Lau euskal enpresa proiektu berritzaileentzako laguntzak jaso dituzten Europako 67 enpresaren artean

Gipuzkoa

Fast Track to Innovation programaren 2015eko bigarren deialdira 231 enpresa aurkeztu ziren eta programak Fagor Ederlan, Gamesa, Tecnalia eta Gogoa Mobility Robots enpresen proiektuak onartu ditu beste 12 ekimenekin batera. Lau euskal enpresek aurkeztutako hiru proiektuek ia 7 milioi euroko laguntzak jasoko dituzte. Fast Track to Innovation programa pilotu bat da, 200 milioi euroko zuzkidura duena 2015 eta 2016ko deialdietarako, eta merkatu fasetik oso hurbil dauden proiektuak onartzen ditu.

IMG_36551Lau euskal enpresa daude berrikuntza finantzatzeko Europako laguntzak eskuratu dituzten Europako 67 onuradunen artean, eta laguntza horiek Fast Track to Innovation programaren barruan kokatzen dira. Euskal enpresa horiek onartutako 15 proiektuetatik hirutan parte hartzen dute. Baina aipatzekoa da 231 proiektu aurkeztu zirela deialdira, beraz, arrakasta ukaezina da.

Horrez gain, Euskadiko lau enpresa onuradunak (Fagor Ederlan, Gamesa, Tecnalia eta Gogoa Mobility Robots) aukeratuak izan dira laguntzak jaso dituzten Espainiako hamar enpresen artean, eta horrek ere erakusten du Euskadik emaitza bikainak izan dituela. Fast Track to Innovation Europar Batasunak berrikuntza-ekintzak finantzatzeko erabiltzen duen bi instrumentu nagusietako bat da (bestea ETE Tresna da). Horizontea 2020 programan dago, hots, ikerketa, berrikuntza eta lehiakortasuna bultzatzeko munduko inbertsio programa publiko handienean. Europako Batzordeak 80.000 milioi euro ditu programa hori  2014-2020. epean gauzatzeko. Diru hori berrikuntza prozesuetako etapa guztietarako finantzaketa emateko erabiliko da, hasi oinarrizko ikerketatik eta produktua merkaturatu arte.

2015 eta 2016an 200 milioi euro banatuko dituen programa pilotu bat da Fast Track Innovation programa. Eta berezia da, laguntzak ez daudelako sektore zehatzetara zuzenduta, baizik eta helburutzat dutelako lidergo industrialaren eta erronka sozialen inguruko ideiak finantzatzea. Gainera, merkatuko fasetik oso hurbil egon behar dute. SPRI Taldeak (Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren menpeko enpresen garapenerako euskal agentziak) programa horretara sartzen laguntzen die euskal enpresei Entreprise Europe Network (EEN) sarearen bitartez, zeinak Europa hurbiltzen baitie enpresei eta aukera ematen baitie euskal ETEei EBko funtsak eskuratzeko. EEN-ek baditu bere baitan Europa osoko ia 600 erakunde, eta SPRI da Basque EEN Partzuergoaren koordinatzailea. Partzuergo horren barruan daude orobat Bilbo, Gipuzkoa eta Arabako Merkataritza Ganberak, Innobasque eta Beaz. Duela urtebete SPRIko zuzendari nagusi Alexander Arriolak, euskal gunearen arduradun den aldetik, 2020ra arte iraungo duen lankidetza akordio berri bat sinatu zuen.

Fast Track to Innovation programak hiru deialdi egin zituen 2015ean, bakoitza 33 milioi inguruko zuzkidurarekin. Lehenengoa apirilean itxi zen, 269 proposamenetik 16 onartu zirelarik, eta IK4-Tekniker euskal teknologi zentroak parte hartzen du horietako batean. Bigarrena irailean itxi zen, eta orain eman dira ezagutzera hari buruzko datuak. Izan ere, deialdi horretako onuradun dira hizpide ditugun lau euskal enpresak, eta arrakasta itzela izan da eurentzat. Hirugarren deialdia abenduan itxi da eta esleitzeko dago oraindik. Deialdi horretara aurkeztu dira proposamen gehien, 403 guztira, eta lehia handiagoa izango omen da antolatzaileen arabera.

Fagor Ederlan eta Tecnaliak ia hiru milioi euroko finantzaketa lortu dute fabrikazio aurreratuarekin eta energiarekin lotutako proiektu bati esker. Fagor Ederlan proiektuko koordinatzaile izango da eta Italia, Danimarka eta Frantziako enpresa banak ere parte hartuko du proiektuan. Gamesak 2,3 milioi euro eskuratu ditu energiaren sektoreko proiektu baterako, non bazkide gisa parte hartuko baitu Holanda, Grezia eta Erresuma Batuko beste lau enpresarekin batera. Azkenik, Gogoa Mobility Robots enpresak 1,5 milioi euroko laguntza eskuratu du osasun arloko proiektu batentzat. Frantzia eta Italiako bi enpresarekin eta Espainiako Ikerketa Zientifikoen Kontseilu Gorenarekin (CSIC) kolaboratuko du proiektu horretan, eta koordinatzaile-lanetan ere arituko da.

Laguntzak hiru sektore hauetara bideratu dira: fabrikazio aurreratua, energia eta osasuna. Izan ere, hiru sektore horiexetan zentratu du Eusko Jaurlaritzak bere Espezializazio Adimenduneko Ikerketa eta Berrikuntzako Estrategia (RIS3), espezializazio adimenduna baita Europar Batasunak bultzatu duen eredua, eskualdeek beren indargune diren sektore industrialak garatu ditzaten.

Fast Track to Innovation programak jarraipena izango du 2016an, baina aurreko urtean baino aurrekontu txikixeagoarekin: 93.145.000 euro banatuko ditu, kopuru bereko hiru multzotan, martxoan, ekainean eta urrian itxiko diren hiru deialditan. 2015-2016ko esperientzia pilotuaren emaitzen arabera erabakiko da programak jarraipena izango duen 2017an.

Partekatu

Beste berri batzuk