Luis Liz Marzán Zientzien Errege-Akademiako kide izendatu dute

Gipuzkoa

Luis Liz Marzán, Ikerbasqueko ikertzailea eta CIC biomaGUNE ikerketa-zentro kooperatiboko zuzendari zientifikoa, Espainiako Zientzia Zehatzen, Fisikoen eta Naturalen Errege-Akademiako kide urgazle izendatu dute.

liz-marzanIzendapen honekin, hiru dira erakunde horretako kide bihurtu diren CIC biomaGUNE eta CIC bioGUNE Euskadiko biozientzien arloko erreferentziazko zentroetako ikertzaileak.

Bi zentroetako zuzendari nagusia, José María Mato, eta Soledad Penadés biomaGUNEko ikertzailea ere Espainiako erakunde zientifiko nagusiko kideak dira.

Liz Marzán, BiomaGUNEko zuzendaria da 2013aren hasieraz geroztik. Kimikan doktoratu zen Santiago de Compostelako Unibertsitatean, eta lotura estuak ditu Vigoko Unibertsitatearekin, hango Kimika Koloidaleko Ikerketa Taldea zuzendu baitzuen 17 urtez, euskal zentroko zuzendari zientifiko izendatu baino lehen.

Zientzialariak Kimika Koloidalean eta Nanoplasmonikoan garatu du bere ikerkuntza-lana, biomedikuntzarako aplikazioak lortzeko asmoz.

Zientzia Zehatzen, Fisikoen eta Naturalen Errege-Akademia matematika, fisika, kimika eta ingeniaritzaren inguruko ikerketan diharduen erakunde publikoa da, Espainiako Institutuari atxikitakoa.

Erakundeak, jatorriz, zientzia gaien inguruko aholkularitza ematen zien botere publikoei, baina azken urteotako bilakaeraren ondoren, gaur egun, erakunde publikoei nahiz enpresa pribatuei zuzendutako txostenak lantzeaz gain, zientzia arloko aurrerapenak gizartean dibulgatzeaz ere arduratzen da.

Partekatu

Beste berri batzuk