Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkeak antolatuta, igande honetan, ekainak 10, herri lasterketa bat izango da Miramonen, kirola eta zientzia uztartzeko
-
“Run 4 Parkea” lasterketaren antolatzaileek bi ibilbide erraz eta azkar prestatu dituzte Teknologia Parkeko instalazioen inguruan, Pi zenbakian (π) oinarrituta: 3,14 kilometrokoa laburra, eta 6,28 km-koa bestea
- Lasterketa goizeko 11:00etan hasiko da eta izena ematen dutenek hainbat zerbitzu eta eskaintza izango dituzte: aparkalekua, kontsigna-zerbitzua, menu bereziak Parkeko jatetxeetan eta eskaintza berezi bat Eureka Zientzia Museoa bisitatzeko
- Izen-emateen bidez bildutako dirua Miramonen instalatutako enpresek eginiko proiektu berritzaileak hedatzera eta sustatzera bideratuko da
- Cidetec teknologia zentroko langile batena izan da lasterketaren ideia, eta ekimenaren helburuetako bat da hiria Parke Teknologikoarekin eta bertan sortzen den berrikuntzarekin lotzea, ohitura osasuntsuen bidez
- Run 4 Parkea googlemaps: https://bit.ly/2Jb3Gyy
Zientzia eta kirola uztartzea, Donostiako hiria eta bertako azpiegitura teknologiko nagusia lotzea, han garatzen diren proiektu berritzaileak hedatzea eta, nola ez, Miramon inguruan herri lasterketa batez gozatzea, horiek dira Gipuzkoako hiriburuko Zientzia eta Teknologia Parkeak martxan jarritako ekimen original honen helburuetako batzuk. “Run 4 Parkea” da probaren izena, eta egiazko herri lasterketa bat izango da, datorren ekainaren 10ean.
Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkeak jarri du martxan lasterketa hau, eta berrikuntza irekiko lehiaketa baten emaitza izan da. Miramongo instalazioetan dauden enpresa guztietako langileek hartu dute parte lehiaketa horretan. Zehazki, Luisa Fernanda Ruiz Gatónek, Cidetec teknologia zentroko langileak, izan zuen ekimen honen ideia, eta kirolaren bidez zientzia eta berrikuntza herritarrengana hurbiltzea proposatu zuen.
Lasterketa ekainaren 10ean izango da, igande goizeko 11:00etan hasita. Bi ibilbide erraz eta azkar izango dira, adin eta sasoi guztietako korrikalarientzat egokiak. Probaren filosofiarekin bat etorriz, lasterketaren distantziak Pi zenbakian oinarrituta finkatu dira: π (3,14 kilometro) eta 2π (6,28 km.). Irteera eta helmuga Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkearen eraikin nagusiaren aurrean izango dira, Mikeletegi pasealekuko 53. zenbakiaren parean.
Korrikalariek aukera izango dute Parkearen ingurune ederraz gozatzeko, lanegunetako ohiko trafikorik gabe, eta, horrez gain, hainbat zerbitzu izango dituzte, batez ere irteera eta helmugara iristeko, propio prestatutako aparkalekuak eta hiru geltoki Miramon inguruetan, Donostia erdigunetik datozen 17, 28, 31 eta 35 lineetako hiri autobusentzako.
Antolakuntzak doako kontsigna-zerbitzu bat ere jarriko du, 10:00etan zabaldu eta 12:30ak bitarte, eraikin nagusian, irteera eta helmuga izango diren tokian bertan. Era berean, Parkeko lau jatetxek menu eta eskaintza bereziak prestatuko dituzte lasterketari bultzada emateko, eta Eureka! Zientziaren Museoak ere bat egingo du ekimenarekin, eta baten prezioan bi sarrera eskainiko dizkie “Run 4 Parkea” lasterketaren dortsala aurkezten duten korrikalariei.
Izen-ematearen prezioa 8 eta 15 eurokoa izango da, hautatutako ibilbidearen arabera, eta www.kirolprobak.com webgunearen bidez egin ahal izango da, ekainaren 7ra arte (osteguna). Webgune honetan jasotzen da ekitaldiari buruzko informazio osagarria: http://www.run4parkea.eus.
Proiektu berritzaileen hedapena
Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkean 138 enpresa daude (konpainia handiak, startup-ak, ikerketa-zentroak, zentro teknologikoak, haztegiak, klusterrak, unibertsitatea), eta horietan 4.800 pertsona ari dira lanean, Zientziaren eta Teknologiaren hainbat esparrutan: Informazio eta Komunikazioaren Teknologiak, Biozientziak, Elektronika, Nanoteknologia, Energia eta Ingurumena eta abar.
Enpresa horietan egiten ari diren lan batzuk ikusarazteko helburuarekin, izen-emateen bidez bildutako dirua horretara bideratuko da, Parkean bio-osasunaren eta segurtasunaren esparruetan gauzatzen ari diren 8 proiektu berritzaile hedatzera eta bultzatzera. Izena ematerako garaian, partaide bakoitzak erabaki ahal izango du zer proiektu bultzatu nahi duen, honako hauen artean:
– Metabolomika 4.0 (IDOMICS BIOTEC): atleten kirol-errendimenduaren monitorizazio aurreratua eta lesioen kudeaketa.
– Step (NARU INTELLIGENCE):: minbizia duten pertsonei kalitatez, osasunez eta zalantzarik gabe bizitzen laguntzeko proiektua.
– AlchemyML (SKOOTIK):: adimen artifizialeko plataforma, datuetan oinarritua eta modu automatikoan jakintza erauzteko.
– Zibersegurtasuna (COUNTER CRAFT): eraso informatikoen aurreko prebentzioa eta babesa,
– Nano botiken ekoizpena (CIDETEC NANOMEDICINE):: botika berritzaileak fabrikatzen dituen planta.
– Diagnostiko goiztiarra eta kalitate-kontrola (ASPARIA GLYCOMICS): minbizia, esklerosia, artritisa eta tuberkulosia garaiz diagnostikatzeko eta tratatzeko produktuak.
– DIABETESprevent (PATIA):: gizentasunari eta 2 motako diabetesari aurre hartzea, aldez aurretik horretarako berezko baldintza genetikoak zein diren jakinda.
– Irrati-frekuentzia bidez identifikatzeko sistema (MYRUNS TECHNOLOGY): RFID teknologiaren bidez modu automatizatuan pertsonak, objektuak eta animaliak identifikatzeko eta aurkitzeko sistema.
INFORMAZIO GEHIAGO – https://run4parkea.eus/eu/