Funtzionatzen al dute iragarpen-ereduek klima-aldaketak arrainen ugaritasunean nola eragingo duen kalkulatzeko?
AZTI zentro teknologikoak nazioarteko ikerketa batean parte hartu du, beroketa globaleko eszenatokien egungo arrantza aurreikuspen ereduen fidagarritasuna ezagutzeko
Ikerketaren ondorio nagusia da itsas arrain-espezie komertzialetan klima-aldaketaren inpaktuak proiektatzeko ereduak fidagarriak direla joera orokorren azterketan, baina mugak dituztela azterketaren fokua eremu jakin bateko espezie batera mugatzen denean
Global Change Biology aldizkari ospetsuak argitaratu du ikerketa, eta Europa eta Kanadako modelatzaile eta ikertzaile talde batek parte hartu du
Mundu fisikoak eta biologikoak klima-aldaketari nola erantzuten dion ulertzea da zientziak aurre egin beharreko erronka handienetako bat. Baina, alterazio atmosferikoen aurrean espezieen bilakaera zehaztasunez ebaluatu ahal izateko, fidagarritasun ezaguneko simulazio-tresnak eduki behar dira.
Testuinguru horretan, AZTI zentro teknologikoak Global Change Biology aldizkari ospetsuan argitaratutako azterlan bat koordinatu du. Azterlan honetan, arrainen ugaritasunean eta banaketa geografikoan – simulazio-ereduen bidez – klima-aldaketaren ereduen proiekzioak alderatu dira, ipar-ekialdeko Atlantikoan egindako kanpaina ozeanografikoetan lortutako datu errealekin.
“Jakin nahi genuen ea gaur egungo arrantza-aurreikuspeneko ereduak funtzionatzen ari diren klima-aldaketaren eraginpean. Haien fidagarritasuna egiaztatu eta hobeto ulertu nahi genuen jakiteko noraino fida daitekeen metodo horietan eta, handik abiatuz, ondorio zientifikoak eta arrantzaren kudeaketari buruzkoak ateratzeko”,Josean Fernandes AZTIko Arrantza Kudeaketa Iraunkorreko adituaren arabera.
Begirada globala vs foku espezifikoa
Ikerketaren ondorio nagusiek erakusten dute ereduak fidagarriak direla joera orokorrak aztertu nahi direnean, eta, beraz, klima-aldaketaren eraginpean proiektatu daitezkeela. Hala ere, mugak dituzte analisia espezie edo eremu jakin batera mugatzen denean.
“Emaitzak aztertzen diren eskala zenbat eta handiagoa izan, orduan eta bat datoz eredu ekosistemikoak eta kanpaina ozeanografikoetako datuak. Emaitzak ere hobetu egiten dira guztirako harrapaketei dagokienez, ez, ordea, banakako espeziei dagokienez “, adierazi du AZTIko adituak. “Azterketaren emaitzak erabil daitezke arrantza-antolamendua eskala espazial handiagoetara bideratzeko, baina zuhurragoak izan behar dira eskala txikiagoetan. Hau da, eredu horiek espezie edo eremu txiki batean aplikatzeko, ereduen gaitasunaren azterketa zehatza egin beharko da tokian-tokian “, gaineratu du.
Lan honetan Europa eta Kanadako modelatzaile eta ikertzaile talde batek parte hartu du, AZTIrekin batera: Plymouth Marine Laboratory, University of Exeter, University of Bern, National Oceanography Centre of Southampton, Euro-Mediterranean Center on Climate Change eta University of British Columbia. Proiektua 7 urtez luzatu da, eta etorkizuneko ikerketetarako ereduak hobetu beharko liratekeen gaiak nabarmentzen ditu.
“Pentsamoldea aldatzeko garaia ote den ere zalantzan jartzen du gure ikerketak, eta, bai zientzian, bai gizartean, arintze- eta egokitze-ekintzetan jarri behar da arreta, balizko ondorioak kalkulatu eta zalantzan jarri beharrean”, arrazoitu du Fernandesek.
Europako eta nazioko hainbat ikerketa-proiektuk bultzatutako azterlan hori garatzeko, taldeak zortzi eredu biogeokimiko eguneratu erabili zituen, klima-aldaketak Ipar Ekialdeko Atlantikoko baldintza fisiko, kimiko, geografiko eta biologikoetan (tenperatura, nutrienteak eta planktona barne) nola eragingo zuen deskribatzen dutenak. Eta ingurumen-baldintzen aldaketa horiek nola eragiten duten merkataritza-arrainen espezieen banaketen, ugaritasunen eta biomasen aldaketen proiekzioak, hainbat eskala espazialetan.
Dokumentua hemen egongo da eskuragarri: https://www.doi.org/10.1111/gcb.15081