“Financial Times” egunkariak zibersegurtasunaren elitean dauden startupen artean kokatu du HDIV SECURITY
Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkean du egoitza nagusia donostiar enpresa horrek, eta 2020. urte honetako startup garrantzitsuenen artean nabarmendu du munduko egunkari ekonomiko nagusiak
2016an sortu zuten, eta ordutik, etengabe hazi da HDIV SECURITY; horrela, mundu mailan zibersegurtasunaren elitean egotera iritsi da.
Miramonen du egoitza nagusia, eta 20 langile ditu; lau urte baino gutxiagoan, banku iparramerikar handietako batzuk eta Amerikako Estatu Batuetako bi agentzia federal bere bezero izatea lortu du.
Baina bere merkatua ez da Ipar Amerikara bakarrik mugatzen; lau urteotan, bezero-sorta garrantzitsua lortu du hainbat herrialdetan, hala nola Erresuma Batuan, Txinan, Italian eta Frantzian.
Negozio-itxaropen ezin hobeak ditu, bada, eta gaur egun, software segurtasun-teknologia oneneko munduko hamar fabrikatzaileetako bat da, eta badirudi geldiezineko bilakaera izango duela. Enpresaren aurreikuspenen arabera, langile kopurua hogeita hamar laguneraino handituko du aurten, baina 2022rako ehun langileko plantillara iristeko helburuarekin, geldiezina baitirudi Miramonetik nazioarte mailarako bere hedapena, batez ere bankuen eta retailen sektoreetan, oraingoz. Izan ere, oso irekita aurkezten zaio merkatua enpresa honi, edozein enpresak sufri baitezake ziber-erasoren bat.