Gaiker-IK4 zentroak jardunaldia antolatu du trenbide-sektorean erabiltzen diren material plastikoek suaren aurrean duten portaera jorratzeko

Bizkaia

  • Suteren bat gertatuz gero, material plastikoen segurtasuna hobetzeko helburuarekin legerian egin berri diren aldaketen ondorioz, topaketak berebiziko interesa du trenbide-industriarentzat.

Laboratorio Gaiker-IK4Iragan martxoan argitaratu zen EN 45545 arau europarra, trenbide-sektorean erabiltzen diren suaren aurkako barrera-materialek, ekipamendu elektrikoak eta instalazioek suaren aurrean duten portaera arautzen duena. CEN TS 45545:2009 arau nazionala ordezkatzen du eta horren aurrean gailenduko da gatazka kasuetan, 2016ko martxoan ofizialki indargabetzen den arte. Legegintza-testuinguru horretan, trenbide-sektorearentzako produktuen fabrikatzaileek bermatu behar dute euren produktuek suaren aurrean duten portaerak legeria berriari egokitzen zaiola. Ondorioz, manufakturako enpresek jada fabrikatzen dituzten produktuak egokitu eta hobetu ez ezik, beste produktu berri batzuk garatzeko ikerketak ere gauzatu behar dituzte, indarrean dauden lege-eskakizunekin bat etorriz.

Hori dela-eta,GAIKER-IK4 Zentro Teknologikoak –plastiko eta konpositeekin loturiko I+G+Ban eta material horiek suaren aurrean duten portaeran espezialista– jardunaldia antolatu du datorren otsailaren 13rako. Bertan, hainbat ikuspuntutatik aztertuko dira trenbide-sektorearentzako arau berri hori aplikatzearen ondoriozko inplikazioak; bereziki, aipatu sektorean erabiltzen diren produktu plastikoek suaren aurrean duten portaerarekin erlazionatutako inplikazioak.

Trenbide-sektorearen erronka

Material plastikoak eta konpositeak, berez, oso eskatuak eta estimatuak dira trenbide-industrian, besteren artean ezaugarri mekaniko onak dituztelako pisu, diseinu- eta kolorazio-moldakortasun, prozesatzeko erraztasun, iraunkortasun handi eta aurkako inguruneekiko erresistentziari dagokienez. Halere, suaren aurren duten portaeraren ondorioz, ez dira egokiak aplikazio batzuetarako. Hortaz, trenbide-sektorean erabiliko den material plastiko batek sukoitasun, errekortasun eta sugarraren propagazio              baxuak izan behar ditu, eta errekuntzan edo degradazioan sortzen diren keek eta isurtzen diren gasek dentsitate eta toxikotasun baxukoak izan behar dute. Izan ere, arau berriaren ondorioz baldintzok zorroztu dira.

GAIKER-IK4 zentroak antolatu duen jardunaldiaren helburuak hauek dira, hain zuzen ere:

  • EN 45545 arau berrian ezarritako baldintzak aztertzea, bai eta arauak promulgatzen dituen aldaketen garrantzia eta horiek epe labur eta ertainean trenbide-sektorean izango dituzten inplikazioak ere.
  • Trenbide-ibilgailuak diseinatzeko fasean kontuan hartu beharreko baldintzak aztertzea; hau da, suaren aurrean duten portaera eta kontrola.
  • Tren-fabrikatzaileen, pieza-fabrikatzaileen, “giltza eskuan” ingeniaritzek, I+G+B zentroen, erakunde jakinarazleen eta amaierako erabiltzaileen esperientziak komunean jartzea.

Trenbide-sektorerako produktuak (eserlekuak, horma, sabai eta zoruetarako estaldurak, material isolatzaile termoakustikoak, aparatu elektriko zein elektronikoak, kableak, beirak, suaren aurkako barrerak, ateak, etab.) fabrikatzen dituzten enpresentzat eta diseinu nahiz fabrikazio prozesuetan engaiatutako erakundeentzat (tren-fabrikatzaileak, “giltza eskuan” ingeniaritzak, aholkularitzak, ikuskaritza-erakundeak, etab) antolatu den jardueran hainbat hizlari egongo dira. Besteak beste CAF, PATENTES TALGO, S.L.U., CETREN, COLWAY FERROVIARIA, S.L. eta GAIKER-IK4 bera ere parte hartuko dute. Azken finean, 2013ko martxotik indarrean dagoen legeria europarrak trenbide-sektoreari planteatzen dion erronka berrian sakontzea da asmoa.

Partekatu

Beste berri batzuk