Juan Ignacio Pérezek hasiera emango dio BANZientzia proiektuari, Baserri Antzokian
Baserri Antzokia Fundazioak BANZientzia proiektua aurkeztu du. Horrek gaur eguneko ikerkuntza jarduerak eskaintzen dizkigun emaitzak modu ulergarrian gizarteratzea eta ikerlari ez diren pertsona arruntei, gazte zein helduei, helaraztea ditu helburu. Horretarako, ikerlari adituek azken emaitza zientifikoak solasaldi formatuan azalduko dituzte. Juan Ignacio Perez Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) errektore ohiak, BanZientziaren lehenengo hitzaldia eskainiko du martxoaren 27an. Berbaldiak “Korrika egiteko jaioak” duizenburua.
“Zientzia zentzu zabalean jorratu nahi dugu, hau da, natur zientziak ez ezik, baita gizarte zientziak ere. Gure ustez, askotan zientzia ez da jendearengana heltzen, eta beharrizan hori betetzearren sortu dugu BANZientzia. Ildo horretan, adin guztietako lagunak erakartzeko asmoa dugu. Espero dugu gaiak interesgarri suertatzea, txorierritarrak edota Txorierrin lan egiten duten lagunak erakartzeko”, esan dute antolatzaileek.
Hitzaldiak hilean behin, hilaren azken astelehenean antolatuko dira, 18:00etan. Bakoitzak 60 minutuko iraupena izango du; hizlariek 45 minutuko berbaldia eskaini ondoren, entzuleek galderak egiteko aukera izango dute. Fundazioko lagunek konpromiso bi hartu dituzte: batetik, hitzaldien gutxienez erdia izango dira euskaraz, jakinik euskaraz dakiten adituak aurkitzea ez dela erraza izaten; eta bestetik, hizlarien erdia emakumeak izango dira, berdintasunaren konpromisoari ere helduz.