NEIKER erregenerazio praktikak ikertzen ari da lur emankorragoak eta biodibertsitate handiagoko larreak lortzeko
- Helburua nekazaritza erregeneratiboko teknikak proposatzea da, artzaintzan oinarritutako abeltzaintza sistemen kudeaketa iraunkorra lortu ahal izateko.
- Proiektua Europar Batzordeko LIFE+ programaren barruan hautatu dute.
Larre osasuntsuago, emankorrago eta landare biodibertsitate handiagoko larreak lortzea da NEIKER-Tecnalia-Nekazaritza Ikerketa eta Garapenerako Euskal Institutuak gidatzen duen LIFE Regen Farming proiektuaren helburua. Ekimenaren abiapuntua larreak gobernatzeko praktikarik onenak identifikatzea, frogatzea, barreiatzea eta transferitzea da, eta abeltzain eta nekazariei nekazaritza erregeneratiboko teknikak proposatzea, lurra eraginkorrago eta iraunkorrago kudeatu ahal izateko. Proiektu horretarako, NEIKER-Tecnaliaren bazkideak dira Nafarroako Elikadura Teknologien eta Azpiegituren Institutua (INTIA) eta Urduñako Udal Sozietate Publikoa (Urduñederra, SL). Ikerketa Europar Batzordearen LIFE+ programaren barruan hautatu dute.
Nekazaritza eta abeltzaintzako ekoizpen handiagoa lortu nahian, larreak kokatzen diren lurrek produkzio intentsiboko praktikak nozitzen dituzte, eta horrek kalitateari eta iraunkortasunari egiten die kalte. Arazo horri irtenbideak bilatzeko, NEIKER-Tecnaliak oinarrizko bost jarduera ildo testatu nahi ditu, nekazaritza erregeneratiboan oinarrituta, eta hauek dira: pestizidak, herbizidak eta ongarri kimikoak kentzea; ongarri organikoak erabiltzea; larretan zuzeneko ereintzak egitea; belar espezie iraunkorrak erabiltzea, eta artaldeei zuzendutako artzaintza garatzea. Praktika horiek datozen hiru urteetan probatuko dira, ingurumenaren aldetik zein ekonomiaren aldetik bideragarriak diren zehazteko.
Zuzeneko ereintza esaten zaion praktika lurrean zulo txikiak eginez gauzatzen da, eta haziak horietan zabaltzen dira. Metodo horrek nekazaritzan konbentzionalki egin ohi diren eta larreko lurra erosionatzen duten ildoak egitea galarazten du. Horrez gain, belar espezie iraunkorrak erabiltzeak belarrak denbora gehiago irautea ahalbidetzen du, eta horrek lurraren integritatea luzerago mantentzen du.
LIFE Regen Farming proiektuan inplikaturiko teknikariek, halaber, zuzendutako artzaintza esaten zaionaren aukerak aztertuko dituzte. Horren arabera, ganadua leku jakin batzuetara eta unerik egokienetan eramaten da, produkzio optimizatzeko eta larreak hobeto aprobetxatzeko helburuarekin. Gainera, denbora jakin batez larreei atseden emateko aukera ere aztertuko da, lurra lehengoratu ahal izan dadin.
Saiakuntzak Arkauti, Orreaga eta Urduñan
Saiakuntzak sail hauetan dauden larreetan egingo dira: NEIKER-Tecnaliak Arkautin dituen sailak (Araba), INTIAk Orreagan (Nafarroa), latxa ardiaren bazkarako ekoizpen ekologikoko zelaiak; eta Urduñan, esne eta haragitarako ganadurako larreak. Helburua praktika erregeneratibo horiek bestelako baldintza agroklimatiko batzuetan testatzea da, beste ezaugarri batzuk dituzten lurretan aplikatu eta gero praktika berrien emaitzak jakiteko.
Ikerketa 2016ko ekainean amaituko da, eta hartzaile nagusiak dira abeltzainak, nekazariak, lehen sektoreko teknikariak, nekazaritza eta artzaintza eskolak eta udal administrazioak. LIFE Regen Farming proiektuaren emaitzek lareak eraginkorrago, iraunkorrago eta errentagarriago kudeatzeko balioko dute.
1,3 milioi euroren aurrekontua
NEIKER-Tecnaliaren proiektua Europar Batzordearen LIFE+ programak aukeratu du, 2012ko deialdian jasotako 1.150 ekimenen artetik. Aurrekontua 1.338.000 euro da, eta horietatik 669.000 Europar Batasunak finantzatuko ditu eta gainerakoa proiektuaren bazkideek: NEIKER, INTIA eta Urduñederra.