Euskaltelek eta GFIk aliantza teknologikoa egin dute, Euskadin enplegu kualifikatua sortzeko aukera emango duena

Aliantzaren bidez, Europako hegoalderako GFI Telco konpetentzia-zentro bihurtuko da Bizkaiko Parke Teknologikoko egoitza

  • Hitzarmen honen bidez, etorkizunerako aliantza estrategiko bat egin dugu, bi konpainien konpromisoaren eta ikuspegi partekatuaren emaitza. Aukera berriak emango dizkie bi enpresei, eta herrialdeari, berriz, aberastasuna eta enplegua.

 

  • Aholkularitza eta zerbitzu informatikoetako enpresa bat da GFI; 10.000 profesional baino gehiago ditu, eta haietatik 400 baino gehiago Euskadin aritzen dira. GFI Nortek Euskadin du egoitza soziala, eta haren bulegoak Bilbon, Gasteizen eta Bizkaiko Parke Teknologikoan daude. Laster, Gipuzkoako Parke Teknologikoan ere izango dira.

 

  • Horrek epe laburrean izango duen ondorioetako bat da enplegua sortzea: GFI Nortek urte-amaierarako 500 langile izatea aurreikusten da.

 

  • Euskadin bikaintasun teknologikoko zentroak sortzeko apustua egiten duten enpresetara begira ari da Euskaltel, enpresa berrien eragile izateko eta gure herrialdean inbertsioak sortzeko.

 

  • Hitzarmen honen bidez, transferitutako Euskalteleko langileei lanpostua, gaur egungo lan-baldintzak eta antzinatasuna mantentzea bermatzen zaie, bai eta parke teknologiko berean lanean jarraitzea ere.

Euskaltel-GFI 4 Euskaltelek eta GFI aholkularitzako eta zerbitzu informatikoetako enpresak hitzarmen estrategiko bat sinatu dute. Haren bidez, euskal operadoreak eraldatu egingo du Informazio Sistemen eredua, mundu mailako merkatu lehiakor berrira egokitzeko eta, hala, merkatuko telekomunikazio-sektoreko operadore lider gisa finkatzeko.

Aliantza honen bidez, teknologikoki berritu egin nahi du Euskaltelek, zerbitzu aurreratuagoa eta kalitate handiagokoa emateko bezeroei eta merkatuan duen posizioa finkatzeko.

Hitzarmen estrategiko honen sinadura-ekitaldi ofiziala gaur goizean izan da, operadorearen Derioko egoitzan (Bizkaia). Euskaltelen aldetik, Alberto García Erauzkin presidenteak sinatu du, Fernando Ojeda zuzendari nagusia lagun zuela. GFIren izenean, han izan dira Vincent Rouaix GFI Informatiqueren presidente zuzendari nagusia, Carlos Muñoz GFI Españaren kontseilari delegatua, Jabier Ruiz GFI Norteren zuzendari komertziala eta GFI Españaren Telco sektoreko zuzendaria, eta Jose Echezarra GFI Norteren zuzendari nagusia.

Zerbitzu horiek emateko enpresarik egokiena bilatzeko, kontratazio-baldintzetan, hauek lehenetsi ditu Euskaltelek: enplegua bermatzea; lan-baldintza bikainak mantentzea, langileek garapenerako aukera gehiago izan dezaten; eta egoitza EAEn izatea.

Alberto García Erauzkin Euskalteleko presidenteak azaldu duenez, “kaudimen teknologikoa eskaintzen duen aliatu bat bilatu dugu, mundu mailako lehiakideak dituen merkatuaren eskakizun handiagoetara egokitzeko, eta, era berean, gure langileen behar profesional eta laboralei erantzuteko. Horregatik, GFI aukeratu dugu: nazioarteko mailako erreferentziako enpresa, egoitza Euskadin duena, hazten ari dena eta lehen mailako garapen teknologikoa duena. Halako enpresa indartsua aukeratuta, gure merkatuan lider izaten jarraitu ahal izango dugu, eta mundu mailako irtenbide teknologikorik aurreratuenak izango ditugu, gure bezeroei produktu eta zerbitzurik onenak eskaini ahal izateko”. Gainera, García Erauzkinek azpimarratu duenez, “aliantza hau bultzada garrantzitsua izango da gure herrialdearen industriarako eta euskal gizartean enplegua eta aberastasuna sortzeko”.

Vincent Rouaix GFIko presidenteak (edo José Echezarra zuzendari nagusiak) esan du aliantza honen bidez GFI Norte “erreferente bihurtzen dela Europan telekomunikazio-operadoreekiko zerbitzuei dagokienez. Euskalteleko langileen esperientzia eta ezagutza gehituta GFIren gaitasun teknologiko eta operatiboei, proiektu eta zerbitzu berriak lortuko ditugu, zalantzarik gabe, operadoreen Europako merkatuan. Hala, lan-aukera hobeak eskaini ahal izango ditugu, eta, batez ere, lanpostu kualifikatu gehiago sortu hemen, Euskadin. Gure lanbide-heziketako eskolen, unibertsitateen eta informatika eta telekomunikazioetako ingeniaritza teknikoen kalitate handiari esker, Euskadi leku ezin hobea da, zalantzarik gabe, helburu hori lortzeko. Langile kualifikatuak eta haiei lan-aukera gehiago eta hobeak eskaintzeko aukera izanda, inbertsio gehiago egin ditzakegu, eta, beraz, herrialderako aberastasun gehiago sor dezakegu”.

GFI Nortek esperientzia handia du, hamabost urte baino gehiago baitaramatza telekomunikazio-operadore nagusiei zerbitzua ematen; besteak beste, Euskalteli. Aliantza horrek bultzatu du GFI Europako hegoalderako Telco konpetentzia-zentro bihurtzera Bizkaiko Parke Teknologikoko egoitza. Horrek epe laburrean izango duen ondorioetako bat da enplegua sortzea: GFI Nortek urte-amaierarako 500 langile izatea aurreikusten da.

Sistema-zerbitzu esternalizatuaz gainera, bilakaera eta transformazio teknologikoko zenbait ekimen jarriko ditu martxan GFIk, zeinak lagungarri izango baitzaizkio Euskalteli laguntzeko bere negozio-prozesuak eraginkorrago bihurtzeko eta elkarrekin zenbait produktu eta zerbitzu berritzaile merkaturatzeko. Besteak beste, aipa litezke cloud (hodeiko) zerbitzuen eskaintzak, azpiegitura-arlokoa (Iaas), plataformakoa (PaaS) eta softwarekoa (SaaS); “gauzen Internet”en inguruko zerbitzuak, konektagarritasunari askoz balio handiagoa ematen diotenak; eta, zerbitzu eta produktu pertsonalizatuak emateko, bezeroengandik jasotzeko informazioa optimizatzea, “Big Data” irtenbideen bidez. Hori guztia, telekomunikazio-sektoreko eta beste alor batzuetako nazioarteko esperientzia zabal eta sendo batean oinarrituta.

Aliantza estrategikoak

Enpresa espezializatuekiko aliantzak egiteko politika erronka da Euskaltelentzat, eta abangoardiako irtenbideak eta teknologiak garatzeko motorra izango da, bere komunikazio-zerbitzuen eskaintza globala indartzeko, eta, hala, datozen urteetan lehiakideei aurre egiteko, gero eta lehiakorragoa eta gero eta globalizatuagoa den sektore batean.

Telekomunikazioen eta ITen sektoreak zeharkakoak dira, eta beste jarduera ekonomiko batzuen eragile. Enpresa-ehunaren hobekuntza eta lehiakortasuna bultzatzen dituzte. Euskadiko telekomunikazio-sektoreko enpresa liderra denez, Euskaltelek konpromisoa hartu du trakzio-jarduera egiteko, bai telekomunikazio-sektorean, bai Euskadiko gainerako ehun industrialean, sektoreko erreferentziako enpresak aliatu teknologiko gisa hartuta. Bi konpainien gaitasunak elkartuz, Euskaltelek eta GFIk bikaintasun teknologikoko zentroak sortzeko apustua egiten dute, gure herrian inbertsio berriak eta negozio-aukerak sortzeko.

Hitzarmenaren bidez, Europako hegoalde osorako erreferente bihurtuko da Zamudioko Telco Konpetentzia Zentroa. Handik, hainbat operadoreri ematen diete jada zerbitzua, esaterako, Vodafoneri (Espainia, Erresuma Batua, Alemania, Zeelanda Berria, Malta, etab.). Enpresaren hazkundeak gaitasun berriak sortuko ditu, EAEn negozio- eta enplegu-aukera berriak bultzatzeko, zerbitzu eta plataforma digital berriei lotuta.

Bi erakundeen arteko aliantza teknologikoari esker, Euskaltelek indartu egingo du telekomunikazio-zerbitzuen enabler (hornitzaile) izateko estrategia, CRM sistemak eta prozesuan kudeaketa garatuz produktu eta zerbitzu berrien merkaturatzea bultzatzeko eta bezeroen erabilera-esperientzia eta arreta hobetzeko.

Halaber, beren gaitasun eta baliabideak (komunikazio-azpiegitura, datu-zentroak, “expertise” funtzional eta teknikoa, produktuak) elkartzeko aukerak aztertuko dituzte GFIk eta Euskaltelek, cloud zerbitzuen eskaintzari lotutako negozio-lerro berriak garatzeko eta, hala, enpresa-beharrak asetzeko: kanal ugari izatea, e-business, mugikortasuna…