Euskalteleko langileek 3.948 euro eman dituzte haur-minbiziaren ikerketarako

Bizkaia

  • Biltzen den dirua euskal osasun-sistema publikoan ikerketa egiteko izango da, aurten EITBren Maratoian lortutakoari batuta.
  • Diru horrekin, BIO Eusko Fundazioak ikerketa-proiektuei laguntzeko deialdi bat egingo du, haur-minbizia ikertzeko ideia onenak hautatzeko balioko duena.
  • Gabonetan, hainbat ekimen egiten dituzte urtero Euskalteleko langileek. 2012an, egutegi solidario bat egin zuten, eta bazkari bat antolatu, gizarte-erakundeentzako diru-laguntza lortzeko.

Euskaltelek 3.948 euro eman ditu, Euskadin egiten den osasun-ikerketari laguntzeko. Iazko Gabonetan Euskalteleko langileek gauzatutako bi ekimen solidarioen bidez bildu zen diru hori. Batetik, Euskalteleko langileen argazkiekin Egutegi Solidario bat egin eta saldu zen, eta, bestetik, bazkari solidario bat egin zen, zeinetan jende askok hartu baitzuen parte.

Hirugarren urtez jarraian, Euskalteleko jende askok hartu zuen parte Egutegi Solidarioan. Taldeak osatu eta mozorrotu egin ziren, aurtengo gaia, zinema, aitzakia hartuta. Bazkari solidarioa, berriz, laugarren urtez egin zen. Aurreko urteetan bezala, Euskalteleko langileak mahaiaren bueltan eseri ziren Gabonak ospatzeko, eta, bide batez, beren laguntza ekonomikoa emateko.

Euskalteleko langileek helburu hori aukeratuta, indartu egin zen Euskaltelek, enpresa gisa, EITBren Maratoi Solidarioari emandako laguntza (haur-minbiziaren ikerketa zen maratoiaren gai nagusia). Beraz, euskal osasun-ikerketara bideratu zen laguntza guztia, bai Euskalteleko langileek barruko ekintzetan lortutako dirua, eta bai enpresak urtero-urtero EITBren Maratoi Solidarioari ematen dion laguntza.

Euskal osasun-ikerketaren izenean BIO Eusko Fundazioak jaso zuen laguntza. Fundazio horrek EITBren Maratoiarekin lan egiten du sorreratik bertatik; hartara, herritarrek emandako dirua ikerketa-proiektu zehatz bilakatzen da, eta ikerketa horietako emaitzak nazioarteko zientziaren aurrerapenei batzen zaizkie.  Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak sortu zuen fundazioa 2002an, euskal osasungintzan egiten den ikerketa koordinatu eta laguntzeko helburuarekin. Besteak beste, ikerketa-proiektuak eta ingurune bioteknologikoko beste talde batzuekin eratzen den lankidetza kudeatzen ditu, populazioaren osasunaren alde.

BIOEFeko I+G+Bko proiektuak koordinatzeko bulegoko arduradunak, Nuria Pascualek, jaso zuen diru-laguntza, Nerea Lupardo Euskaltelen Harreman Instituzionalen zuzendariaren eskutik. Nuriak azaldu zuen gure funtsak EITB Maratoian eskuratutakoei gehituko zaizkiela, helburu batekin: ikerketa egitea, haur-minbizia prebenitzeko, tratatzeko eta garaiz diagnostikatzeko.

BIO Eusko Fundazioarentzat, oso garrantzitsua da alor horretan aurrera egiten jarraitzea, eta, alderdi terapeutikoa eta kontrako erreakzioen prebentzioa lantzeaz gain, gaixoen eta haien ingurune soziofamiliarren arreta ere lantzea. “Ikerketa-lerro honen helburu nagusia da gero eta ume eta nerabe gehiagok gainditzea gaixotasuna, eta haiek ahalik eta bizi-kalitaterik onenarekin haztea eta integratzea (gizartean zein hezkuntza-alorrean). Funtsezkoa da denon sentsibilizazioa eta talde-lana; badakigu euskal herritarrak gure alde ditugula. Aurten,  EITBren Maratoiaren historiako diru-laguntzen errekorra gainditzea lortu da. Zientziaren lorpenak eta aurrerapenak ere guztiontzat izango dira, eta Euskaditik gero eta gehiago laguntzen dugu lorpen eta aurrerapen horiek errealitate bihur daitezen.

Nerea Lupardok, berriz, Euskalteleko langileok urtero kausa solidario bati laguntzeko antolatzen ditugun ekintzen berri eman zion, eta arbel-plaka bat eman zion, gure ekarpenaren oroigarri. Ekarpen txikia da ikuspuntu ekonomikotik, “baina Euskaltel osatzen dugun 553 lagunon keinu handi bat da, ilusioz betea. Enpresa teknologikook ere hurbileko sentitzen dugu herritarren osasuna eta bizi-kalitatea hobetzeko egiten den lana. Osasunaren dinamizazioko beste eragile bat gara, eta osasun-arloan egiten diren aurrerapenak zabaltzeko eta hedatzeko plataforma egokia” azaldu zuen.

Enpresa-kudeaketarako filosofia

Euskaltelek hainbat ekintza solidario antolatzen ditu bere langileen ekimenak sustatzeko eta laguntzeko. Izan ere, langile batzuek dagoeneko hartzen dute parte ekimen sozialetan. Aurreko urteetan, elkarte hauek jaso zuten langileen elkartasuna: Cáritas, Intervida fundazioa, Vicente Ferrer fundazioa, Comparte fundazioa eta Berrizko Mesedetako Misiolariak.

Enpresaren estrategiari jarraituz, arreta berezia eskaintzen die bere langileei Euskaltelek. Konpainiako gizon-emakumeak dira, Euskaltelentzat, bikaintasunera iristeko zutabe nagusietako bat. Horregatik, langileentzako jarduera-kopuru handia du, kultura korporatiboa eta langileen arteko harremanak bultzatzeko. Bi elementuak, ardura eta Euskaltelen pertsonak, konbinatzeari esker, iazko Gabonetako ekintzak bezalakoak sortzen dira.

Partekatu

Beste berri batzuk