Eusko Jaurlaritzak 5,2 milioi euroko aurrekontua duten hiru programa berri abiaraziko ditu Industria 4.0 bultzatzeko

Araba

–      Jaurlaritzak Basque Industry 4.0, Industria Digitala eta Lankidetza Digitala programekin gauzatuko du fabrikazio aurreratuaren alde egin duen apustua, bide horretatik espezializazio adimenduna bultzatzeko

–      Eusko Jaurlaritzako Teknologia, Berrikuntza eta Lehiakortasun sailburuordeak, Estibaliz Hernaezek, esan du I+G-ko programak ere helburu berberarekin berbideratu dituztela.

–      Basque Industry 4.0 programaren kasuan, diru-laguntzak 300.000 eurorainokoak izango dira proiektuko. Basque Industry 4.0 programak “hornitzaile teknologikoen” Transferentzia Teknologikoko proiektuak bultzatzen ditu.

IMG_0127Eusko Jaurlaritzak hiru programa berri jarri ditu martxan “Basque Industry 4.0” Fabrikazio Aurreratuaren alde egin duen apustua gauzatzeko, eta programa horien helburua da elektronika, informazio eta komunikazio teknologiak (EIKTak) inplementatzea manufaktura arloko industrietan, ETEetan eta oro har enpresa-sarean, eta baita ere transferentzia teknologikoko proiektuak babestea. Hiru programa horiek (Basque Industry 4.0, Industria Digitala eta Lankidetza Digitala) 5,2 milioi euroko aurrekontua dute eta apirilaren 21etik daude zabalik, nahi duenak eskaerak egin ditzan www.spri.eus atarian, SPRI Taldearen web orrian (Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren menpeko enpresen garapenerako euskal agentzia).

Eusko Jaurlaritzako Teknologia, Berrikuntza eta Lehiakortasun sailburuorde Estibaliz Hernaezek azaldu duenez, programa horiek eta I+G-ri laguntzeko programetan eginiko aldaketak Eusko Jaurlaritzak Fabrikazio Aurreratuaren alde egin duen apustuaren frogarik argiena dira. Hemen Basque Industry 4.0 deitu zaio estrategia horri, iaz Euskadin egin zen izen bereko ekitaldian bultzatutako marka aprobetxatuz, zeinaren bitartez aplikatu baitira Euskadin RIS3 Espezializazio Adimendunari buruzko Europako zuzentarauak. Urriaren 14an egingo da ekitaldiaren bigarren edizioa.

Europa mailako erakundeek jarduera-ildo bat markatu dute Europa 2020 estrategiaren bitartez espezializazio adimenduna nagusi den herrialdeetako garapen ekonomikoa sustatzeko. Horrek esan nahi du eskualde, herrialde eta eremu ekonomiko bakoitzak hobeto egin behar duela lehendik ondo egiten duena eta instituzioek ondo dabiltzan sektore horietan garatzen diren ekimenak babestu behar dituztela.  Hala, Arantxa Tapia buru duen Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak diagnostikatu zuen Euskadin industria bultzatu behar dela gure indargune garrantzitsuena delako eta hiru lehentasunetan espezializatu beharra dagoela: Fabrikazio Aurreratua, Energia eta Bio-osasuna. Aipatzekoa da Europako Batzordeak zoriondu egin zuela Eusko Jaurlaritza espezializazio adimenduneko RIS3 estrategia azkar eta egoki bideratu eta aplikatu duelako.

Zentzu horretan, gaur hiru programa hauek aurkeztu dira: Basque Industry 4.0 programa (2,1 milioi euroko aurrekontuarekin); Industria Digitala programa (2,4 milioi euroko aurrekontuarekin);  eta Lankidetza Digitala programa (670.000 euroko aurrekontuarekin).

Basque Industry 4.0

Basque Industry 4.0 programaren helburua da babesa ematea “teknologi hornitzaileen” (esaterako Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sareko eragileen) teknologia manufakturako enpresa industrialei Transferitzeko Proiektuei, beti ere Fabrikazio Aurreratuari aplikaturiko EIKTen (Elektronikaren, Informazioaren eta Telekomunikazioen Teknologien) esparruan, demostrazio-balioa dutenean eta, hortaz, lagungarri direnean EIKTen arloko I+G-ko proiektuen emaitzak azkarrago merkaturatzeko.

2,1 milioi euroko aurrekontua du eta asmoa da 10-12 proiektu babestea 150.000-300.000 euro bitarteko laguntzekin. Ekimen handiak garatuko dituzten enpresei zuzendua dago: 200.000 bakarkako proiektuentzat eta 300.000 beste enpresa batzuekin lankidetzan garatutakoentzat. Gainera, jarduera industrialeko zentro bat izan beharko dute Euskadin. Bestalde, proiektuek lotura izan beharko dute arlo hauetakoren batekin: ziber-segurtasuna, cloud computing-a, big data, robotika, errealitate handitua, ikusmen artifiziala, sentsorika edota material metalikoen diseinu eta fabrikazio gehigarria.

Laguntzak diru-laguntza bezala emango dira; bakarkako proiektuetan, inbertsioetan eginiko gastuen %50 finantzatuko da eta lankidetzako proiektuetan, berriz, %60. Eskaerak aurkezteko epea maiatzaren 27an amaituko da.

Industria Digitala

Industria Digitala programaren helburua da EIKTak sartzea manufaktura sektoreko enpresa industrial txiki eta ertainetan (ETE industrialetan). 2,4 milioi euroko aurrekontua du, eta asmoa da ETE industrialetan EIKTak sartzea helburu duten 250-350 proiektu babestea; proiektu bakoitzak gehienez 20.000 euroko laguntza jasoko du. Manufaktura sektoreko ETEak izan behar dute,  jarduera industrialeko zentroa Euskadin eduki behar dute eta laguntzaren xede den ekintza ere Euskadin garatu beharko dute. Diruz lagundu daitezkeen proiektuak arlo hauetakoren batekoak izango dira: hornikuntza katearen kudeaketa, informazioaren kudeaketa integratua, bezeroekiko harremanak, produktuaren bizi zikloa, produkzio prozesua kontrolatzeko sistemak, prebentziozko mantenimenduaren kudeaketa edo produkzio prozesuarekin lotutako logistikaren kudeaketa.

Laguntza hauek ere diru-laguntza bezala emango dira; mikroenpresen eta enpresa txikien kasuan %50ekoak izango dira eta enpresa ertainen kasuan %30ekoak. Eskaerak aurkezteko epea irailaren 25ean amaituko da.

Landekitza Digitala

Lankidetza Digitala programaren helburua da euskal enpresa sarean EIKTak ezartzen laguntzea, enpresa edota profesionalen elkarteek bultzatutako lankidetza proiektuak sustatuz. 670.000 euroko aurrekontua du eta 50 proiektu babestea aurreikusten du, proiektu bakoitzak gehienez 33.000 euro jasoko dituelarik. Onuradunak ETEak izango dira eta gutxienez 10 elkartekide izan behar dituzte. Merkataritza sektorekoa bada, elkarteak gutxienez 30 kide barne hartu beharko ditu. Diruz lagundu daitezkeen proiektuen artean daude EIKTak ezartzeko diagnostikoak eta planak egitea eta, besteak beste, aplikazio informatikoak garatzea.

Laguntza hauek ere diru-laguntza bezala emango dira eta %50ekoak izango dira, baina %75eraino ere iritsi daitezke. Eskaerak aurkezteko epea urriaren 30ean amaituko da.

Partekatu

Beste berri batzuk