NEIKER basoko faunaren gaixotasunak eta etxeko espezieetara egon daitekeen transmisioa aztertzen ari da

Araba

Zentro teknologikoak Euskal Autonomia Erkidegoko basoko animalien zaintza sanitarioa egiten du

Administrazioetako teknikariak, animaliak suspertzeko zentroak eta basoko faunaren kudeaketari lotutako erakundeak izan ziren jardunaldian

Neiker Tecnalia, Instituto de InvestigaciÛn y Desarrollo Agrario, Ganadero, Forestal y del Medio Natural, Derio, Bizkaia, EuskadiPR: 7475Basoko faunaren gaixotasunei eta etxeko espezieetara gertatu daiteken transmisioari buruz informatzea, eta horiek prebenitzeko eta tratatzeko neurriak izan dira NEIKER-Tecnalia Nekazaritza Ikerketa eta Garapenerako Euskal Erakundeak egin duen ikerketaren aztergaiak. Jasotako informazio guztia administrazioetako teknikariak, animaliak suspertzeko zentroak eta basoko faunaren kudeaketari lotutako elkarteak eta erakundeak biltzen dituzten topaketetan zabaltzen da.

Ikerketa hauek NEIKER-Tecnaliak Euskadin basoko espezieen Zaintza Sanitariorako Programan egiten duen lanaren baitan kokatzen dira, eta helburua da animalien osasunean eta osasun publikoan eragin berezia duten patologiek ingurune naturalean duten prebalentzia eta banaketari buruz informazio osatuagoa jasotzea, horien artean egonik, hegazti gripea eta tuberkulosia.

Hainbat gaixotasunen azterketa epidemiologikoa egiteko tresnarik onenetakoa zaintza planak ezartzea da, batez ere gizakiarengana eta etxeko abereengana transmititu daitezkeenei dagokienez. Lanaren emaitza gisa, NEIKER nekazaritzako ikerketa eta garapen zentroak, ELIKA eta hiru Foru Aldundiekin lankidetzan, gida eta bideo bat argitaratu du, “Basabereen zainketa sanitarioa. Ehiza animalien laginak hartzeko gida” izenburupean, zeina lurralde osoan banatuko den eta NEIKERen webgunean ere eskuratu ahal izango den. Gidaren bitartez, basoko faunaren hainbat gaixotasunen zaintza sanitario eta kontrol egokia egiteko analisiak egiteko zein lagin behar diren zehaztu nahi da, baita ere laginak akabatutako animalietan lokalizatzeko eta jasotzeko modua, eta zein den kontserbatzeko modurik onena laborategira bidali bitartean. Laginak hartzeko xehetasuna bideoan ikusi daiteke, basurdea adibidetzat hartuta.

Euskadin basoko espezieen zaintza sanitarioaren helburu nagusia da basoko faunaren egoera sanitarioa zehaztea. Horretarako, beraien habitat naturalean jasotako animaliak edo ehizako espezieen erraiak NEIKER-Tecnaliako laborategietara bidaltzen dira. Bilketa hiru Foru Aldundien eta basoko fauna kudeatzen duten beste organo batzuen laguntzarekin egiten da. Gorpuen azterketak heriotzaren kausak zehaztea ahalbidetzen du, eta, heriotza gaixotasun baten ondorioa izan bada, horren kontrola kudeatzeko hartu beharreko neurriak abiarazten dira.

Aztertutako animaliak dira basurdeak, orainak, orkatzak, erbiak, hainbat karraskari eta hegazti espezie, eta baita hainbat haragijale ere, hala nola azkonarra eta azeria. Ikertzaileek gaixotasunen presentzia aztertzen dute, hala nola hegazti gripea, behien tuberkulosia, yersiniosia eta hidatidosia, baita ere mihi urdina, mukieria eta hazteria, besteak beste.

Partekatu

Beste berri batzuk