Hedatze-planari esker, Euskaltel Taldeak 30.000 bezero berrirekin eta 10 milioi euro gehiagoko diru-sarrerekin amaituko du 2019a

Albisteak, Bizkaia

Administrazio Kontseiluak erabaki du uztailaren 9an ordaintzea akzioko 0,17 euro gordineko dibidendu osagarria 2018ko ekitaldiko emaitzen kontura.

José Miguel García Euskaltelen Administrazio Kontseiluko kide izango da aurrerantzean, Zegonaren ordezkari gisa, eta Robert W. Samuelson ordeztuko du.

2019ko urtarriletik martxora bitartean, 171,7 milioi euroko diru-sarrerak lortu ditu guztira Euskaltel Taldeak, 81,1 milioiko EBITDA eta 46,5 milioi euroko kutxako fluxu operatiboa (OpCF). 

Euskaltel Taldeak jo eta su hasi du 2019ko ekitaldia hedatze geografikoaren plana betetzeko ahaleginean, konpainiarentzako balio erantsia eta akziodunentzako itzulkina lortzeko. Operadorearen aurreikuspenen arabera, 2019ko ekitaldiaren amaierarako 30.000 bezero berri eta 10 milioi euro gehiagoko diru-sarrerak lortuko ditu hedatzen hasi den bost merkatu berrietan: Nafarroan, Leónen, Kantabrian, Errioxan eta Katalunian, non, RACCekin sinatutako akordioari esker, Taldea bere produktuak merkaturatzen hasi baita.

Francisco Arteche Euskaltel Taldeko CEOak honela esan du: “Euskaltel Taldeak hedatze-geografikoko planera bideratu ditu baliabide gehienak 2019ko ekitaldiaren hasieran. Bost merkatu berri horietan orain arte lortu ditugun emaitzak ikusirik, oso baikor egoteko moduan gaude urtea amaitu aurretik lortuko dugun bezero berrien kopuruari dagokionez”.

Bestalde, hedatze geografikoko planaren bidez lortuko dituen bezero berriei MediaMarktekin egindako hitzarmenari esker lortuko dituenak erantsi behar zaizkie. Izan ere, Euskaltelek hitzarmen bat sinatu du berriki, zeinaren arabera bere produktuak MediaMarkt alemaniar multinazionalaren webgunean eta hark Espainia osoan dituen saltokietan salduko baititu, R markarekin, eskaintza bateratu honen bidez: wifi premium, bezeroaren beharrei egokitutako telefonia-eskaintza, eta telebista-zerbitzuak.

Gainera, 2019ko lehen hiruhilekoan, Euskaltel Taldea hazkuntza errentagarrira itzuli da enpresa-sektorean (B2B). Aurreko ekitaldiarekin alderatuz gero, % 4,7 hazi da operadorea enpresa txiki eta ertainetan (SME) eta kontu handietan (LA); horrek esan nahi du 30 milioi euroko diru-sarrerak lortu direla alor horretan 2019ko lehen hiruhilekoan. Konpainiak 50 milioi euroko fakturazioa lortu du guztira B2B sektorean, 2018ko urtarriletik martxora bitartean baino % 1 gehiago.

Arteche Euskaltel Taldeko CEOak honela adierazi du: Euskaltel Taldea abangoardian dago berrikuntza eta eraldaketa digitaleko proiektuetan, eta aliatu nagusia da enpresa, erakunde eta partikularrei beren erronka teknologiko berrietan laguntzen. Konpainiak gogoan ditu beti enpresa-sektoreko bere bezeroak, eta haiei egokitutako produktu eta zerbitzurik onenak eskaintzen saiatzen da, etxeko sektoreko bezeroei bezala”.

Balio erantsi handiko etxeko bezero gehiago

Etxeko segmentuan, operadoreak sare finkoko produktuak kontratatzen dituzten 576.800 bezero ditu guztira; horrek esan nahi du bezero-kopurua igo egin dela urteko lehen hiru hilabeteetan. Izan ere, 2018ko ekitaldi guztiko sare finkoko bezero-kopuruarekin alderatuz gero, hiru aldiz gehiago hazi da lehen hiruhilekoan.

Taldeak 2,4 milioi lortu ditu RGUn urteko lehen hiruhilekoan (RGU: Revenue Generating Unit; hau da, konpainiarentzat diru-sarrera errepikariak lortzen dituzten banako bezeroak); duela urtebeteko datuekin alderatuz gero, 60.000 produktu kontratatu berri gehiago esan nahi du datu horrek: % 2,5 gehiago, alegia.

Euskaltel Taldeak zerbitzuak paketeka eta bateratuta eskaintzeko garatu duen estrategiari esker, bezero guztien % 70,3k 3-4 produktu ditu kontratatuak. 162 oinarrizko puntuko hazkuntza esan nahi du horrek, 2018ko ekitaldiaren lehen hiruhilekoan lortutakoarekin alderatuz gero; batez beste, beraz, 3,7 produktu ditu kontratatuak bezero bakoitzak, eta aurreko urtean, berriz, 3,6.

Etxeko segmentuan zerbitzuen eta produktuen kontratazioan izandako bilakaera positiboaren ondorioz, inoizko bezero-kopuru handienak lortu dira: % 86,8k banda zabala du (aurreko aldian baino 140 puntu gehiago), % 82,2k mugikorra du (oinarrizko 325 puntu gehiago) eta % 73,5ek ordainpeko TBa du (oinarrizko 415 puntu igo da).

Produktu-motak bana-banan hartuta, lehen hiruhilekoan operadoreak sendotu egin du telefonia mugikorren sektorean zuen nagusitasuna (12.000 linea berri), eta mugikorreko 970.000 linea izatera iritsi da. Telebista-zerbitzuak, berriz, 7.000 bezero baino gehiago irabazi ditu eta 424.000ra iritsi, Euskaltel Taldeak eskaintzen duen baliozko proposamenari esker eta 4K Android TV deskodetzailea sendotzeari esker; horretan zerikusia izan du, halaber, zenbait plataforma integratzeak, hala nola Netflix eta Amazon. Bestalde, banda zabaleko bezero-kopuruak 500.000ko muga gainditu du aurreneko aldiz, urteko lehen hiruhilekoan lortutako 3.300 bezerori esker.

Trantsizio-urtea

2019ko urtarriletik martxora bitartean, 171,7 milioi euroko diru-sarrerak lortu ditu guztira Euskaltel Taldeak, 81,1 milioiko EBITDA eta 46,5 milioi euroko kutxako fluxu operatiboa (OpCF).

Euskaltel Taldeko CEOak adierazi duenez, “trantsizio-urte honetako lehen hiruhilekoko emaitzak ezin dira hartu urte osorako espero ditugun emaitzen erreferentzia gisa, lehen hilabete hauetan hedatze- eta aldaketa-prozesuetarako egindako ahaleginaren eragina nabaritzen ari baikara; ekitaldi osoan zehar ikusiko ditugu benetako emaitzak”.

Hona Artechek nabarmendutakoa: “Aurrez bagenekien 2019ko lehen hiruhilekoa urteko zailena izango zela, eta ingurune lehiakorrak are zailago egin du. Baina aplikatzen ari garen aldaketa-planen eragin positibo gero eta agerikoagoa nabarituko dugu. Oraingoz, ez dugu aldaketa aipagarririk ikusten ingurune lehiakorrean; beraz, finantzei dagokienez, espero dugu bigarren hiruhilekoa bat etortzea lehenengoarekin. Diru-sarrerak igotzea dugu helburu, eta, batez ere, kostuak aurrezteko hartutako erabakien emaitza ikustea urtearen bigarren seihilekoan”.

Bi dira Taldearen eraginkortasuna eta iraunkortasuna indartu duten ekintza nagusiak lehen hiruhilekoan. Batetik, bankuen ahobatezko laguntza lortu du operadoreak zorra birfinantzatzeko; horrek nabarmen hobetu ditu baldintza ekonomikoak, eta, horri esker, seguru eta sendo egin dezake aurrera aurten bere jardueran. Akordioa sinatu dutenen artean, Espainiako finantza-erakunderik esanguratsuenak daude: Santander+Popular, Caixabank, Kutxabank, BBVA, ING, BNP, Abanca, Crédit Agricole CIB, Sabadell, Laboral, Liberbank, Bankinter, CIC Iberbanco eta Bankoa. Hala, Euskaltel Taldearen aurreikuspenen arabera, finantza-zor garbia Ebitda bider 3,5 baino gutxiago izango da 2022rako.

Bestalde, urteko lehen hiruhilekoan, Euskaltel Taldeak bat egin du Masmóvil eta Phone House etxeekin mugikorrak erosteko. Horretarako, Medbuying Technologies Group sozietatea sortu du, zeinaren helburua baita hiru enpresok behar dituzten terminal mugikor, router eta telekomunikazioetako beste hainbat gailuren erosketa zentralizatzea. Bezeroei eskaintzen dizkien produktuen kalitatea hobetzeko asmoz egin du bat Euskaltel Taldeak proiektu horrekin.

Netflix eta Amazon Prime 4K deskodetzailean

Euskaltel Taldeak, Telebista arloan, Netflix plataforma integratu zuen bere 4K Android TV deskodetzaileetan (ordainketa barne) 2018ko amaieran, eta % 80 baino gehiagoko merkatu-kuota lortu du 4K Androd TV plataforman. 2019ko lehen hiruhilekoan, operadoreak aurrera egin du itun estrategikoak sinatuz merkatuko player nagusiekin, bezeroei ahalik eta arretarik onena eta kalitaterik handiena eskaintzeko telebistako, wifi-ko eta mugikorreko zerbitzuetan. Hala, Amazon Prime Video eskaini du 4K Android TV deskodetzailean, eta, horri esker, eduki-plataforma hori Espainiako merkatuan integratu duen lehenengo operadorea izan da: primizia benetakoa, beraz. Deskodetzaile hori duten Euskaltel Taldeko telebista-bezeroen % 80k baino gehiagok ikusten dituzte mota horretako edukiak, eta gailu tradizionalagoak dituzten erabiltzaileek halako bi kontsumitzen dute.

Dibidendu osagarria banatuko da uztailaren 9an

Euskaltel Taldeko Administrazio Kontseiluak erabaki du 2019ko uztailaren 9an ordaintzea akzioko 0,17 euro gordineko dibidendu osagarria 2018ko ekitaldiko emaitzen kontura.

Izan ere, joan den apirilaren 1ean, Akziodunen Batzar Orokorrak onespena eman zion Euskaltel Taldearen emaitza aplikatzeko eta 2018ko abenduaren 31n itxitako ekitaldiaren dibidenduak banatzeko proposamenari. Batzarrak onetsitakoaren arabera, akziodunei banatuko zaien azken dibidendua akzioko 31 euro-zentimo da. Horri % 4,2ko errentagarritasuna dagokio, akzioko prezio haztatuko, 2018ko ekitaldia kontuan harturik, eta, iaz ordaindutakoa baino % 11,5 gehiago da.

Euskaltelen Administrazio Kontseiluak 2018ko urrian onetsi zuen konpainiaren akziodunen artean 2018ko ekitaldiaren emaitzen konturako dibidendu bat banatzea, zirkulazioan den eta jasotzeko eskubidea duen akzio bakoitzeko 0,14 euro gordinekoa, 2018ko ekitaldiko emaitzaren kargura, eta 2019ko otsailaren 7an ordaindu zen hori.

Gero, Administrazio Kontseiluak adostu zuen Akziodunen Batzar Orokorrari proposatzea akzioko 0,17 euroko dibidendu osagarri bat onar zezan. Ordainketa-eguna Administrazio Kontseiluak zehaztu behar zuen Batzar Orokorra amaitu ondoren egin behar zuen bileran. Azkenik, uztailaren 9an ordaintzea erabaki da.

Dibidenduak banatzen diren hirugarren urtea da, jarraian, 2015ean konpainia Burtsara atera zenetik. Era berean, dibidendu-banaketa horrek islatzen du akziodunekiko konpromisoak betetzen ari dela Taldea, eta indartu egiten du inbertitzaileentzako balioa sortzeko helburua.

José Miguel García Administrazio Kontseiluko kide izango da aurrerantzean, Zegonaren ordezkari gisa.

Lehenengo hiruhilekoaren emaitzak aurkeztean, Francisco Artechek ongietorria egin dio José Miguel Garcíari, Euskaltel Taldeko Administrazio Kontseiluko kide izango baita aurrerantzean, Zegonaren ordezkari gisa, Robert W. Samuelson ordeztuz. Artecheren hitzetan, “ziur gara konpainiarentzat oso baliagarria izango dela, oso ondo ezagutzen baitu Espainiako merkatua, eta, horri esker, oso laguntza baliotsua eskainiko diola konpainiari, egungo merkatuaren baldintza zailak kontuan hartuz, eta gure akziodunentzako estrategia sortzaile, erakargarri eta balio handikoa eskainiko duela”.

José Miguel García jauna telekomunikazio eta teknologia-aholkulari gisa hasi zen lanean Lincoln Scott International-en (Australia). Azken 30 urteetan CEO gisa osatu du bere lan-ibilbidearen parte bat 16 herrialdetan, Australia, Europa, Latinoamerika eta Estatu Batuetan. 2018an, arrakastaz hartu zuen parte Amazonek eta Canonek SQRRL eta Briefcam, hurrenez hurren, eskuratzeko prozesuetan. 2016an eta 2017an, Millicon Group-en Kontseiluko kide eta lehendakariorde izan zen, eta Orange Group-eko aholkulari estrategikoa, CEO laguntzaileak zuzenean kontratatua, Fix-Mobile konbergentziaren Europako negozio-unitateen transformaziorako.

Jazztel Espainiako telekomunikazio-konpainiako CEOa izan zen 2006tik 2015era. 2006an Jazztel-era jo aurretik, García jaunak nagusiki Cable & Wireless-en lan egin zuen; han, kargu hauek izan zituen: Espainiako eta Portugalgo CEOa, Europa lehendakariorde exekutiboa, CEOa Panaman, eta zuzendari nagusia Erresuma Batuan eta Irlandan. Aurretik, lehendakari exekutibo eta CEO gisa lan egin zuen, Espainian eta Portugalen, berak sortutako Case Technology konpainian; gero, berak zuzendu zuen Cable & Wireless, Plc. konpainiak Case Technology erosteko prozesua 2000. urtean. Halaber, inbertitzaile estrategiko eta munduko zenbait start-upen Kontseiluko aholkulari izan da azken 25 urteotan. Elektrizitate eta Elektronikako lizentziaduna da, eta Komunikazio Digitaletako master bat egina du Melbourneko Monash Unibertsitatean.

Partekatu

Beste berri batzuk