Eusko Jaurlaritzaren eta Gobernu Zentralaren arteko berrikuntza hitzarmenak 644 lanpostu sortu ditu 2010 eta 2012 bitartean
Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak izenpetu duten 150 milioi euroko kreditu bati esker, 27 proiektuk 527,5 milioi euro inbertitu ahal izango dituzte berrikuntza zientifiko-teknologikoan. Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailaren menpeko SPRI taldeak kudeatuko du diru hori.
Eusko Jaurlaritza eta Gobernu Zentrala duela gutxi batzartu dira, Zientzia eta Berrikuntza Ministerioak eta Finantzen Euskal Institutuak (Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun Sailaren menpeko erakunde publikoak) 2010eko maiatzean sinatu zuten hitzarmenaren garapena ebaluatzeko. Hitzarmen horren bidez 150 milioi euroko kreditua bideratu zen 2010-2012 ekitaldian inbertsio zientifiko-teknologikoak egiteko Euskadin. Bi administrazioek argi utzi dute ekimenak arrakasta izan duela, besteak beste, 644 enplegu berri sortuko direlako. Kreditu honi esker 27 proiektuk 527,5 milioi euroko inbertsioa egin ahalko dute.
Madrilen eginiko topaketa horretan, kredituak lortu dituzten proiektu guztiak aztertu dituzte, euskal ekonomiarentzat estrategikotzat jotzen diren ekimenak denak ere. Onuradunak izan dira, zehazki, 15 enpresa estrategiko, zazpi proiektu berezi eta EAEko hiru teknologi parkeak, eta badaude ia amaituta dauden hainbat ekimen, hala nola BIAL, Basque Culinary Center, Mondragon Unibertsitatea eta ia %100eko exekuzio gradua duten beste zenbait, esaterako Eibarko Tekniker Fundazioa.
27 dira inbertsio zientifiko-teknologikoak egiteko planaren proiektu onuradunak, eta horietako gehienak martxan daude jada. 27 horietatik hiru euskal Sareko teknologi parkeei dagozkie, zeintzuek 17,1 milioi euroko kreditua jaso eta 34,2 euroko inbertsioa eragingo baitute; zazpi proiektu berezientzat izango dira, 28,2 milioi jasoko dituzte eta 56,56 milioiko inbertsioa eragingo dute; eta beste 17 proiektu estrategikoentzat (15 enpresei dagozkie). Azken horiek 104,6 milioi euroko kreditua jasoko dute eta urtearen amaieran 436,8 milioi euroko inbertsio erreala eragingo dute.
Hitzarmen markoaren onuradun diren enpresak sektore desberdinetakoak dira, hasi linea zuritik eta informazio teknologia berrietaraino, energiatik, industriatik eta bioteknologiatik pasatuz. Bestalde, proiektu berezien artean sartzen dira udalerri mailako proiekturen bat, prestakuntza teknologikoko kooperatibak eta ikerketa zentroak.
2010eko maiatzean bi gobernuek hitzarmen bat sinatu zuten 2010-2012 epealdian enpresa berrikuntzako jarduerak finantzatzeko. Eta guztira 150 milioi euroko kredituak emango dira horretarako. Kredituen baldintzak abantailatsuak dira: interes tasa %1,232koa da, printzipalaren eta interesaren 5 urteko gabealdiarekin eta dirua itzultzeko 10 urteko epearekin.
Bi administrazioek elkarrekin eta modu koordinatuan bultzatu dituzte beren berrikuntza arloko ekintzak. Helburua da enpresen berrikuntza sustatzea, maila handiagoa lor dezatela jakintzan sakondu dezaten eta, bide horretatik, beren lehiakortasuna handitzea.
Hitzarmenean jasota dago berrikuntzako zein ekintza programak eskuratu ditzaketen kreditu horiek. SPRI Taldeak, hots, enpresa sareari laguntzen dion Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Saileko sozietate publikoen multzoak kudeatu dituen programa horien helburu nagusia da euskal enpresa-sareari laguntzea hiru ekintza ildori jarraiki.
Lehenik, Teknologi Parkeen Euskal Sareko azpiegitura zientifiko-teknologikoak sustatuko dira. Bigarrenik, proiektu bereziak ere babestuko dira. Eta, azkenik, kredituak enpresa estrategikoei laguntzeko ere baliatuko dira.
Aipatzekoa da hitzarmenaren Jarraipen Batzordea zortzi kidez eta paritarioki osatuta dagoela; lauk Zientzia eta Berrikuntza Ministerioa ordezkatzen dute eta beste laurak Finantzen Euskal Erakundeko presidenteak izendatuak