Gamesako akziodunen Batzar Nagusia, Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkean

Bizkaia

–       Ignacio Martín, konpainiako presidentea: “Egun, Gamesa prest dago erronka berriei aurre egiteko”

junta de accionistas 009Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkeko auditoriumean, Gamesak bere akziodunen Batzar Nagusia egin du gaur, bigarren deialdian. Bertan, 2014ko kontuak ez ezik, konpainiak ekitaldian gauzatutako kudeaketa ere onetsi da.

Gamesako presidente Ignacio Martínek 2014ko emaitzak birpasatu ditu. “Oso ekitaldi positiboa” izan da; ezarritako helburu guztiak bete dira, bai salmenten hazkundeari bai balantzearen errentagarritasunari eta indartzeari dagokienez. Gainera, “2015eko lehen hiruhilekoaren emaitzek –jarraitu du– joera finkatu dute, hazkunde errentagarriaren bidea berretsi delako”.

Martínen hitzetan, “Konpainiarentzat urte zailak izan badira ere, egoera gainditu dugu eta etapa berri bati ekingo diogu. Gamesa, gaur egun, enpresa handiagoa da, dibertsifikatuagoa, eraginkorragoa, malguagoa eta errentagarriagoa. Sendotasun finantzario handiagoa du, baita kultura indartsuagoa ere. Erronka berriei aurre egiteko prest gaude orain”, azaldu du.

Gamesako presidenteak azpimarratu duenez, kudeaketaren giltzarrietako bat posizionamendu komertzial egokia da. Izan ere, merkatu-kuotaren arabera, taldea aurreneko fabrikatzailea da Indian eta Mexikon; Brasilen bigarrena, eta lehenengo bosten artean dago Estatu Batuetan eta Europako hainbat herrialdetan.

Era berean, konpainiak ahaleginak egin ditu gastu finkoei eutsi eta prozesuak geroz eta gehiago optimizatzeko. Hala, “lortutako oreka-puntuak aukera emango digu mozkinak edukitzeko, eskaria murrizten den kasuetan ere bai”.

Gamesaren bilakaera positiboa konpainiaren akzioetan islatu da, Negozio Plana 2012an abiarazi zenetik %1.000 errebalorizatu baitira, akzioko 12 euro baino gehiagoko balioa lortu arte 2015eko aurreneko hilabeteetan. Bestalde, “Martxa onari esker, ordainsari-politika berriro ezarri ahal izan dugu eta akziodunei dibidenduak ematen dizkiegu. 2014ko mozkin garbi kontsolidatuaren gaineko ehunekoa %25ekoa izan zen, hain zuzen”. Aipatutako ekimena gaur onetsi dute Batzar Nagusian.

Konpainiaren garapen organikoaz gain, Gamesako presidenteak Adwen joint venture-a aipatu du, Arevarekin batera eratu baita offshore-negozioa garatzeko. “Ziur nago aliantzak hazkunde errentagarria ekarriko duela, gure ohiko negozioaren osagarri, eta konpainiarentzat garrantzitsuak diren sinergiak sortuko dituela”, azpimarratu du.

Martínek gogoratu duenez, datorren ekainaren 16an konpainiak 2015-2017 epealdirako Negozio Plana aurkeztuko du merkatuaren aurrean. “Horrela, etapa berri bati ekingo dio Gamesak: era errentagarrian hazten jarraitzea izango dugu helburu, gure stakeholder edo interes-talde guztientzako balioa modu iraunkorrean sortzen jarraitzeko”.

 

Partekatu

Beste berri batzuk