Ibermática enpresak eta Arrisku Kapitalaren Kudeaketarako Sozietateak akordio bat sinatu dute IKTen esparruko enpresa proiektuak babesteko

Bizkaia

Eusko Jaurlaritzak, Euskadiko Arrisku Kapitalaren Kudeaketarako Sozietatearen AKEKS, S.A. bitartez, eta Ibermáticak lankidetzarako akordio marko bat sinatu dute elkarrekin babesteko informazio eta komunikazio sistemei aplikatutako teknologia berrien esparruko enpresa proiektu berriak. Hitzarmen honekin, gizartean ekintzailetza bideratu eta sustatzeko estrategia indartu dute eta, halaber, industria-sarea teknologikoki aurreratuak diren sektoreetarantz dibertsifikatuz jarduera ekonomiko berriak sortzearen aldeko apustua sendotu dute.

Ibermatica enpresak bere Plan Estrategikoaren barruan ezarri duen helburuetako bat da informazio eta komunikazio sistemetara aplikatutako teknologien arloko proiektuak sustatzea, ekimen horiek babestuz eta enpresa berrietan parte hartuz. Horretarako, Ibermáticak Ibermática Emprende izeneko programa bat jarri zuen martxan 2008ko udaberrian, tresna multzo bat eskaintzeko IKTen sektorean beren enpresa proiektu propioa sortu eta garatu nahi duten profesional guztiei (konpainiakoei nahiz kanpokoei).

Euskadiko Arrisku Kapitalaren Kudeaketarako Sozietatea Arrisku Kapitaleko inbertsio enpresa bat da. Euskal Administrazio Publikoaren menpe dago Industriaren Sustapen eta Eraldaketarako Baltzuaren (SPRI) bitartez, eta hiru euskal kutxen eta Mondragon Korporazioaren parte-hartze minoritarioa du. Bere helburua da errentagarriak diren eta hazteko gaitasun handia duten enpresa proiektu berriak babestea, jarduera ekonomiko berriak sortzeko eta industria-sarea dibertsifikatzeko teknologikoki aurreratuak diren sektoreetarantz, esaterako, IKTenerantz.

Bi pentsaera eta helburu komun horien fruitua izan da aipatu enpresen arteko lankidetza akordio hau, zeinak bere estrategia partikularrak ere bai baitauzka. Hala, Ibermática enpresak Arrisku Kapitalari jakinaraziko dizkio (bazkide inbertsiogile izan daitekeelako) zeintzuk diren IKTen esparruan sortzen diren eta Ibermática Emprende programaren bitartez dinamizatu diren proiektuak.

Bestalde, Arrisku Kapitalak (bere zeregina inbertsio operazio potentzialak bilatzea delako) jarduera-adar desberdinetako proiektuetan eta enpresetan parte hartzeko proposamenak jasotzen dituenez (besteak beste. IKTen sektorekoak), Ibermáticari jakinaraziko dio zein aukera dauden inbertitzeko.

Proiektu bakoitzak akziodunen parte-hartze eskema bat izan dezake, kasuan kasukoa alegia, eta etorkizunean akordioa luzatu egin liteke hainbat ekintza elkarrekin martxan jartzeko, beti ere ekintza horien helburua inbertitzea eta IKTen sektoreko enpresak sustatzea bada.

José Luis Larrea Ibermáticako presidenteak akordioa sinatzeko ekitaldian azaldu bezala, “IKTen sektoreak hiru ezaugarri garrantzitsu dauzka: enplegu sorkuntza handia, sektore oso berritzailea eta ezagutzan intentsiboa izatea eta, azkenik, gainerako sektoreak produktiboago bilakatzen dituela”. Hori dela eta, bereziki nabarmendu du bere enpresaren iritziz beharrezkoa dela “ahalik eta bultzada handiena ematea sektore honen garapenari, eta, hain zuzen, Arrisku Kapitalarekiko lankidetzaren bidez enpresa proiektu berriak sustatuko ditugu, erakunde sustatzaile eta inbertsiogile den aldetik”.

Bestalde, Xabier Garmendiak (Arrisku Kapitalaren Kudeaketarako Sozietateko presidente eta Eusko Jaurlaritzako Industria eta Energia sailburuordeak) esan duenez, kontuan hartuta zein den gaur egungo egoera eta oso zaila dela kredituak eskuratzea, “Arrisku Kapitalaren presentzia funtsezko elementua da proiektuak bideragarri izan daitezen”. “Gainera –erantsi du- kontuan izan behar da baita ere erakunde publikoa dela eta, beraz, finantza arloan ez ezik, gizartean ere errentagarritasuna bilatzen duela”.

Partekatu

Beste berri batzuk