Ipar Amerikako inbertsiogile eta adituek goraipatu egin dute euskal enpresen berrikuntza-maila eta esperientzia

Bizkaia

  • 300dik gora lagun bertaratu dira USA Week ekitaldira eta ehun inguruk kontaktuak egin dituzte inbertsiogile iparramerikarrekin, enpresa proiektu estrategikoen berri izateko.
  • Parte-hartzaile iparramerikarrek aukera izan dute jarduera-kluster garrantzitsuenak ezagutzeko eta euskal azpiegituren sare nagusiak bisitatzeko: abiadura handiko garraio sareak eta Europako teknologia-gune eta EAEko energi zentro garrantzitsuenetako batzuk.

USA Week Europe enpresa topaketak Bilbon aurkeztu ditu AEBetan datozen hamar urteetan egingo diren proiektu garrantzitsuenak. Topaketa horren lehen edizioaren balantzea positiboa izan da eta, gainera, bertaratuek aukera izan dute ekonomiaren sektore aktiboenei (azpiegiturak, energia, teknologia eta industria) loturiko jardueren agenda trinko bat adosteko.  Ipar Amerikako inbertsiogile eta adituek –parte-hartzaileen arabera, maila handikoak direnek- goraipatu egin dituzte euskal enpresen berrikuntza-maila eta esperientzia.

Eusko Jaurlaritzak SPRIren (Enpresa Garapenerako Euskal Agentzia) bidez babestu du ekitaldi garrantzitsu hau, euskal enpresak animatu daitezen nazioartekotzera, hau da, beren ekonomi jarduerak munduan barrena zabaltzera. Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun sailburu Arantza Tapiak inaugurazio ekitaldian esan zuen ekimen honek garrantzi handia duela, aukera ematen dielako euskal enpresei enpresa arteko harremanak eta inbertsioa sustatzeko atzerriko merkatuetan. Bestalde, Eusko Jaurlaritzako zerbitzu sarea eta programak eskaini zizkien nazioartekotze edo hedapen proiektu berriak hasi nahi dituzten enpresa ekimenei. USA Week ektialdian eman zuen hitzaldian baita ere esan zuen sektore elektronikoko euskal enpresa garrantzitsu bat lankidetza hitzarmen bat adostekotan dela Ipar Amerikako beste enpresa batekin.

Enpresa topaketek iraun duten lau egunetan, Ipar Amerikako enpresa eta inbertsiogile interesatuek harremanak egin dituzte euskal jarduera-kluster eta enpresa-elkarte garrantzitsuenekin eta, gainera, EAEko azpiegitura sare garrantzitsuenak bisitatu dituzte: abiadura handiko garraio sareak eta Europako teknologia-gune eta EAEko energi zentro garrantzitsuenetako batzuk.

Egin diren lau jardunaldi sektorialetan inbertsio proiektu garrantzitsuak aurkeztu dira eta, bestalde, gako batzuk eman zaizkie Ipar Amerikan inbertitu nahi duten edo beren merkatua zabaldu nahi duten euskal enpresei. Azalera eta dimentsio datu garrantzitsu bezala, aipatuko dugu, Kalifornia eta Virginiako agintarien aurreikuspenen arabera, 150.000 milioi dolarretik gorako proiektu hauek eraikiko direla: 51 zubi berri, 339 autobide, lehorreko errepideak (7.500 milia) eta hiri garraioko azpiegiturak.

Energiaren arloan, eskisto-gasak (energiaren %10 denak) iraultza ekarri du Ipar Amerikara, 25.000 milioi dolarreko nazioarteko inbertsioa egin delarik azken bost urteetan.

Jardunaldietako batean elkartu ziren, batetik, Ipar Amerikako inbertsiogileak eta, bestetik, beren negozioak nazioartekotu, Ipar Amerikako merkatuan sartu eta beren enpresa eta proiektuentzat finantzaketa lortu nahi duten EAEko eta Europako enpresariak. Inbertsiogile guztiek azpimarratu dute diru ekarpen handiagoak egingo direla teknologiaren arloko enpresentzat. Enpresa inbertsiogileek eta kapitaleko funts amerikarrek batez beste ehunka mila dolarreko ekarpenak egin ditzakete gorabidean dauden proiektuentzat eta startup teknologikoentzat.

Usa Week topaketaren azken jardunaldian automobilgintza izan zuten aztergai eta aipatu zuten hauxe izango dela industria aeroespazialaren urrezko hamarkada. Agintariek segurtatu zuten jada badela 6.000 milioi dolarreko inbertsio pribatua industria horrentzat. Zentzu horretan, Nazioarteko Espazio Estazioko komandante eta astronauta ohi Michael López-Alegriak baieztatu zuen hainbat enpresak egin dituela hegaldi probak eta espazioko ibilaldi komertzial orbitalak eta azpiorbitalak.

Partekatu

Beste berri batzuk