Gibel koipetsuaren gaixotasuna diagnostikatzeko aurreneko test ez-inbaditzaileak bi patente lortu ditu AEBetan
Diagnosi-testak egoki sailkatzen ditu gaitza pairatzen duten gaixoen % 94, eta Owl euskal enpresak merkaturatzen du jada, Owl Liver izenarekin.
Enpresa, udazkenean, Brasilgo eta Mexikoko merkatuetan testa komertzializatzen hasiko da, eta dagoeneko akordioa sinatu du AEBko Virginiako Unibertsitatearekin.
Owl-eko CEO Pablo Ortizen ustez, “Zehaztasun diagnostikorik handiena duen test ez-inbaditzailea da”.
EHGNA gaitz progresiboa da, gantz-metaketa soiletik (esteatosi), esteatohepatitis ez-alkoholiko edo NASH (gantzaren ingurua handitzea) bitartekoa izan daitekeena. Gibel koipetsu ez-alkoholikoa gaixotasun hepatikorik ohikoena da Europan eta Estatu Batuetan, eta geroz eta kasu gehiago daude munduko beste leku batzuetan, hala nola, Asian eta Indian.
Mendebaldean, esteatosia eta NASH pairatzen duten helduen kopurua, % 30 eta % 3 ingurukoa da, hurrenez hurren. EHGNAren aldirik larriena da NASH; izan ere, NASH dutenen % 20k zirrosia garatzen dute handik eta 10 urtera, eta pazienteen laurdenek, azkenean, kartzinoma hepatozelularra edo CHC (gibeleko minbizia) garatzen dute, gutxi gorabehera, 10 urteko epean.
bioGUNE IKZko ikertzaileek, OWLekin, CIBERehd-ekin eta Espainiako, Frantziako eta Estatu Batuetako hamaika ospitale zein ikerketa-zentrorekin lankidetzan, oinarri metabolomikoko lehen test serikoa garatu zuten 2012an, aipatutako gaixotasunaren diagnosi ez-inbaditzailea egiteko. OWL euskal enpresa jada hasi da testa merkaturatzen, Owl Liver izenarekin. Testak egoki tipifikatzen du gaitza pazienteen % 94an.
Owl Liverrek bi patente eskuratu ditu jada AEBn, eta, laster, Brasilgo eta Mexikoko merkatuei ekingo die (urte amaieran aurreikusten da azken horretan sartzea). Horretarako, hitzarmenak adostu ditu Das Clínicas (Sao Paulo) eta Médica Sur (Mexiko Hiria) ospitaleekin.
Owleko CEO Pablo Ortizen aburuz, “Zehaztasun diagnostikorik handiena duen test ez-inbaditzailea da Owl Liver”. “AEBetan, markatzaile horiengatik bi patente eskuratu izanak gure produktuaren esklusibotasuna finkatzen du merkatu amerikarrean, eta AEBetan produktua garatzen lagunduko digun lizentziatarioa bilatzeko aukera ematen digu”, gehitu du.
Zentzu horretan, euskal enpresak akordioa sinatu du Virginiako Unibertsitatearekin. Horren bidez, Owlek eskuratu ahal izan ditu munduan erreferentea den ikertzaile baten –Arun Sanyal doktorea, NASH batzordearen presidentea FDAn– paziente amerikarren laginak. “Lan horrek baieztatu egin digu baliozkotze-entseguetan aurkitu ditugun markatzaileak gakoa direla”, adierazi du Ortizek.
“Nazioarteko eskarmentua ez ezik, Bartzelonako Klinikoan eta Euskadiko ospitale-sarean ere esperientzia eskuratzen ari gara. Izan ere, NASH izateko susmoa duten pazienteei jarraipena egitea xede duen ikerketan parte hartu du Euskadiko ospitale-sareak, eta, bertan gizarte-segurantzako hepatologoek testa agindu dezakete. Horren guztiaren ondorioz, testak leku pribilegiatua du hepatologia hispanoamerikarrean”, dio Pablo Ortizek.
“Baina, dudarik gabe, produktuaren salmentak biderkatu egingo dira, merkatura gerturatzen ari diren produktuen garapenerako erabiliz gero. Horri dagokionez, produktuen garapen klinikoan aurreratuen dauden 5 konpainien artean, hirurekin negoziatzen ari gara. Konpainia horietako batekin edo batzuekin hitzarmena adosten badugu, salmentek hazkunde esponentziala izan ahalko lukete”, ondorioztatu du Owleko CEOak.
NASHaren diagnosia
NASHaren diagnosia histologikoki egin ohi izan da, eta gibelaren biopsia behar du. Biopsia hepatikoa prozedura inbaditzaile eta subjektiboa izateaz gain, konplikazioak dakartza (hiltzeko arriskua % 0,01ekoa da), eta laginketan erroreak eragiteko joera du.
Irudi bidezko diagnosi-teknikek, RMIa, kasu, edo ultrasoinuen bidezko irudiek (ekografia) gibelaren biopsia egin eta gantza neurtzen dute; halere, horien bidez ezin da esteatosi xumearen eta NASHaren arteko desberdintasuna antzeman. Biopsia hepatikoaren eta irudi bidezko diagnosi-tekniken mugak direla-eta, EHGNA duten pazienteek onura atera diezaiokete NASHa iragartzeko proposatzen den oinarri metabolomikoko metodo ez-inbaditzaileari.
bioGUNE IKZk eta OWL euskal enpresak egindako testak 2009-2011 arteko ikerketa du oinarri. Guztira, 467 paziente aztertu ziren; batzuk, histologia arruntarekin biopsiatuta zeuden (90), eta beste batzuk, aldiz, EHGNA gaitza diagnostikatuta zuten (esteatosia: 246; NASHa: 131). Hala, 700 metabolito seriko inguru analizatu ziren (aminoaziodoak, glizerolipidoak, fosfolipidoak, esfingolipidoak, gantz-azidoak, azilkarnitinak eta behazun-azidoak), masen espektometriara akoplatutako krematografia likidoa deritzon teknikaren bidez (UPLC-MS).
bioGUNE IKZko zuzendari José María Matoren arabera, “informazio metabolomiko ugari aztertu ondoren, ikusi ahal izan da EHGNAren arrasto metabologikoa pazienteen gorputz-masaren indizearen (GMI) araberakoa dela. Beraz, horrek adierazten du EHGNAren mekanismo patologikoa alda daitekeela, norbanakoaren obesitate mailaren arabera”.
GMI indizeak pertsona baten pisua neurtzen du, bere altuerari dagokionez. Indize hori kalkulatzeko, kilotan neurtutako pisua zati metrotan neurtutako altuera ber bi egin behar da. 30 baino gehiago bada, gehiegizko pisutzat hartzen da, eta gibel koipetsua garatzeko arrisku gehiago dago.
Matoren hitzetan, “metabolomikari esker, gaitz konplexuen –hala nola, gibelaren gaixotasunak, gaixotasun kardiobaskularrak edo neuroendekapenezkoak– diagnosi goiztiarra egin ahalko da. Gainera, tratamenduei ematen zaien erantzunari jarraipena egiteko erabilgarria izango da, hau da, tratamendu jakin baten aurrean nortzuk erantzuten duten eta nortzuk ez zehaztu ahal izango da goizdanik, baita botiken aurrean kontrako erreakzioa duten pertsonak azkar diagnostikatu ere”.