Eusko Jaurlaritzak bere politika industriala azalduko du Txileko Biobío eskualdean

Gipuzkoa

–      Urriaren 7 eta 8an SPRIk Biobío eskualdeko “Feria de la Innovación 2014” jardunaldian parte hartuko du Txileren gonbidapena onartu ondoren.

–      Euskal erakundeak Innova Bio Bio eskualde mailako agentziarekin kolaboratzen du Eskualdeko Berrikuntza Estrategia garatzen laguntzeko.

–      Prozesuan zehar diagnostikoa egin zaie 150 ETEri; horietatik 30ek gogoeta estrategikoko prozesu bat egin dute eta 10ek dagoeneko garatu dute beren berrikuntza plana.

Urriaren 7an eta 8an Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak Txileko Biobío eskualdeko “Feria de la Innovación 2014” jardunaldian parte hartuko du, eta Aitor Cobanerak, SPRIko Teknologia eta Berrikuntza zuzendariak, Jaurlaritzaren politika industriala azalduko du.

Bi administrazioek ezagutza transferitzeko prozesu bat burutu dute Eskualdeko Berrikuntza Estrategia bat definitu eta hedatzeko, eta prozesu hori beren garapen agentzien bidez gauzatu dute: Innova Bio Bio (produktibitate ekonomikoaren arloan Txileko bigarren eskualdearen barruan dagoena) eta SPRI, Euskadiko Garapen Agentzia. Lankidetza horrek sortutako harremanaren harira iritsi da orain ekitaldian parte hartzeko gonbidapena.

EAEko ordezkariak Berrikuntzaren Astera gonbidatzeak helburu bikoitza du. Batetik, ekitaldi publiko batean itxi eta aurkeztuko dituzte berrikuntza eta lehiakortasun arloetako ezagutza transferitzeko proiektuaren emaitzak, zeina eskualde mailako agintariek sinatu baitzuten 2012ko azaroan. Bestetik, eta gonbidapenari erantzunez, Eusko Jaurlaritzak bere politika industriala azalduko du urriaren 8an “Feria de Innovación 2014” ekitaldian, SPRIko Teknologia eta Berrikuntza zuzendari Aitor Cobaneraren eskutik.

Marko horretatik kanpo hilaren 6an eta 9an beste bi topaketa egingo dituzte Santiago Metropoli Eskualdean, alegia Txileko lehenengo eskualdean produktibitate ekonomikoaren arloan. CORFO, Corporación de Fomento de la Producción izeneko Txileko garapen agentziarekin eta CONICYT, Comisión Nacional de Investigación Científica y Tecnológica batzordearekin elkartuko dira, eta bilera horietan laguntzaile eta partaide izango dute Rafael Kutz, Euskadik Txilen, Perun eta Kolonbian duen ordezkaria.

Jakintzaren transferentzia

SPRIk Eskualdeko Berrikuntza Estrategia bat definitzen eta hedatzen laguntzen du Andeetako Biobío eskualdean, nazioartean zabalduz euskal enpresa-sareak lehiakortasuna eta berrikuntza sustatzen metatu duen esperientzia guztia. Izan ere, Euskadin ekintza ugari egiten dira, eta gaur egun Innobideak Estrategiaren garapenean islatzen da lan hori guztia, zeinak enpresei laguntzeko programak integratzen baititu: Innobideak-Lehiabide, Innobideak-Kudeabide, eta zuzendaritza-karguen prestakuntza ere bai Innobideak-Prestakuntza programaren bidez.

Lehiakortasunaren eta berrikuntzaren sustapenean oinarritutako neurrira eginiko esku-hartze programa bat definitu eta aplikatu ondoren, Andeetako eskualdea, SPRIren laguntzarekin, gai izan da bere enpresa-sarearen eraldaketa prozesua hasteko baldintzak eta ekintza plana sortzeko.

Azken bi urteotan SPRIk proiektua definitzeko eta hedatzeko prozesuaren mugarri guztiak monitorizatu ditu, eta tokiko 150 ETE aukeratu ditu diagnostikoak egiteko. Horietatik 30etan gogoeta estrategikoko prozesuak garatu dituzte eta 10 ETE aurreratuenek dagoeneko gauzatu dituzte beren berrikuntza planak.

Proiektua fase berri batean dago orain, alegia, prozesua amaitzea lortu duten Txileko 10 enpresa horietako berrikuntza-taldeek hainbeste igurikatutako fasean. Izan ere, irailaren 22ko astean Euskadirako enpresa misio bat antolatu da, eta Txileko enpresek aukera izango dute beren kudeaketa aurreratu bikainagatik aukeratuak izan diren hainbat euskal enpresa bisitatzeko.

Berrikuntzaren Astea Biobíon

Txileko Biobío eskualdea “Innova Biobío portafolios de innovación” programaren hedapenean murgilduta dago, zeinaren helburua baita berrikuntza agendak sustatzea eskualderako estrategikoak diren produkzio sektoreetako enpresa garrantzitsuenetan, bide horretatik, berrikuntza proposamenen portafolio bat sortzeko.

Biobíoko Berrikuntzaren Astea eta haren markoan egingo diren ekitaldi guztiak Eskualdeko Berrikuntza Estrategia definitzeko proiektuaren hedapen fasearen emaitza dira, plan horren jarduera ardatzetako bat baita Biobío eskualdeko enpresa-sarean lankidetza eta elkartegintza bideratzea. Hala, ahalegin horri buru emateko “Feria de Innovación 2014” urteroko ekitaldia egingo da, zeina topagune izango baita ETEentzat eta berrikuntza agenteentzat, eta helburutzat izango baitu berrikuntza arloko jakintza hedatzea eta sistemako eragile guztien arteko lankidetza sustatzea.

Partekatu

Beste berri batzuk