-hitzarmena sinatu dute atzerrian praktikak egiteko

Bizkaia

. Jaurlaritzak 32 beka eskaini zituen 2009. urtean eta aurten 500 izango dira, 7,5 milioi euro sustapen horretara bideratuta.

. Kutxabankek 100 beka hartuko ditu bere gain eta 1,5 milioi euroko ekarpena egingo du BBK, Kutxa eta Caja Vital Kutxaren Gizarte Ekintzen baterako ekimen batean.

. Bekak bi motatakoak izango dira: Nazioartekotzeko 100 beka unibertsitateko lizentziadunentzat soilik (eskaerak aurkezteko epea gaur amaitzen da) eta ‘Global Training’ 400 beka, LHko goi-mailako titulua duten gazteentzat ere irekita (eskaerak aurkezteko epea maiatzaren 30ean hasiko da)

. Nazioartekotzeko bekak jaso dituzten hamar bekadunetik zortzik lana aurkitzen du gehienez sei hilabeteko epean

. Jaurlaritzak nazioartekotzea —alderdi guztietan— bultzatzeko asmo sendoa du eta beka horiek ildo horretan kokatu behar dira.

Eusko Jaurlaritzak eta Kutxabankek akordio bat sinatu dute gaur nazioartekotzea bultzatzeko eta Euskadin bizi diren 500 gazteren lan-etorkizuna bideratzea du xede; BBK, Kutxa y Caja Vital Kutxaren Gizarte Ekintzek batera sustatzen duten lehen gizarte-ekimena da hau.

Hiru aurrezki-kutxen presidente Mario Fernández, Xabier Iturbe eta Carlos Zapatero jaunek Jaurlaritzaren programari atxikitzeko hitzarmena sinatu dute eta aurten guztira 500 beka eskainiko dituzte atzerrian praktikak egiteko. Ekitaldian Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo sailburu Bernabé Unda jauna izan da buru eta euskal enpresa-sareari laguntzen dion SPRI sozietate publikoaren presidente den aldetik, berak ere sinatu du. Sailburuarekin batera, Berrikuntza eta Teknologiako sailburuorde Juan Goicolea jaunak ere parte hartu du ekitaldian.

500 beka horiek 2010-2013ko Enpresa Lehiakortasuneko Planean Ekonomia Irekia lortzeko ekimenen barruan txertatzen dira, lehentasunezko ardatzetako bat horixe baita eta nazioartekotzeak garrantzi oso handia du. Ildo beretik, Jaurlaritzak nazioartekotzeko 32 beka eskaini zituen 2009an eta aurten 500 eskainiko ditu.

Horretarako, esfortzu ekonomikoa biderkatu egingo du. Eusko Jaurlaritzak berak 7,5 milioi euro bideratuko ditu 500 beka horietarako —hiru urtekotan banatuta— eta, horretaz gain, Kutxabank osatzen duten euskal kutxek eskainiko dituzten 1,5 milioi euro gehiago izango dira orain.

Hiru Gizarte Ekintzek batera sustatzen dute ekimen hori eta euren lehentasunetako bat gazteen langabeziari aurre egitea da, dela ekintzailetzari lagunduta, dela kalitatezko prestakuntzarako sarbide unibertsala sustatzen duten mekanismoen bitartez.

Hori dela-eta, BBK, Kutxa eta Vital Kutxaren Gizarte Ekintzak duela hamarkada bat baino gehiagotik hona esfortzu handia egiten ari dira lanik gabe dauden gazte tituludunak laneratzera bideratutako beka-programak antolatzeko; horri esker, gazteek lan-esperientzia lortzen dute prestakuntza-praktika ordainduak eginez. Izan ere, 2011. urtean soilik, BBK, Kutxa eta Vital Kutxak 2.100 plaza baino gehiago eskaini zizkieten EAEko gazteei hainbat beka-programatan.

Bekak bi motatakoak izango dira. Alde batetik, betiko Nazioartekotzeko Bekak daude; unibertsitateko lizentziadunei zuzenduta daude eta iaz bete ziren 25 urte beka-programa hori martxan jarri zenetik. Programa horretan parte hartu nahi duten gazteek, besteak beste, honako baldintza hauek bete behar dituzte: 28 urte baino gutxiago izatea, ingelesez ongi moldatzea eta administrazio-egoitza Euskadin izatea gutxienez 12 hilabetez. Eskaerak aurkezteko epea gaur, astelehenarekin, amaituko da, apirilaren 16an.

Bestalde, Jaurlaritzak ‘Global Training’ izeneko 400 beka eskaintzen ditu; beka berriak dira. Ehun bat beka hiru aurrezki-kutxen bitartez finantzatuko dira, gaur sinatu duten hitzarmenaren arabera. Gainerako 300 bekak Jaurlaritzak berak ordainduko ditu.

Berrikuntza moduan zera aipatu behar dugu, beka horiek goi-mailako unibertsitateko tituludunei ez ezik, erdi-mailako tituludunei eta goi-mailako Lanbide Heziketako (LH) titulua dutenei ere zuzenduta daudela. Adin-muga 30 urtean finkatu da baina gainerako baldintzak bete behar dira, hau da, ingelesez edo beste zenbait hizkuntzatan ongi moldatzea eta administrazio-egoitza Euskadin izatea gutxienez azken urtean. Eskaerak aurkezteko epea maiatzaren 30ean hasiko da.

Okupazio-maila handia
Nazioartekotzeko Beken esperientzian izan diren aurrekariei erreparatuta, atzerrian horrelako praktikak egin dituzten gazteek lan-etorkizuna ia ziurtatua dutela esan dezakegu. Izan ere, 10 bekadunetik 8k seik hilabeteren buruan lana aurkitzen du.

Iaz 25 urte bete ziren programa martxan jarri zenetik. Urte hauetan guztietan, nazioartekotzearen arloko profesionalak diren 800 euskal gazte baino gehiago txertatu dira lan-merkatuan programari esker.

Aldi horretan guztian egindako balantzearen arabera, bekadunen ia erdiak praktikaldia egin duten enpresa berean geratzen dira lanean.

Nazioartekotzeko bekaren barruan honako hauek sartzen dira: unibertsitatean hiru hilabeteko prestakuntza, nazioartekotzea sustatzeko erakunde batean urtebete (ohiko moduan atzerrian izaten da) eta kanpoan ezarpen-maila handia duen euskal enpresa batean zortzi hilabeteko praktikaldia.

Eusko Jaurlaritzaren Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailaren Nazioartekotzeko beka-programan orain arte prestatutako 800 gazteen artetik, 500 bat nazioartekotzearekin loturiko jardueretan ari dira lanean.

Bekak irauten duen 22 hilabeteetan jasotako prestakuntzan nazioartekotutako enpresen kudeaketarekin loturiko alderdi guztiak lantzen dira. Profesional berriak dira, % 55 emakumeak dira eta merkatu globaletan lan egitera bideratutako profila dute baina tokiko ikuspegitik begiratuta, euskal enpresa-sarea ongi ezagutzen dutelako; izan ere, prestakuntzako fasean euskal enpresa-sarearen —mundura gero eta irekiago dagoen euskal enpresa sarearen— aukerak eta premiak bertatik bertara ezagutzeko aukera izaten dute.

Bekadunen helmugei dagokienez, Europa da profesionalen profil berri horren hartzaile nagusia baina Txinaren eta Brasilen kasuan ere hazkunde nabarmena gertatu da, euskal enpresen merkataritza-interesen norabidearekin bat etorriz.

Eusko Jaurlaritzaren Nazioartekotzeko beka-programa 1986. urtean hasi zen eta lehenengo urte horretan hiru bekadun baino ez zituen izan; urtetik urtera kopurua handitu egin da eta 2011. urtean 85 bekadun izan ziren.

Global Training, berrikuntza
2012. urte honetan, programan 100 bekadun izango dira eta, lehen aldiz, ‘Global Training’ izeneko beste 400 beka ere banatuko dira. Praktikaldi horretan, hasieran, 40-60 orduko prestakuntza teoriko espezializatua jasoko da eta, jarraian, 6-12 hilabeteko praktikaldia egingo da atzerrian dauden enpresa eta erakundeetan.

SPRIren Enpresa Bulegoen Kanpo Sarearen bitartez, Industria Sailak lankidetza-hitzarmenak sinatuko ditu atzerriko erakundeekin, programa horretako praktiketako bekadunak jasotzeko interesa duten enpresak identifikatzen laguntzeko.

Eusko Jaurlaritzak esfortzu handia egin du beka-programa bultzatzeko baina, horrekin batera, euskal enpresak ere gero eta gehiago ateratzen dira kanpora. 2000. urtean EAEko 295 enpresak ezarpenak zituzten atzerrian eta 2011n 570 enpresa baino gehiago dira atzerrian merkataritzako edo produkzioko filialak dituztenak.

Bekak jasotzeko eskaerak aurkeztu nahi dituzten gazteek 945 01 99 96 telefono-zenbakira dei dezakete edo, bestela, honako helbide elektroniko honetara mezu bat idatzi: comercio-ext@ej-gv.es

Informazio gehiago

  • Iturria: Eusko Jaurlaritza
  • Data: 2012/04/16

Partekatu

Beste berri batzuk