Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkeak Makina Erremintaren XX. Biltzarra hartuko du

Gipuzkoa

• Biltzarrean, fabrikazio aurreratuarekin loturiko gaiak eztabaidatuko dira, besteak beste, gaurkotasun handiena duten “Industria 4.0”, Fabrikazio gehigarria eta “Zero akatseko” fabrikazioa.

• Ekainaren 10etik 12ra, Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkean (Donostia), metalmekanikaren alorreko ikertzaile eta teknikari garrantzitsuenak elkartuko dira.

Fabrikazio- eta mekanizazio-teknologiarik aurreratuenen sektorean diharduten hainbat enpresak, ikerketa-zentrok eta prestakuntza-zentrok parte hartuko dute Makina Erremintaren eta Fabrikazio Teknologien XX. Biltzarrean. Donostiako Teknologia Parkean egingo da, 2015eko ekainaren 10etik 12ra.

Fabrikazio aurreratuaren alorrean interes eta gaurkotasun handiena duten gaiei buruzko hitzaldi teknikoak eskainiko dira, eta foro bikaina izango da parte-hartzaileen artean harremanak zein elkarlana finkatzeko. Horrez gain, enpresaburu, teknikari, ikertzaile, zientzialari, ikasle eta irakasleek euren esperientziak partekatu ahalko dituzte. Mahai-inguruetan, manufaktura-sektoreko gai berrienak jorratuko dira, hala nola “Industria 4.0” kontzeptua, Fabrikazio gehigarria eta “Zero akatseko” fabrikazioa. Azalpenezko gune erakargarria eta posterrak biltzen dituen gunea ere egongo dira, non teknologia berriak ez ezik, benetako garapen ukigaiak ere erakutsiko diren.

1976tik aurrera, INVEMA unitate teknologikoaren bidez, AFM elkarteak bi urterik behin antolatzen du Makina Erreminten eta Fabrikazio Teknologien Biltzarra. Ekoizpen-teknologiarik aurreratuenen inguruko ezagutza elkartrukatzeko gunea da; bertan, sektoreko azken aurrerapenak aurkezten dira, produkzio-prozesuetan aplika daitezen.

Hainbat zentro teknologikok –besteak beste, Ideko eta Tekniker zentroek ordezkatzen duten IK4 Aliantza, Tecnalia, Aotek eta Koniker–, inguruko unibertsitaterik garrantzitsuenek –UPV/EHU, Tecnun, Mondragon Unibertsitatea eta IMH, kasu–, Fabrikazio Ingeniaritzako Espainiako Elkarteak eta manufaktura-sektoreko enpresa aitzindariek urteak daramatzate AFMrekin lankidetzan, eduki zientifikoak egituratzeko eta fabrikazio aurreratuan espezialista diren teknikariei gai aurreratu eta interesgarrienak aurkezteko.

Partekatu

Beste berri batzuk