Hegalaburrari buruzko bi ikerketa-proiektu —1,5 milioi euro— zuzenduko ditu AZTI-Tecnaliak
- Ugaritasunari eta arrantzagatiko heriotza-tasei buruzko kalkulu independenteak egiteko lagungarri izango dira.
- Hegalabur-populazioaren egitura, migrazioak, nahaste-tasak, hazkuntza eta erreprodukzioa erakutsiko dituzte.
Atlantikoko Atuna Kontserbatzeko Nazioarteko Batzordeak (ICCAT) 1,5 bat milioi euro inbertituko ditu hegalaburrari buruzko bi ikerketa-proiektu handitan. 2012an dira egitekoak proiektuak, eta AZTI-Tecnaliak (itsasoaren eta elikagaien ikerkuntzan espezializatutako zentro teknologikoa) koordinatuko ditu, nazioarteko bi partzuergotan.
Lehenbiziko proiektuan, 11.750 hegalabur markatu eta askatuko ditu aurten partzuergoak, AZTI-Tecnaliaren gidaritzapean. Marka konbentzionalez gain, % 40 marka bikoitzak izango dira; 50, gutxienez, barne-artxiborako marka elektronikoak, eta 40, kanpoko pop-up erako marka elektronikoak. Bizkaiko golkoan, Gibraltarreko itsasartean, Leongo golkoan eta Joniko itsasoan-Erdialdeko Mediterraneoan egingo da lan hori. Zenbait alderdi biologiko eta ekologiko garrantzitsu aztertuko ditu proiektuak, eta hegalaburraren ugaritasunari eta arrantzagatiko heriotza-tasei buruzko kalkulu independenteak eskainiko ditu.
Hegalabur-populazioaren egitura, migrazioak, nahaste-tasak, hazkuntza eta erreprodukzioa erakutsiko ditu bigarren proiektuak (hegalaburraren laginketa biologikoa eta genetikoa).
Zenbait herrialdetako 23 erakundek eta ikerketa-zentrok hartuko dute parte bi proiektu horietan, AZTI-Tecnaliaren koordinaziopean, eta 1.080.000 eta 430.000 euro kostatuko dira, hurrenez hurren.
Atlantiko eta Mediterraneo osoan hegalaburra ikertzeko (GBYP) ICCAT programakoak dira bi proiektu horiek, eta hau dute xede: funtsezko zenbait prozesu biologiko eta ekologiko hobeto ulertzea, oinarrizko datuak biltzea eta ebaluazio-ereduak hobetzea, eta stockaren egoerari buruzko aholkularitza zientifikoa ematea. 2010ean hasi zen programa, eta hauek finantzatzen dute: Europar Batasunak (% 80), Aljeriak, Kanadak, Txinak, Kroaziak, Japoniak, Marokok, Norvegiak, Tunisiak, Turkiak, Estatu Batuek eta Taiwanek.
Arrantzako eskualde-erakundea da ICCAT, eta Atlantikoko eta haren ondoko itsasoetako tunidoen eta antzeko espezieen kontserbazioaz arduratzen da. Besteak beste, ozeano Atlantikoan espezie horiek harrapatzen dituztenen arrantza-estatistikak biltzen ditu, ikerketa koordinatzen du (stock-ebaluazioak barne) eta bere eskumeneko stocken kudeaketa egiten du, irizpide zientifikoen arabera.