Industria Sailak 100 negozio aukera eskainiko dizkie euskal enpresariei Emprende2012 Foroan

Gipuzkoa

Dagoeneko 350 lagun daude inskribatuta iaz sasoi honetan erregistratuta zeuden 300en aldean, eta ireki denetik hona, Foroaren web orriak (www.emprende2012.net) 4.000 lagun ingururen 25.000tik gora bisita jaso ditu. Iaz 2.800 lagunek parte hartu zuten. Patxi Lopez Lehendakaria izango da irailaren 12an ospatuko den hirugarren edizioko ekitaldi honen buru, non ekintzaileek eta ekintzailetzako eragileek beren ahaleginak uztartuko baitituzte proiektuak hobetzeko eta, bide horretatik, ekonomia suspertzeko. Emprende2012 Foroa Ekintzailetzaren Euskal Zerbitzuak abiarazi duen espazio komunetako bat da, erakundeak, ekintzailetzako eragileak, inbertsiogileak eta ekintzaileak harremanetan jartzeko eta beren arteko networkinga bultzatzeko (kontaktu sarea zabaltzea eta bezero eta laguntzak detektatzea, bi alderdientzat onuragarria den ekintza plan bat adosteko). Foroaren edizio honetarako sei jarduera mota desberdin aurreikusi dira.

Datorren irailaren 12an BECera hurbiltzen diren euskal enpresariek 100 negozio ideia desberdin ezagutuko dituzte, eta horien bidez, ekintzaileekin harremanetan jartzeko formulak aurkituko dituzte arrakastaz aurre egiteko enpresetako etorkizuneko proiektu eta erronka berriei. Emprende Foroaren hirugarren edizio honetan (zeinaren helburua baita ekintzaileak, erakundeak eta ekintzailetzako eragileak elkartzea, beren ahaleginak, ideiak eta ezagutzak batu ditzaten eta, bide horretatik, enpresa proiektuak hobetu eta ekonomia suspertu dadin) aurkeztuko da “Ekintzailetzaren Euskal Zerbitzua”. Patxi López lehendakaria izango da Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak antolatutako ekitaldi honen buru. Iaz, ekintzaile, eragile eta erakundeetako ordezkarien artean, hiru bat mila lagunek parte hartu zuten, eta besteak beste, baliagarria izan da Ekintzailetzaren Euskal Zerbitzua sortzeko.

Emprende2012 eszenatoki bikaina da ekintzaileen elkarreraginerako, baina topagune bat ere bada enpresak eta ekintzaileak elkarrekin harremanetan jartzeko, non sektore guztietako ETEek aliantzak egingo baitituzte negozio ildo berriak garatzeko, erabat garatu gabe dauzkaten proiektuak martxan jartzeko, joint venture (kudeaketa tresna honen bidez bi enpresa edo gehiagoren arteko elkarte bat sortzen da aliantza komertzial bat egiteko eta horren bidez helburu partekatu bat lortzeko) sozietateak sortzeko edota lankidetzaren bidez atzerriko merkatuetara sartzeko. Ongi finkatuta dauden enpresek BECen ezagutuko dituzte erronka berriak bultzatzeko espiritu ekintzailea duten pertsonak.

Emprende 2012 Foroa Ekintzailetzaren Euskal Zerbitzuak abiarazi duen espazio komunetako bat da, erakundeak, ekintzailetzako eragileak, inbertsiogileak eta ekintzaileak harremanetan jartzeko eta beren arteko networkinga bultzatzeko (kontaktu sarea zabaltzea eta bezero eta laguntzak detektatzea, bi alderdientzat onuragarria den ekintza plan bat adosteko). Horri gehitu behar zaizkio beste eragile publiko nahiz pribatu batzuek garatutako jarduerak, Zerbitzuak berak sustatutako Cooperar para Emprender programaren bidez babestuak, bai eta beste espazio birtual batzuk, zeren sare sozialez gain, Ekintzailetzaren Euskal Zerbitzuaren atarian argitaratzen den guztia partekatua eta komentatua izateko prestatuta baitago.

Foroaren hirugarren edizioan sei jarduera mota desberdin aurreikusi dira: espazio batean 100 enpresari berrik dohainik azaldu ahal izango dizkiete beren proiektuak balizko bezeroei; ekintzaileek berek iradokitako tailer tematikoak antolatuko dira; inbertsiogileei proiektuei buruzko ahozko azalpenak emango zaizkie; eszenaratze egoki bat nola egin ikasteko ikastaroak eskainiko dira eta, beste espazio batean, ekintzaileek aukera izango dute esperientziak partekatzeko eta proiektuetan lankidetzan jarduteko.

Zehazki 15 tailer tematiko antolatuko dira, jarduera ekintzaile guztietan beharrezkoak diren gaiei buruzkoak eta enpresa berriak indartzera bideratuak. Tailerrotan, enpresa berrien erronkak eta balore pertsonalen garrantzia landuko dira: eskuzabaltasuna, beldurra gainditzeko ausardia, arazoak erlatibizatu eta buruzkatzeko umore ona, sortzaileagoak izateko gaitasuna.

Negozio Aretoan, doako 100 stand egongo dira, non ekintzaile berriek beren proiektua ezagutzera emango baitiete ekitaldian masiboki elkartzen diren finantzatzaile, administrazio eta bestelako enpresariei. Gainera, uztailetik aurrera Emprende lantaldea erakusle bakoitzarekin harremanetan jarriko da publizitate kartel bakoitzaren diseinua aztertzeko eta stand bakoitzaren QR kodeari lotutako miniweb-a osatzeko informazioa eskatzeko.

Beste bi jarduerak, “Elevator Pitch” eta “Speaker Corner” izenekoak, enpresa sortu berriak dituzten ekintzaileei zuzentzen zaizkie. Lehenengoan (Elevator Pitch), inbertsio proiektuak aurkezteko aukera izango dute, edozein dela ere zenbatekoa edo sektorea, eta bigarrenean, izenak berak dioen bezala (Speaker Corner), negozioa lehen aldiz aurkezteko esperientzia biziko dute, Londresko parkeko bakarrizketen estilora, non bat-batekotasuna izango baita osagai garrantzitsuena. Coacher profesionalez osatutako talde batek lagunduko diete aurkezpenak prestatzen, eta azalpena egiteko jarraibideak eta entseatzeko espazioa eskainiko diete.

Gainera, BECen ko-ekintzailetzari eskainitako espazio bat egongo da, ekintzaileek egin beharreko bidea ez dadin hain bakartia izan, eta aukera izan dezaten beste ekintzaile batzuk ezagutu, elkar osatu eta lankidetzan jarduteko. Azkenik, aipatzekoa da Networking espazioa, 50-75 lagunentzako tailer txiki bat, non ekintzaileek zukua aterako baitiete harremanetan jartzeko gaitasunari, eta 30 minutuko bizipen tailerrak non beldur eszenikoa gainditzeko tresnak aurkituko baitituzte.

Izen-emate kopuru dezente handia

Emprende2012 Foroan izena eman duten parte-hartzaileen kopurua iazkoa baino handiagoa da. Hala, dagoeneko 350 lagun inskribatu dira iazko uztailaren 22ko 300 lagunen aldean, 156 stand eskaera egin dira (Negozio Aretoa) 2011ko uztailaren amaieran 14 lortu ziren bitartean (gehienez 100 dira), eta beste 6 eskaera egin dira Elevator Pitch-erako (gehienez 10 dira), iaz abuztuan iritsi zelarik kopuru horretara. Bestalde, ireki denetik hona, Foroaren web orriak (www.emprende2012.net) 4.000 lagun ingururen 25.000tik gora bisita jaso ditu. Standei dagokienez, aipatzekoa da jaso diren 156 eskaeretatik, 23k bakarrik parte hartu zutela iazko edizioan eta printzipioz itxaron-zerrendan geratuko direla aukera eman nahi zaielako proiektu berriei; 65 EBZetatik edo beste agentzia batzuetatik datoz eta 22k ez dute babes publikorik.

Partekatu

Beste berri batzuk