Haize izango da larunbat honetako Miramongo Matinéearen protagonista

Albisteak, Gipuzkoa

Euskadiko Orkestraren haize-sekzioko interpreteek osatutako boskoteak programa heterogeneoa eskainiko du larunbat honetan, urtarrilak 14, 11:00etan, Miramonen izango den kontzertuan. Sarrerak salgai daude 11 eurotan

Larunbat honetan, urtarrilak 1411:00etan, Euskadiko Orkestraren ganbera-musika ziklo Miramongo Matinéeen Denboraldiko zazpigarren hitzordua izango da. Bertan, Haize ganbera-taldeak ‘Bidaia denboran barrena’ izeneko kontzertua eskainiko du, Haydn, Farkas, Grieg, Bizet eta Curtisen obrekin. Taldeko kide guztiak orkestrako musikariak dira: Hélène Billard-Alirol (flauta), Pascal Laffont (oboea), Luis Camara (klarinetea), François Proud (fagota) eta Jean-Luc Casteret (tronpa).

 

EROSI SARRERAK HEMEN

 

Haize boskoteak asmo handiko nazioarteko bidaia bat proposatzen digu urteko lehen Matinée honetarako, munduko toki askotatik etorritako konpositore ugariren eskutik. Bidaia hau Joseph Haydn konpositore austriarraren Divertimento batekin hasiko da. Garai klasikoko ordezkari nagusienetako bat da Haydn, eta sinfonia eta hari-kuartetoa bezalako generoen aitatzat hartzen da. Hungariara bidaiatuko dugu gero Ferenc Farkasekin eta haren XVII. mendeko antzinako dantza hungariarrekin.

Kontzertu honen izaera folkloriko europarrarekin jarraitzeko, Edvard Griegen Norvegiako Dantzen eskutik eremu nordikoetan barrena ibiliko gara ondoren. 1896 urte inguruan konposatu eta 1897an argitaratu ziren, eta beren inspirazioa Ludvig Mathias Lindemanek bildutako Norvegiako doinu herrikoietatik dator. Ondoren, boskoteak Georges Bizet konpositore frantziarraren Carmen opera ezagunaren zati batzuk interpretatuko ditu. Obra hau 1875eko martxoan estreinatu zen Pariseko Opéra-Comique Antzoki Nazionalean, eta hasiera batean porrot handia izan zuen arren, gaur egun oso preziatua da. Ganbera-formatuan, Haizek opera honen zati batzuk interpretatuko ditu.

Europa atzean utzi eta itsasoz bestaldera joango gara kontzertuari amaiera emateko, oraindik bizirik eta jardunean jarraitzen duen egile bakarraren eskutik: Mike Curtis estatubatuarra, eta bere lanik ezagunena, A Klezmer Wedding.

Sarrera solteak (11€) salgai daude euskadikoorkestra.eus webgunean eta Kursaal Auditoriumeko leihatilan. Gainera, leku librerik geratuko balitz, orkestraren egoitzako leihatilan bertan eros ahal izango lirateke kontzertuaren egunean.

Miramongo Matinéetara eroso joateko, Euskadiko Orkestrak doako autobus-zerbitzua eskainiko dio kontzertua ikustera doazen abonatuei. 10:25ean abiatzen da autobusa Gipuzkoa Plaza 4tik eta geldialdiak egiten ditu Antso Jakituna 18an eta Madril Hiribidea 34an.

Miramongo Matinéeek Kutxa Fundazioaren babesa dute sortu zirenetik.

Partekatu

Beste berri batzuk