Makina-Erreminta eta Fabrikazio Teknologien hiriburua izan da Parkea hiru egunez
- Ehundaka pertsona hurbildu dira hiru eguntan Parkeko eraikin nagusira, Makina-Erreminta eta Fabrikazio Teknologien 19. Biltzarrean partehartzeko.
Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkea fabrikazio teknologien topagune bilakatu da hiru egunez, Makina-Erraminta eta Fabrikazio Teknologien 19. Biltzarra egin baita bertan ekainaren 12tik 14era. Metalaren fabrikazioan nahiz fabrikazio mekaniko aurreratuan jarduten diren ikertzaile, teknikari, enpresaburu, irakasle eta ikasleek euren ezagutza eta esperientziak partekatu dituzte ehundaka lagun bildu dituen topaketa honetan. Metalaren fabrikazioaren nahiz fabrikazio mekanikoaren azken joerak ezagutzeko aukera izan dute bertaratu direnek, bai hitzaldi edo mahai-inguruetan, baita standetan ere.
Europar Batasuneko I+G programen lehentasunekin lotutako 45 txosten baino gehiago aurkeztu dira, fabrikazioari eta bereziki “Factories of the Future” programaren “roadmap” delakoari dagozkionak. Aeronautikara eta automoziora bideratutako fabrikazio-teknologiak, makina handien eta pieza handien diseinua eta fabrikazioa, iraunkortasuna, makinen adimena eta prozesuak, bai eta mekanikazio- eta deformazio-prozesuen hobekuntza ere izan dira biltzarreko gai nagusiak.
Amaiera ekitaldian Kongresuko sariak banatu dira: IK4-Idekoko Alberto Mendicute eta Mikel Zatarainek ponentzia onenaren saria eskuratu dute; Lazpiur enpresak ponentzia berritzaileenaren saria jaso du; eta azkenik, Iñaki Arrizubieta, Bilboko Injinieritza eskolako Makina-Erreminta gelako ikasleak errekonozimendu berezia jaso du, berak aurkeztutako proiektu batengatik.