Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak eta Elhuyar Fundazioak, bigarren urtez jarraian, Zientzia Udalekuak ekimena garatuko dute

Bizkaia

• BTEK Teknologiaren Interpretazio Zentroan egin zen Zientzia Udalekuak ekimenaren aurkezpena

• Izena emateko epea apirilaren 4tik 15era izango da, eta 150 haur eta gaztek parte hartu ahal izango dute

Bigarren urtez, gazteek Zientzia Udalekuez gozatzeko aukera izango dute. Zientzia Udalekuak ekimena Elhuyar Fundazioak antolatzen du Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak lagunduta.

Ekimen hau aurkezteko bildu ziren martxoaren 30ean Isabel Celaá, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburua eta Itziar Nogeras, Elhuyar Fundazioko zuzendari nagusia. Aurten, bigarren urtez jarraian, DBHko 150 ikaslek Zientzia Udalekuak ekimenean parte hartu ahal izango dute. Zientzia-udalekuen helburua da gazteek ondo pasatzea eta zientziarekiko jakin-mina piztea.

Zientzia-udalekuetan, gazteek zientzia-ekintzak eta -tailerrak uztartuko dituzte. Astebeteko hiru txandatan banatuko dira 150 gazteak, eta, txanda bakoitzean, 50 gaztek parte hartuko dute. Lehenengo bi txandetan, 12 eta 14 urte bitarteko gazteek jardungo dute (1998. edo 1999. urtean jaiotakoek), eta, hirugarren txandan, 14 eta 16 urte bitartekoek (1996. edo 1997. urtean jaiotakoek).

Zientzia Udalekuak Oiartzungo Aiako Harriko Parke Naturalean dagoen Arritxulo aterpetxean egingo dira. Aterpetxeak Aiako Harria du iparralderantz, eta Bianditzeko basoak, hegoalderantz; lau gela, jangela, eskalada-instalazioak, ikus-entzunezkoetarako bilera-gela eta akanpalekuak ere baditu.

Astebeteko egonaldi honetan, bi irteera egingo dituzte gazteek, zientzia-esperimentuak eginez ikasteko, natura ezagutzeko ekintzekin gozatzeko, urarekin jolasteko eta beste abentura batzuk bizitzeko. Iazko ekimenean parte hartu zuten 150 gazteak oso gustura ibili ziren.

Isabel Celaák aurkezpenean azpimarratu zuen ingurumen-, medikuntza- edo ekonomia-arloko gaiak ulertu ahal izateko alfabetatze zientifiko egokia eman behar duela eskolak. Gainera adierazi zuen gazteen artean zientzia-gaiekiko bokazioa piztea dela Hezkuntza Sailaren helburuetako bat .

Bestalde, Itziar Nogerasek, Elhuyar Fundazioko zuzendari nagusiak agente desberdinen arteko elkarlanaren garrantzia azpimarratu zuen, eta elkarlan horren adierazle garbia dira Zientzia Udalekuak. Ekimen honen aurkezpena BTEK Teknologiaren Interpretazio Zentroan egin zen, eta Elhuyar Fundazioko zuzendari nagusiak berariaz aipatu zuen tokia oso aproposa dela, gazteei teknologia era entretenigarrian hurbiltzea baita BTEK interpretazio-zentroaren helburua. Gainera, Zientzia Udalekuak Elhuyarren ildo estrategikoarekin bat datorren proiektu bat dela adierazi zuen: Elhuyar Fundazioaren helburu nagusiak dira euskal gizarteari, orokorrean, eta haur eta gazteei, bereziki, zientzia eta teknologia hurbiltzea eta gai horiekiko jakin-mina sortzea. Biek, bai Isabel Celaák bai Itziar Nogerasek, iazko Zientzia Udalekuen oso balantze positiboa egin zuten.

Izena emateko epea apirilaren 4tik 15era izango da.

Lehen txanda: Uztailaren 4tik 10era – Jaiotza urtea 1998 edo 1999 – Gazte kopurua 50

Bigarren txanda: Uztailaren 11tik 17ra – Jaiotza urtea 1998 edo 1999 – Gazte kopurua 50

Hirugarren txanda: Uztailaren 18tik 24ra – Jaiotza urtea 1996 edo 1997 – Gazte kopurua 50

Tokiak zozkatu egingo dira izena ematen duten guztien artean. Izena emateko, sartu http://udalekuak.elhuyar.org webgunean. Informazio gehiago lortzeko, deitu 943 36 30 40 telefono-zenbakira (ordutegia: 9:00-14:00) edo sartu http://udalekuak.elhuyar.org webgunean.

Partekatu

Beste berri batzuk