Eusko Jaurlaritzak 146.8 milioi bideratuko ditu 2016ko deialdietan euskal industrien I+Grako

Bizkaia

Bi urtetan % 18,24ko gehikuntza metatua izan du eta lau norgehiagoka programa hauen bitartez esleituko da: Hazitek, Elkartek, Berrikertu eta Emaitek Plus. I+Gko programen arkitektura berri bat egituratu da, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarearen (ZTBES) berrantolaketarekin bat etortzeko, eta Euskadiko enpresa-ehunaren ikerkuntza maila goratzeko, ekonomiaren lehiakortasunaren mesedetan. Berehala deituko dira programa horiek eta honako alderdi hauek sarituko dituzte: espezializazioa, merkatuarekiko gertutasuna eta ikerkuntza kooperatiboa enpresen eta ZTBESko eragileen artean. Tapia sailburuak adierazi duenez, industriaren lehiakortasuna nazioarteko testuinguruan finkatzeko, I+Garen eskualdaketa eta kalitate teknologikoa dira erronka nagusiak.

IMG_37871Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuak, Arantxa Tapiak, Ikerkuntza eta Garapen Teknologikoa babesteko eta euskal industria sendotzeko programen sorta aurkeztu du. Enpresek Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Euskal Sareko (ZTBES) eragileekin lankidetzan gauzatuko dituzten proiektu eta/edo zerbitzuak izango dira helburu hori lortzeko bitartekoak. Horiez gain, ikerketa estrategikoko ildoak eta ikertzaileen zeregina laguntzeko neurriak daude.

Teknologia, Berrikuntza eta Lehiakortasuneko sailburuorde Estibaliz Hernáez eta Teknologiako zuzendari Leire Bilbao zituela lagun, sailburuak azaldu du zeintzuk diren Euskadiko I+Garen erronka nagusiak eta zer testuingurutan dagoen alor hori ekainaren 23ko 109/2015 Dekretua, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarearen osaera arautzeko eta eguneratzekoa, indarrean jarri ostean. Orobat gaineratu du «Euskadik herrialde-estrategia bat duela I+Garen alorrean ekonomiaren eta gizartearen lehiakortasun-erronkei erantzuteko bultzagarri gisa».

146,8 milioi euro enpresa eta industria arloko I+Grako

Euskal industria laguntzera bideratutako I+G programak, enpresen eta ZTBESeko eragileen parte-hartzearekin garatuak, gutxi barru argitaratuko dira EHAAn, lau deialdi desberdinetan: Hazitek, Elkartek, Berrikertu eta Emaitek Plus.

Lau programa horietan bilduko da industriaren I+Grako laguntza guztia, 146.850.000 euro guztira, diru-laguntza itzulezinen bitartez: hau da, iaz baino % 9 gehiago esleitu da sail horretan, eta 2014tik % 18,24 izan da gehikuntza metatua.

Ekimen horietan gehitzekoak dira Industria 4.0 proiektuetara soil-soilik bideratutako laguntza-programa espezifikoak ere: 2.211.516 euroko zenbateko gehigarria. Laguntza sortu berriak direnez, aurreikusi da etorkizunean finkatzen joango direla, Euskadiko industria-ehunaren eskariaren eta premien arabera; hala, gaur, Basque Industry 4.0 estrategiaren esparruan industria aurreratuaren joera berriei erantzuteko aurkeztutako programen osagarri da neurri sorta berri hori.

Irakurten jarraitzeko

Partekatu

Beste berri batzuk