Larunbat honetako Miramongo Matinéeak Lehen Mundu Gerra amaitu zenetik ehun urte igaro direla ekarriko du gogora
Euskadiko Orkestra Sinfonikoko kide diren metalezko instrumentuen bakarlariek osatutako boskote batek eta Donostiako Santa Mariako organoaren titularrak eskainiko dute ‘Bakearen aldeko kontzertua: 1918’
Larunbat honetan, urtarrilak 26, 11:00etan, Miramongo Matinéeak 18/19 Denboraldiaren erdira iritsiko dira zortzigarren hitzorduarekin, metalezko boskote bat eta organoa izango dituena protagonista.
Larunbat honetako programak gertakizun historiko garrantzitsu bat ekarri nahi du gogora: 1918ko Armistizioaren sinadura, Lehen Mundu Gerrari amaiera eman ziona lau urte baino gehiagoko Erdialdeko Inperioen eta Aliatuen arteko borroka gogorraren ostean. Bakea 1918ko azaroaren 11n sinatu zuten, aliatuen garaipen argi batekin eta Alemaniari baldintza oso gogorrak ezarriz. Aurrerago Versaillesko Itunean, benetan gerraren amaiera ofizialdu zuen itunean, berretsi ziren baldintza horiek.
Gertakari honen oroitza egiteko, musikariek gatazkaren bi aldeak ordezkatu zituzten herrialdeetan jaiotako autoreen obrak hautatu dituzte egitarauan, herrialdeok izan baitziren azken finean armistizioa sinatzearen arduradunak.
Programa eklektiko alai honetan, Muffat frantsesaren Tocatta prima, Handel alemaniarraren Water Music, Widor frantsesaren Bach’s memento, Delerue frantsesaren Vitrales, Naji Hakim libanotarraren Euskal dantzak, Khachaturian sobietarraren Ezpata-dantza eta Dupré frantsesaren Poema heroikoaren su artifizialak entzun ahal izango dira, Verdunen hil zirenei omenaldi batean.
Metalezko instrumentuen bakarlarien boskoteko kide guztiak Euskadiko Orkestra Sinfonikokoak dira: Jean-Luc Casteret (tronpa), Didier Bousquet (tronpeta), Miguel Echepare (tronpeta), Arnaud Mandoche (tronboia) eta Óscar Abella (tuba). Boskoteak Ana Belén Garcíarekin egin du bat, Donostiako Santa Mariako organo historikoaren titularrarekin, Matinée hau eskaintzeko.
Sarrera solteak (7€) salgai daude euskadikoorkestra.eus webgunean eta Kursaal Auditoriumeko leihatilan. Gainera, leku librerik geratuko balitz, Orkestraren egoitzako leihatilan bertan eros ahal izango lirateke kontzertuaren egunean.
Miramongo Matinéetara eroso joateko, Euskadiko Orkestrak doako autobus-zerbitzua eskainiko dio bertaratu nahi duen orori. 10:25ean abiatzen da autobusa Gipuzkoa Plaza 4tik eta geldialdiak egiten ditu Antso Jakituna 18an eta Madril Hiribidea 34an.
Miramongo Matinéeek Kutxa Fundazioaren babesa dute sortu zirenetik.