IK4-IKERLAN aurrera doa industriako digitalizazioan, euskal enpresetan hari gabeko sentsoreak ezartzeko proiektu garrantzitsuekin

Gipuzkoa

Proiektuak GOIZPER, CETEST eta Laulagun Bearings enpresetarako garatu dira, beren makinen futzionamendua monitorizatzea eta ekoizpen sistemak optimizatzea ahalbidetuz

Proiektu horiekin, IK4-IKERLANek euskal enpresen digitalizazioan aurrera egiten du, Industry 4.0. deituriko esparruaren barruan

untitledHari gabeko sentsoreak oinarrizko elementuetako bat dira industriako automatizazio prozesu guztietan. Gailu horiek benetako organo sentsorialak dira eta funtsezko zeregina dute 4.0 industriaren ezarpenean: makina edo sistema adimendunen funtzionamendurako sistema zehatza eta segurua atzitzea eta transmititzea. Gainera, hari gabekoak izateak ahalbidetzen du sarbide zaileko puntuetan aldagaiak neurtzea eta sistemari balio erantsia ematea.

Sentsorika funtsezko katebegia da industriako edozein digitalizazio prozesutan, izan ere, sistema kontrolatzeko beharrezkoak diren neurriak lortzeaz gain, osagaien eta industria prozesuen egoerari buruzko informazio guztiak urrutitik atzitzea eta jakinaraztea ahalbidetzen du, ekipoen diseinua egokitzen eta dagozkion fabrikazio prozesuak edota mantentze lanetakoak hobetzen utziko duen informazioa edukitzeko.

IK4-IKERLAN euskal zentro teknologikoaren ahalmenarekin sentsore sistema autonomo horien garapenaren fase guztiak estaltzen dira: kontzeptuaren ideiatik, diseinutik igarota eta aplikatuko den sektorean araudiak betetzen dituen industria prototipo batean amaituta. Eremu honetako espezializazioaren adibide gisa, erreferentziako enpresekin, hala nola GOIZPER, CETEST eta Laulagun Bearings enpresekin, elkarlanean egindako garapenak aipatzen dira ondoren.

Monitorizazio etengabea eta zehatza

GOIZPER kooperatibaren kasuan, potentzia transmisiorako osagaien fabrikazioan espezializatuta baitago, IK4-IKERLANek smart sensor bat diseinatu du aurkakoak diren eta sarbide zaila duten inguruneetan instalatutako balazta-enbrageen higadura maila etengabe monitorizatzeko. Sentsore hori disko birakarietan integratuta geratzen da eta era autonomoan funtzionatzen du energy harvester zinetiko bati esker (energia ingurunetik hartzen duen eta baterien bizitza nabarmen luzatzen duen gailua), eta hari gabeko komunikazioei esker marruskadura materialaren higadurari buruz eta balazten marruskadura puntuko tenperaturari buruzko informazio zehatza ematen du urrutitik.

Proiektu horri esker, enpresak marruskadura materialaren higadura egoerari buruzko informazioa lortzen du etengabe eta zehaztasunez jakin dezake noiz egin behar zaion mantentze lana. Horrek ahalbidetzen dio bezeroarentzako zerbitzua hobetzea eta aurreikusi gabeko ekoizpenaren geldialdiak eragoztea, eta muntaketa txar batek eragindako disfuntzio oro, gehienetan lerrokatze hausteek eragindakoak, ekiditea.

Sentsore adimendunak trenetarako

CAF Taldeak Beasainen duen Saikuntza eta Analisietarako CETEST zentrorako da IK4-IKERLAN buru-belarri garatzen ari den bigarren lana. Kasu honetan, hainbat aldagai fisiko, hala nola azelerazioa eta tren egitura baten deformazioa, monitorizatzeko gai den hari gabeko sentsoreen teknologia bat garatu du zentro teknologikoak. Sistema honek CETESTi laguntzen dio egitura mota horren gainean saiakuntzak egiten, arinago eta malguago, izan ere, hari gabeko teknologia industrialari esker ez dauka zertan kable sare konplexuak erabili egitura horietan neurketak egiteko.

Proiektu horrekin, CETESTek hari gabeko sentsoreak banatzen ditu egituraren barruan eta neurketa puntuak sinkronizatuta mantentzen ditu mikrosegundoko tarteetan, hari gabeko komunikazio sendo eta fidagarri baten bitartez.

Aerosorgailuak itsaso zabalean

IK4-IKERLANek garatutako hirugarren soluzioa Laulagun Bearings enpresarentzat izan da, zeinak orientazio koroak eta errodamendu berezi handiak ekoizten dituen, besteak beste itsasoko aerosorgailuen merkatu zorrotzerako. Helburua izan da errodamenduen osasun estrukturala urrutitik monitorizatzeko gai den sistema bat diseinatzea, konplexutasun handiko aurkako inguruneetan.

Zehazki, itsaso zabalean instalatutako aerosorgailuen errodamenduen egoerari buruzko informazio zehatza eta etengabea emateko gai da hari gabeko sentsoreen sistema, haien funtzionamenduan egon daitezkeen anomaliak prebenitzeko eta, horrela, mantentze lanen kostuak murrizteko.

Proiektu honekin, Laulagun Bearingsek aldagai fisikoak monitorizatzen ditu, esaterako, bibrazioa, tenperatura edo osagaien arteko distantzia, eta horrekin egon daitezkeen akatsei aurrea hartu ahal die eta kalteak minimizatu.

Errodamendu horien konponketa eta ordezpena oso baldintza konplexuetan egiten dira, eta kostu handiko baliabideak, hala nola garabi-itsasontziak, erabiltzea eskatzen duten ekipamenduak erabiliz. Sentsore horiei esker, konponketak programatu egin daitezke, ohiko mantentze lanekin batera egiteko.

Partekatu

Beste berri batzuk