IK4-IKERLAN, CEIT-IK4 eta MITek kable instalazio elektriko bidez komunikazioak hobetzeko egindako ikerketa bat saritu dute

Gipuzkoa

premio investigaciónErakundeek lankidetzan egindako lana artikulu zientifikorik onentzat jo dute nazioarteko IEEE-ISPLC 2014 biltzarrean
Ekitaldia Glasgowen (Eskozia) egin da orain dela gutxi, eta munduko garrantzitsuena da kable instalazio elektrikoen bidezko komunikazioen arloan
Proposatzen den metodoak banda estu konbentzionalekoak baino komunikazio sare fidagarriagoak eta seguruagoak sortzea ahalbidetzen du

IK4-IKERLAN eta CEIT-IK4/TECNUN zentro teknologikoek eta  Massachusetts Institute of Technology (MIT) iparramerikar zentro entzutetsuak egindako lanak sare elektrikoetako komunikazioak hobetzeko metodo bat proposatzen du, eta  IEEE International Symposium on Power Line Communications and its Applications (IEEE-ISPLC 2014) biltzarrean aurkeztutako lanik onenaren errekonozimendua jaso du. Ekitaldia duela gutxi egin da Glasgowen (Eskozia), eta munduko garrantzitsuena da kable instalazio elektrikoen komunikazioei dagokienez.

Egunero etxean edo industrian erabiltzen ditugun gailu eta makinen zati handi bat elikadura elektrikoaren sarera konektatuta daude. Kasu batzuetan, sare horiek datuak transmititzeko erabiltzen dira, eta horrek dauden kableak aprobetxatzeko aukera ematen du. Baina sareak ez daudenez erabilera horretarako diseinatuta, komunikazioa nabarmen degradatzen da eta, ondorioz, batere sendoa eta eraginkorra ez den bitartekoa dira.

Saritutako ikerketa lanak banda estuko  komunikazio sare bat sortzeko metodo bat proposatzen du (hau da, transmisio mugatuko ahalmena duen sarea), konbentzionalak baino nabarmen fidagarriagoa eta seguruagoa, datuak egoera zailetan transmititzeko. Horri esker, zerbitzu berriak hedatu daitezke, komunikazioen fidagarritasun baldintzak betetzen dituztenak (esaterako, pertsonen segurtasunaren ingurukoak), eta gailuen arteko konexioa behar duten aplikazioen ahalmenak hobetzen dira, horretarako kable instalazio edo komunikazio azpiegitura berririk erabili beharrik gabe.

“Gero eta aplikazio gehiagok eskatzen dituzte komunikazio sare sendoak”

Aplikazio mota ugari baliatu daitezke lortutako aurrerapenez. Adibidez, etxeko automatizazio sistemak (zaintza sistemak, domotika, etab.), hiri adimendunetako elementuak, garraioko sistema txertatuak (ibilgailuetako, aeronautikako, ontzietako kable instalazioak murriztea, etab.), eta osasuna, energia edo ura bezalako eremuetako kudeaketa elementuak, argi eta gas kontagailu adimendunak…

Saritutako artikuluan gailuak elikatzeko erabilitako kableak aprobetxatzea proposatzen da, makinak elkarren artean konektatzeko. “Makina bakoitzak sarearen nodo moduan jardungo luke eta, nodo batek ez badu informazioaren zati bat behar bezala jasotzen, gainerako makinek emandako informazioarekin osatu dezake, lankidetza bidezko mekanismoen bitartez”, azaltzen du IK4-IKERLANeko ikertzailea eta azterketaren liderra den Josu Bilbaok.

Horretarako, egileek teknika berritzaile batean oinarritutako komunikazio sistema bat proposatzen dute, eta horren oinarrian sareko kodeketa dago (Network Coding), komunikazio eskema klasikoek lortu ditzaketen muga teorikoak gainditzeko.

Komunikazio sistemak hobetzeko moduak aurkitzea erabateko erronka da komunitate zientifikoarentzat

Ikerlariak dioenez, “gero eta aplikazio gehiagok eskatzen dituzte komunikazio sare sendoak”. “Gaur egun”, jarraitzen du, “makina batek beste batekin informazioa elkartrukatu nahi badu, eta komunikazioan arazo bat gertatzen bada, lehenengoak informazio guztia berriro bidali behar du, eta prozesu hori behar beste aldiz errepikatu behar da bigarrenak jaso arte. Gure helburua da komunikazioen sendotasuna eta eraginkortasuna areagotuko duten metodo berriak diseinatzea, horien hedapenaren kostua murriztuta”, amaitzen du.

Metodo klasikoa nahi bezain eraginkorra eta fidagarria ez denez, egoera arazotsuetan komunikazio sistemak hobetzeko moduak aurkitzea erabateko erronka da komunitate zientifikoarentzat. “Dagoeneko hedatuta dauden kable instalazio elektrikoak aprobetxatzea aukera gero eta interesgarriagoa da”, dio Bilbaok. Gainera, IK4-IKERLAN, CEIT-IK4/TECNUN eta MITeko ikertzaileek garatutako metodoa konbentzionala baino seguruagoa da egon daitezkeen erasoei dagokienez, informazioa zifratuta dagoelako.

Oraingoz, kable bidezko komunikazioak hobetzeko metodo hau behe tentsioko sare elektrikoetan probatu da. Aitzitik, ikerlariak beste eremu batzuetan izan dezakeen aplikagarritasuna aztertzen ari dira, eta hainbat enpresak ere mekanismo horiek esperimentalki erabiltzeko interesa erakutsi dute.

Kable elektrikoaren bidezko komunikazioa

Kable instalazio elektrikoa komunikazio sare moduan erabiltzeak elikadura elektrikoaren sarearen itzelezko hedapena aprobetxatzea ahalbidetzen du. Horregatik, oso soluzio interesgarria da sareko azpiegitura berria hedatzeko zailtasunak dauden lekuetan (esaterako, eraikin zaharrak), edo haririk gabeko sistemak erabiltzea ezinezkoa denean (estali beharreko distantzia oso handia delako, interferentzia asko dagoelako edo eraikuntza motak uzten ez duelako).

Sare horien erabilera zamatzen duen arazoa, ordea, sareak datuak komunikatzeko diseinatuta ez egotea da, hau da, energi elikadurarako diseinatuta daude, eta orduan transmisioa ez da erabat fidagarria eta eraginkorra. Alderdi horiek hobetzeak aukera emango luke kable elektriko bidezko datuen transmisioa alternatiba erabilgarria eta merkea izateko, bai industri aplikazioetan bai garraioan edo etxean.

MITekiko lankidetza

“IK4-IKERLANen denbora daramagu MITekin lankidetzan, komunikazio sendoen arloko ikerkuntzan, kontzeptu teorikoak benetako inplementazioen aplikatzeko helburuarekin, bereziki sistema txertatuen arloan”, azpimarratu du Bilbaok. “Munduan entzute handiko zentroa da, eta arlo horretan nazioartean erreferenteak diren pertsonekin lankidetzan aritzeak asko aberasten ditu gai honetan guk ditugun ahalmenak”.

Biltzarra

IEEE International Symposium on Power Line Communications and its Applications (IEEE-ISPLC 2014) mundu mailan kable instalazio elektrikoen esparruko foro erreferentziala da. Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoko Institutuak antolatzen du –Institute of Electrical and Electronics Engineers, ingelesez–; hori teknikariak eta ingeniariak elkartzen dituen nazioarteko erakunde bat da, teknologia berriak estandarizatzen eta hedatzen diharduena.

Orain dela gutxi Glasgowen (Eskozia) egin den topaketaren azken edizioan, egileek –Josu Bilbao, Aitor Calvo, Igor Armendariz (IK4-IKERLAN), Pedro Crespo (CEIT-IK4/TECNUN) eta Muriel Médard (MIT)– ‘Best Paper Award’ saria jaso zuten, ‘Reliable Communications with Network Coding in narrowband Powerline Channel’ izenburuko lanagatik.

IK4-IKERLANi buruz

IK4-IKERLAN zentro liderra da teknologiaren transferentziari eta enpresei balio lehiakorra emateari dagokionez, hainbat domeinu teknologiko konbinatuz soluzio integralak eskaintzeko ahalmena baitu. Hori posible izateko arrazoia da sei esparru handitan espezializazio maila handia duela: sistema txertatuak, potentziako elektronika, mikroteknologiak, energia, mekatronika eta produktu eta zerbitzuen pertsonalizazioa.

Partekatu

Beste berri batzuk