Eusko Jaurlaritzak 10 milioi euro jarri ditu Makina-Erremintako renove plan berriarentzat

Bizkaia

Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak makina-erremintako Renove plan berria jarri du abian, 10 milioi euroko inbertsioa eginez. Bernabé Unda sailburuak gaur eman du berria, Barakaldoko BECen, Makina-Erremintaren Bienala inauguratu baino lehen.

SPRI sozietate publikoaren Administrazio Kontseiluak onartu du Renove plan berria, joan den asteko asteartean, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta berehala jarriko da martxan, hau da, datorren ostegunetik aurrera.

Euskadin kokatutako industria-sektoreko enpresa txiki eta ertainak izango dira diru-laguntzen onuradun, betiere baldintza jakin batzuk betetzen badituzte. Besteak beste, laguntzaren xede den makineria erosi berria Euskal Autonomia Erkidegoko lurraldean kokatu behar dute. Erositako makineriak zehaztapen jakin batzuk bete behar ditu. Esaterako, material solidoak (zura eta harria alde batera utzita) lantzeko erabili behar da, metalak lantzeko bereziki, hotzean eta harroketa edo deformazio bidez.

Makineria berria erosteko 90.000 euro inbertitu behar dira gutxienez (BEZa aparte utzita), eta laguntzaren zenbatekoa ondasunaren kostuaren % 15 izango da, enpresa bakoitzak gehienez 100.000 euro inberti ditzakeela aintzat hartuta.

Makina-erremintako Renove planak onura bikoitza dakarkio Euskadiko industria-sareari. Batetik, Euskadiko makina-erremintaren sektorea sustatzen du. Espainiako fabrikatzaile guztien % 80 bereganatzen du Euskadiko makina-erremintaren sektoreak, eta horrek erakusten digu zenbaterainoko garrantzia duten euskal enpresentzat eskaria pizteko plan horiek. Bestetik, makina-erremintaren berrikuntzak bultzatu egiten ditu enpresa erosleak beren produkzio-ekipamenduak modernizatzeko ahaleginean, eta enpresa horiek beren merkatuetan duten lehiakortasuna hobetzen du. Kontuan hartzekoa da sektore hori teknologia- eta berrikuntza-arlokoa dela, neurri handi batean.

Horren haritik, sailburuak erkidego mugakideei eta Industria, Turismo eta Merkataritza Ministerioari proposatu die antzeko Renove planak onar ditzaten.

Euskadin, horrelako programa bat abian jarri den bigarren aldia da hau. Joan den urtean, +Euskadi’09 neurrien esparruan, Eusko Jaurlaritzak 10 milioi euro jarri zituen makina-erremintaren Renove planarentzat, SPRIren bitartez. Balantzea oso ona izan zen. Izan ere, diru-laguntzaren euro bakoitzeko 5,7 euro fakturatu ziren (faktore biderkatzailea 5,7 izan zen, eta 57 milioiko fakturazioa eragin zen). 164 eragiketa egin ziren, eta, BEZari dagokionez, 9 milioi euro baino gehiago bildu ziren.

Eusko Jaurlaritzaren ustetan, jardun espezifiko horiek oso lagungarriak eta eraginkorrak dira euskal industria-sarea sustatzeko. Izan ere, makina-erreminta beharrezko baliabidetzat jotzen du Eusko Jaurlaritzak, Autonomia Erkidegoko industria txiki eta ertainetan produkzio-teknologia txertatzeko.

Partekatu

Beste berri batzuk