Jaurlaritzaren enpresa-misioari esker Indiako merkaturako bidea zabaldu zaie EAEko konpainiei
Jaurlaritzak, bederatzi klusterrek, 78 enpresak eta, Lehendakaria buru, bidaian parte hartu duten beste erakundeek balantze positiboa egin dute.
Misioan 200 bat bilera egin dituzte, besteak beste, hiru ministrorekin; euskal enpresa baten instalazio bat inauguratu da eta Mondragon Korporazioarekin hitzarmen bat sinatu da ezarpen berriak ahalbidetzeko.
Euskadik irudi oso ona eman du: gaitasun handiko herrialdea, sektore lehiakorrak dituena eta industriari garrantzia ematen diona.
Gaur, Euskadi eta India lehengo astean baino hurbilago daude elkarrengandik. Patxi López lehendakariak bideratutako enpresa-misioari esker Asiako herrialde horretako merkaturako bidea zabaldu zaie euskal konpainiei. Helburu nagusia hori zen eta bete da, ongi bete ere; horretaz gain, euskal konpainien gaitasunak ezagutarazi dira, eta Euskadiko eta Indiako enpresen artean merkataritza-harremanak, kasu batzuetan, hasi egin dira eta, beste batzuetan, sendotu.
Enpresa-misioan honako hauek parte hartu dute: Eusko Jaurlaritzak, Arabako eta Gipuzkoako merkataritza-ganberek, hainbat sektoretako 78 enpresak, bederatzi klusterrek, Confebaskek, Tecnalia zentro teknologikoak, Bilbao Exhibition Center-ek, Bilboko Portuak, Orkestra Lehiakortasunerako Euskal Institutuak. Agente guztien arteko lankidetza (esaterako, ganberen eta enpresaburuen elkarteen artekoa) funtsezkoa izan da Indiako erakundeen aurrean sendotasun-irudia emateko.
Ordezkaritzako kideek 200 bilera baino gehiago izan dituzte eta Indian hazkunde-ahalmen izugarria dagoela egiaztatu ahal izan dute, sektore jakin batzuetan; hain zuzen ere, euskal enpresek sendotasun- eta lehiakortasun-maila handia duten sektoreetan. Dagoeneko 43 enpresak jarri dituzte ezarpenak Indian, eta laster gehiago izango dira.
Misioan izandako une garrantzitsuenak nabarmendu behar izanez gero, erakundeei dagokienez, hiru ministrorekin izandako elkarrizketak aipatuko ditugu: Hiri Garapeneko ministroarekin, Zientzia eta Berrikuntzako ministroarekin eta Energia Berriztagarrietako ministroarekin; halaber, Maharashtra estatu garrantzitsuko lehen ministroarekin ere bildu dira. India-Espainia Tribuna foro garrantzitsuan ere parte hartu dute. Betiere lehendakaria buru izanik.
Misioa Jaurlaritzak antolatu du Ganberen laguntzarekin eta Indian ezarrita dauden zenbait euskal enpresen indarra egiaztatu ahal izan dute. Punen instalatuta dauden bi enpresa aipatuko ditugu: Danobat eta RPK. Lehena Mondragon Korporazioko kooperatiba da eta euskal talde horrek herri horretan dituen bi poligonoetako batean instalazioa amaitzen ari dira. Bigarrena, aldiz, Gasteizko enpresa da eta aste honetan zabaldu berri du produkzioko instalazio berria, lehiakortasun-maila handiko konpainia baten atzerriko ezarpenaren eredu izanik.
Era berean, Bernabé Unda sailburua metroz joan zen New Delhitik Indira Gandhi nazioarteko aireporturaino; izan ere, Indiara joaten diren bisitari gehienek ikusten eta erabiltzen duten lehen azpiegitura horixe izaten baita, metroa. Bagoiak Beasaingo CAF enpresak egin ditu eta zerbitzuak primeran funtzionatzen du duela urtebete baino gehiagotik.
Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailaren ordezkaritzak bakarrik —Bernabé Unda sailburua buru— 33 topaketa profesional izan ditu, hainbat formatutan. Besteak beste, honako hauekin izan dira topaketak: Indiako patronalarekin (Confederation of Indian Industries), merkataritza-ganberen federazioarekin (FICCI), herrialdeko siderurgia-enpresa handienarekin (SAIL enpresa, 1,5 milioi langile ditu), Indiako Teknologia Institutuarekin, edo Plangintza Batzordearekin (herrialdean botere gehien duten erakundeetako bat).
Bidaiari esker, SPRI eta Mondragon erakundeen artean hitzarmena sinatu da Indiako Pune herriko Andori industria-parkean euskal enpresa gehiago ezarri ahal izateko; izan ere, industria-parkea Mondragon Korporazioarena da eta José María Aldecoaren taldetik kanpoko euskal enpresek ere bertan ezarpenak egiteko aukera izango dute aurrerantzean. Mondragonek 220.000 metro koadro ditu Punen (160.000 Andorin) eta horietatik, 40.000 metro kudeatu ahal izango ditu SPRIk.
Eusko Jaurlaritzako kideen agenda ofizialez gain, ordezkaritzan parte hartu duten enpresa eta erakundeek ere agenda bete-betea izan dute. Hori guztia lortzeko ezinbestekoa izan da SPRIk Mumbain duen bulegoak egin duen lana, baita Espainiako Enbaxadak Mumbain eta New Delhin dituen merkataritza-bulegoek egindakoa ere, eta ezin dugu aipatu gabe utzi Francisco Javier Elorza enbaxadoreak ere esfortzu pertsonal handia egin duela.
Horrela, bada, Eusko Ganberak erakundeak lankidetza-hitzarmena sinatu zuen astelehenean Indiako Merkataritza Ganberarekin. Azpiegiturekin (batik bat, trenarekin) loturiko sektoreko euskal enpresek negozio-bide berria zabaldu zuten Mumbaiko Metropoli Eskualdeko Garapen Agintaritzarekin. Bilera horretan SPRIk, Logistikako klusterrek, Mafex tren-elkarteak eta sektoreko enpresek parte hartu zuten eta zenbait euskal enpresa oso lehiakorrak izan daitezkeela egiaztatu ahal izan zuten, lehiakideek baino eskaintza merkeagoak egin ditzaketelako. 2008-2031 aldian, garraio publikoan eta autobideetan 50.300 milioi euroko inbertsioa egingo da eskualde horretan.
Sektore aktiboenetako bat makina-erremintarena (AFM) izan zen, nazioartekotze-maila handienetakoa duen aldetik. Puneko Merkataritza Ganberan egindako aurkezpenak arrakasta handia izan zuen. Orain sei enpresa dituzte Indian eta aurten zazpi izango dira. Automozioaren sektoreak (Acicae) ere agenda lepo izan du eta fabrikatzaile nagusien (Tata, Maruti-Suzuki edo Volkswagen) instalazioetara bisitak egin dituzte.
Siderex siderurgiaren aurreklusterraren kasuan, SAILekin izandako bileraren ostean Indian aukera berriak izan ditzake edo, Habic contract-aurreklusterrari dagokionez, Mumbaiko 20 arkitekto garrantzitsuenak bildu zituen eta aurreklusterrean biltzen diren enpresak aurkeztu zizkieten.
Mafex tren-arloko enpresen elkartea apirilean berriz itzuliko da Indiara, misio propioarekin. Oraingo misio honekin ateak zabaldu zaizkio. Duela zenbait aste, SPRIk Bilbon duen egoitza nagusian prestakuntzako jardunaldi bat izan zen eta Indiako konpainiak bertan izan ziren; jardunaldiak arrakasta handia izan zuen. Eraikuntzako enpresak biltzen dituen Eraikune elkarteak balantze positiboa egin du misioa amaitutakoan; elkartearen hirugarren enpresa-misioa izan da.
Energiaren sektorea aukera handieneko sektoreetako bat da. Energia Berriztagarrietako ministroak proposatutako, klusterreko eta Jaurlaritzako kideak Moser Baer plaka fotovoltaikoen enpresa ikustera joan ziren, lankidetzarako bideak bilatzen hasteko aukera egon baitaiteke. Era beran, India oso ongi ezagutzen duen klusterretako bat GAIA da, IKT sektorekoa; bereziki Karnatakako Bangalore eskualdea ezagutzen du.
BEC ere protagonista izan da egunotan. Bilera askotan mintzagai izan da, Makina Erremintaren Bienala dela-eta. Kontaktu asko egin dituzte eta eragin positiboa izango dutela pentsa daiteke.
Tecnaliaren kasua ere antzekoa izan da; lehen aldiz aurkeztu da Indian eta Europako erreferentziazko zentro teknologikoetako bat dela frogatu du. Bestalde, Orkestra Lehiakortasunerako Euskal Institutuak homologo indiarrekiko harremanak sendotu ditu eta urrian Euskadin izango den The Competitiveness International nazioarteko biltzarrean parte hartzera gonbidatu ditu.
SPRIk Indian eman diezaiekeen laguntzaren berri ere jaso zuten euskal enpresek. Guztira 35 enpresa bertaratu ziren Mumbaiko bulegora; bulego horretako negozio-zentroak hiru enpresari eskaintzen dizkie zerbitzuak, dagoeneko.
Eusko Jaurlaritzaren nazioartekotzeko beken onuradunentzat helmuga garrantzitsua da India; une honetan, bederatzi bekadun daude Indian, enpresetan, erakundeetan, elkarteetan eta SPRIn bertan banatuta.
Iturria: Eusko Jaurlaritza
Data: 2012/03/23