Jean-Michel Damaseri omenaldia larunbateko Miramongo Matinéean

Albisteak, Gipuzkoa

Gehienbat Euskadiko Orkestrako musikariz osatutako Groupe Damasienne taldeak duela hamar urte zendutako frantziar konpositore eta pianista bikainaren hiru obra interpretatuko ditu larunbat honetan, apirilak 22, 11:00etan, Miramonen. Sarrerak salgai daude 11 eurotan

Miramongo Matinéeak 22/23 Denboraldiko hamahirugarren hitzorduarekin datoz, kasu honetan Groupe Damasiennek eskainiko duena, ‘Hommage à Jean-Michel Damase’ izenburupean, larunbat honetan, apirilak 2211:00etan, Miramongo egoitzan. Taldea ia bere osotasunean Euskadiko Orkestrako musikariek osatzen dute: Itziar Prieto (biolina), Delphine Dupuy (biola), Pascale Michaud (biolontxeloa), Ander Erburu (flauta), Ivan Bragado (harpa). Christine Icart, hau ere harpajolea, da taldeko beste kidea.

 

SARRERAK HEMEN EROSI

 

Denboraldiko hamahirugarren Miramongo Matinée honen bezperan hamar urte beteko dira musikaren munduak Jean-Michel Damase konpositore eta pianista frantziarra galdu zuenetik. Kontzertu hau omenaldia izango da gizon xume eta apal bezain aparta honi, estilo paregabeko ekoizpen musikalduna bera.

Musika-giroan hazi zen Jean-Michel Damase, Gabriel Fauré eta Maurice Ravelen obrak sortu zituen Micheline Kahn harpajolearen semea baitzen. Alfred Cortoten ikasle, Parisko Musika Kontserbatorio Nazionalean egin zituen ikasketak Damasek, bertan graduatu zen eta hamabost urterekin pianoko lehen saria lortu zuen aho batez. Sari garrantzitsu gehiago lortzen jarraitu zuen hurrengo urteetan, eta kontzertista gisa ibilbide arrakastatsua hasi zuen. Pierre Barbizet, Lily Laskine eta Jean-Pierre Rampal bezalako interprete handiekin emanaldiak eskaini zituen.

Bere obra guztiak gaitasun instrumentalen ezagutza intimoa erakusten du, bere orkestrazioa osoa eta koloretsua da, baina ganbera-musika lehenetsi izan zuen beti, bereziki haize-instrumentuentzat, talde txikientzat eta flauta, harpa eta hari-boskotearentzat idatzitakoa.

Kontzertu honek harparako errepertorioa hartzen du ardatz, bere amak jotzen zuen instrumentua. Honako obrak entzun ahal izango dira: Bi harparako sonatina birtuosistikoa; Flauta, harpa eta biolontxelorako trio erritmikoa; eta Flauta, harpa eta hari-triorako kinteto liluragarri eta sentsuala.

Sarrera solteak (11€) salgai daude euskadikoorkestra.eus webgunean eta Kursaal Auditoriumeko leihatilan. Gainera, leku librerik geratuko balitz, orkestraren egoitzako leihatilan bertan eros ahal izango lirateke kontzertuaren egunean.

Miramongo Matinéetara eroso joateko, Euskadiko Orkestrak doako autobus-zerbitzua eskainiko dio kontzertua ikustera doazen abonatuei. 10:25ean abiatzen da autobusa Gipuzkoa Plaza 4tik eta geldialdiak egiten ditu Antso Jakituna 18an eta Madril Hiribidea 34an.

Partekatu

Beste berri batzuk