Ingeteam-ek filialak ireki ditu Marokon eta Perun eta, horrela, nazioartean zabaltzen jarraitzen du
Ingeteamek, horrela, munduan lider izaten jarraitzen du energia sortzeko instalazioetako operazioko eta mantentze-lanetako zerbitzuak ematen.
Marokon, enpresak inbertsore fotovoltaikoak hornitu ditu eta 175,5 MW-ko potentzia instalatuko hiru eguzki-plantatan ematen ditu zerbitzuak.
Perun, konpainiak operazio- eta mantentze-lanak egiten ditu 80.000 biztanle hornitzeko nahikoa elektrizitate sortzen duten bi eguzki-parketan.
Ingeteamek bi filial berri ireki ditu Marokon eta Perun eta, horrela, bere nazioartekotze-plana sendotu du. Bi filial berri horien bidez, konpainiak energia sortzeko instalazioetako operazioko eta mantentze-lanetako zerbitzuetan munduan duen lider posizioa finkatzen du; 22 herrialdetan du presentzia. Bi filial horiek energia berriztagarrien sektorera bideratuta daude, gaur egun kontratu fotovoltaikoekin, baina herrialde horietan sektore eolikoan ere presentzia handitzea aurreikusten du.
Marokon, Ingeteameko 15 pertsonak operazio- eta mantentze-lanak egiten dituzte 71,5 MWp, 84,5 MWp eta 19,5 MWp-ko hiru instalazio fotovoltaikotan; instalazio horiek Afrikako iparraldeko handienen artean daude, eta, iaz, Ingeteamek inbertsore fotovoltaikoak ere hornitu zizkien. Sortutako energia Magreb herrialdeko banaketa elektrikoaren sarean injektatzen da eta Marokoko milaka etxetako eskari energetikoa asetzeko baliatzen da. Horrela, nabarmen murrizten da Marokok arlo energetikoan duen kanpo-mendekotasun handia; izan ere, kontsumitzen duen energia guztiaren % 90 arte inportatzen du. Proiektu honen garapena Marokok ezarritako helburuaren barruan sartzen da; horren bidez, sortzen duen energia guztiaren % 52 iturri berriztagarrietatik abiatuta eskuratu nahi du, 2030erako.
Bestalde, Afrikako kontinentean Ingeteamek, dagoeneko, 700 MW baino gehiago hornitu ditu inbertsore fotovoltaikoetan, eta Afrikako hegoaldeko bost intalazio fotovoltaikotako 230 MW-ren operazioko eta mantentze-lanetako zerbitzuen arduradun da. Gainera, Ingeteam, oraintsu, Malauin hiru azpiestazio babestu, kontrolatu eta neurtzeko sistemak hornitzeko eta abiarazteko adjudikazioduna izan da.
Perun, Limako filialak operazioko eta mantentze-lanetako zerbitzuak eskaintzen ditu sektore fotovoltaikoan, bi eguzki-plantatan, Arequipa eskualdean, Peruren hegoaldean. Parke horiek 2012an eraiki ziren, eta biek dituzte 22 MW-ko potentzia instalatua; elektrizitate nahikoa 80.000 biztanleri hornidura emateko.
Horietako bat Repartición eguzki-parkea da; eguzki-energiatik abiatuta elektrizitatea sortzen duen Amerikako Hegoaldeko lehen zentral fotovoltaikoa da. Bigarren planta Majes barrutian dago, eta 56.000 eguzki-panel baino gehiago ditu instalatuta 100 hektareatan.
Gainera, Ingeteamek, 2014an, bere power stationak hornitu zizkion 20 MW-ko instalazio fotovoltaiko bati; instalazioa Moquegua udalerriaren ondoan dago, Mariscal Nieto probintzian.
Filial hori ireki ondoren, Ingeteamek espero du Latinoamerikako merkatuan energia berriztagarriak sortzeko instalazioetarako potentziaren bihurgailuen eta operazioko eta mantentze-lanetako zerbitzuen hornitzaile gisa duen posizio nagusia finkatzea.