Musika eta Teknologia uztartu zituzten 90 musikarik Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkean

Gipuzkoa

  • Francisco Escudero Musika Kontserbatorio Profesionalak, Donostia eta Azkoitiako Musika eskolekin eta Bizkargi Haur Abesbatzarekin elkarlanean antolatutako kontzertuak 100dik gora ikusle bildu zituen.

“Pelikuletako Musika” kontzertuak XX. mendeko filme entzutetsuen soinuz bete zituen Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkeko bazterrak maiatzaren 17an, ostiralez. Bizkargi Haur Abesbatza, Donostia eta Azkoitiako Musika Eskolak eta Francisco Escudero Musika Kontserbatorio Profesionalaren eskutik etorri ziren hainbat eta hainbat doinu ezagun eta ospetsu, besteak beste the Pink Panther, Supercalifragilisticoespialidoso, Glen Miller Mix, Lo más vital, Alley Cats, Moon River, Flutes Holiday, Peter Gunn, My Favorite Things, Baby Elephant, Chim-Chimini, It had better be tonight, Typewriter eta Do-Re-Mi.

30 flauta-jole eta 60 abeslarik parte hartu zuten kontzertuan, bertara hurbildutako 120 ikusleei une gogoangarriak biziaraziz. Antolatzaileen esanetan, Kontserbatorioa eta musika eskolen arteko elkarlanaren adibide ezin hobea izan da emanaldia; maiatzean egin ohi duten topaketaren barruan kokatzen da, ikasle eta irakasleak bilduz esperientzia aberasagarriak lortzen dituzte.

Oraingo honetan, adin guztietako pertsonak biltzeko balio izan du musikarien topaketak, gizakia bezain zaharra den arte nagusienetako bat, musika alegia, teknologiaren adierazgarri nagusienetakoa den agertokian, Parkean, jarriz.

Partekatu

Beste berri batzuk