Euskaltelek bere Kode Etikoa azaldu die hornitzaileei

Bizkaia

Jardunaldi bat antolatu du, “Enpresaren Erantzukizun Soziala hornitzaileen kudeaketan”, Euskalit-ek antolatutako Bikaintasunaren eta Kalitatearen Europar Astean. Ekitaldian, aintzatespena egin zaie Euskaltelen EESarekin konpromisoa hartua duten enpresei.

Euskaltelek jardunaldi bat egin du gaur bere egoitzan, gai honen inguruan: “Enpresaren Erantzukizun Soziala hornitzaileen kudeaketan. Euskaltelen esperientzia”. Ekitaldian izan dira hainbat enpresatako 150 zuzendaritza-kide eta erosketa-arduradun, eta bertatik bertara azaldu zaie Euskaltelek zer estrategia darabilen Enpresaren Erantzukizun Sozialaren arloan.

Kudeaketa Aurreratuan enpresa eragilea den aldetik, Euskaltelek parte hartzen du Euskalit-ek antolatutako Bikaintasunaren eta Kalitatearen Europar Astean, eta horren harian antolatu du jardunaldia. Hori baliatuz, bere Kode Etiko berria azaldu die parte-hartzaileei. Halaber, Enpresaren Erantzukizun Sozialarekin konpromisorik handiena duten hornitzaileei aintzatespena egiteko baliatu du ekitaldia.

Lehenbiziko hizlaria Alberto García Erauzkin izan da, Euskaltelen kontseilari zuzendari nagusia. Azaldu du Euskaltelek zer ikuspegi estrategiko duen, eta nabarmendu du “zeinen garrantzitsua izan den produktu-enpresa izatetik interes-talde guztiekiko harremana kudeaketa diferentzial baten bitartez daraman zerbitzu-konpainia izatera aldatzea”.

Hain zuzen ere hornitzaileak izan ditu hizpide, interes-talde gisa, José Félix Gonzalok, Euskaltelen Kalitate eta EES Zuzendariak. Adierazi du erantzukizuna izateko biderik onena bikaintasuna dela, eta honela azaldu du: “Bikaintasunerantz jotzen duen kudeaketa lortzeko, zenbait tresna erabili behar dira, hala nola ingurumenarekiko konpromisoa, laneko arriskuen prebentzioa, eta kodeak izatea jokabiderako, gobernatze egokirako eta interes-taldeekiko elkarrizketarako”.

Euskaltelek Hornitzaileen Kode Etikoa landu du, interes-talde horrekin duen eguneroko harremanean oinarrizkoak diren portaerak partekatzeko enpresekin eta gizartearekin, oro har. Portaera horiek, EESari buruzko jardunaldian aurkeztuak, Euskaltelen balio estrategikoetan daude oinarrituta, eta horietatik sortzen dira, aldi berean, prozesuan parte hartzen duten guztientzako jarduera-printzipioak eta jokabideak. Hiru hitzetan laburbildu daitezke jarrera eta portaera horiek: profesionaltasuna, erantzukizuna eta konfidentzialtasuna.

Luis Jiménez, Euskalit-en Industria sektorearen arduraduna, Bikaintasunerako Euskal Fundazioaren egintzez eta lorpenez mintzatu da. Horretaz gain, adierazi du zer zerbitzu ematen zaien hornitzaileei, hala diagnostikoari dagokionez nola enpresa-kudeaketaren bikaintasunean aurreratzeko metodologiak ezartzeari dagokionez.

Grupo Vadillo Asesoresen izenean, haren zuzendari-gerente Pepe Vadillok azaldu du zer ekintza abiatu dituen enpresak bere interes-taldeen eskakizunei erantzuteko, betiere ezaugarri komun hauetan oinarrituta: jasangarritasuna, familia eta lana uztartzea, bikaintasuna eta negozioetako etika. Arlo bakoitzeko, praktika bat egin da, hala nola Ingurumen eta Lan Arriskuen Prebentziorako Plan bat prestatzea, lana eta familia uztartzeko moduko lan-jardunaldi bat ezartzea, Enpresa Erantzukizun Sozialeko memoria bat argitaratzea, eta orobat konpromiso- eta etika-dokumentu bat eta Gizarte Ekintza eta Boluntariotza Plan bat prestatzea.

Jardunaldia amaitzeko, aintzatespena egin zaie Euskaltelen EESko politikarekin konpromisoa hartua duten bost enpresa hornitzaileri: JPA Instalaciones, Soc. Coop.; Karyker, S.L.; Samper, S.A.; Urbegi Servicios Auxiliares S.L eta Aplica Soluciones, S.L.

Partekatu

Beste berri batzuk