Lehen sektorearen euskarazko dibulgazioa sarituko da aurten ere

Albisteak, Bizkaia

NEIKERek zazpigarren urtez jarraian bere sari propioa du berriro ere CAF-Elhuyar Sarien azken edizioan; urtero egiten den lehiaketaren xedea da ikerketa zientifiko eta teknologikoen euskarazko zabalkundea aitortzea eta sustatzea.

2023ko edizioa «Begiratu urrunera» lemarekin garatuko da, Isaac Newton fisikariaren aipu ospetsu honi lotuta: “Urrunago ikusi badut, erraldoien sorbalda gainean eseri naizelako da”. Eta horixe da, hain zuzen ere, CAF-Elhuyar sarien zazpigarren edizio honetan lortu nahi dena: kultura zientifikoa zabaltzen laguntzea, egungo ezagutzetatik abiatuta eta etorkizunera begira.

NEIKER sari bereziak, berriz, 2.000 eurorekin saraituko du lehen sektoreari lotutako euskarazko dibulgazio artikulurik onenari. Leire Barañano NEIKEReko zuzendariak azaldu duenez, sariak zuzenean egiten du bat zentroaren filosofiarekin, hau da, “merkatura transferitu daitezkeen ezagutza eta soluzio oso teknologiko eta berritzaileak garatzearekin, nekazaritza-abeltzaintza eta basogintza sektorearen lehiakortasuna eta jasangarritasuna hobetzeko”.

NEIKERen sari berezia aurkeztutako lan guztien artean aukeratuko da, eta gainerako CAF-Elhuyar sariekin bateragarria da; beraz, NEIKER saria lortzen duen pertsona lehiaketako beste kategorietako bateko irabazlea ere izan daiteke. Hautagaiek bete behar dituzten baldintzak edo eskakizunak hemen aurki daitezke. Artikuluak entregatzeko azken eguna 2023ko otsailaren 6a da, eta esteka honen bidez egin daiteke.

Begirada etorkizunean jarrita

Begirada etorkizunean jarrita, egindako lanak hiru kategoriatara aurkez daitezke NEIKER saria jasotzeko. Lehenik eta behin, “Dibulgazio artikuluak” daude, eta azpikategoria banatzen dira: bata, ikerketa lan orokorrak, eta bestea, doktore tesian oinarritutako artikuluak. Azpikategoria bakoitzean, irabazleak 2.000 euroko saria, Elhuyar aldizkariaren urtebeteko harpidetza eta Imanol Andonegi Mendizabalen eskultura bat jasoko ditu.

Bigarrenik, “Zientzia kazetaritzako lanak” daude, lehen kategoriaren sari berdinarekin; eta, azkenik, “Sorkuntza beka” dago. Kategoria horretan euskaraz sortutako proiektuak aurkeztuko dira, gai zientifiko-teknologikoak gizarteratzeko beste modu batzuk lantzen dituztenak. Horren ardatz nagusia da esparru zientifiko-teknologikoaren eta gizartearen arteko kontaktua modu berritzailean lantzea, eta saria 5.000 eurokoa izango da.

Partekatu

Beste berri batzuk