NEIKER investiga el potencial de bacterias autóctonas para su empleo como biofertilizantes

Bizkaia

Bioongarriak ongarri kimiko konbentzionalekiko alternatiba jasangarria dira

Ikertzaileak hautatutako bakterio autoktonoen eta bertako nekazariek artisau moduan landutako prestakin bioongarritzaileen ahalmena aztertzen ari dira, bioongarri komertzialekin eta ongarri kimiko konbentzionalekin alderatzeko

Neiker biofertilizante 1NEIKER-Tecnalia, Nekazaritza Ikerketa eta Garapenerako Euskal Institutua bioongarritzeko ahalmena duten bakterio autoktonoak ikertzen ari da, bakterio horiek landareek nutrienteak atxikitzea eragiten baitute, fiitohormonak sortzea eta fitopatogenoak kontrolatzea. Ikerketa oso interesgarria da nekazarientzat, bakterioetan oinarritutako bioongarriak ongarri kimiko konbentzionalen alternatiba direlako, horiek, garestiak izatez gain, ez baitira hain jasangarriak ingurumenaren ikuspegitik.

Bioongarritzeko ahalmena duten bakterio autoktonoak hautatzearen azken helburua bakterio anduien banku bat sortzea da, ondoren bioongarrien formulazioetan erabiltzeko. Bakterio horiek lurrean dauden nutrienteen bioerabilgarritasuna areagotzeko ahalmena dute, horrenbestez, laboreek asimilatu ahal izan ditzaten; gainera, landareen hazkundea bultzatzen duten hormonak sortzen dituzte eta zainak garatzen laguntzen dute. Abantailetako beste bat da landareetan gaixotasunak eragiten dituzten lurreko beste mikroorganismo batzuk ere borrokatzen dituztela.

Ongarri eta pestizida konbentzionalak ez gehitzeko alternatiba

Bioongarrien helburua ongarri kimiko konbentzionalak osatzea edo, ahal denean, ordeztea da, haiek gutxiago erabili ahal izateko eta, ondorioz, onura ekonomikoa eta ingurumenekoa lortzeko. Ildo horretan, bioongarrien formulazioetan erabilitako bakterioek lagundu egiten dute landareek berez nutriente kantitate handiagoa har dezaten, nutrienteak lurrean modu naturalean egonik ere, batzuetan gerta baitaiteke landareek ezin izatea asimilatu. Aldiz, ongarri kimiko konbentzionalek elementu kimikoak eransten diote lurrari eta horiek, ongarritu egiten badute ere, azkenean akuiferoak kutsatzen bukatu dezakete, ez badira dosi eta une egokietan ematen.

Horrez gain, formulazio bioongarritzaileetan dauden bakterioak lurreko beste mikroorganismo batzuekin lehiatzen dira eta, ondorioz, zailagoa izango da laboreetan plagak agertzea eta, beraz, pestizida gutxiago erabili beharko da.

NEIKER-Teknaliako ikertzaileek bakterio autoktonoen anduiak isolatu dituzte lurreko eta landare ehunetako laginetatik. Ondoren, in vitro analisien bitartez, hautagairik onenak aukeratu dituzte eta, gaur egun, letxuga landaketen gainean ari dira probak egiten (letxuga azkar hazten delako aukeratu da), baldintza kontrolatuekin erabiltzen diren hazkunde kameretan. Esperimentuak, beste helburu batzuen artean, ahalmen bioongarritzailea duten bakterioen eta bertako nekazariek artisau moduan landutako prestakin bioongarritzaileen ahalmena frogatu nahi dute, bioongarri komertzialekin eta ongarri konbentzionalekin alderatuta, lur pobreetako emankortasuna handitzeko eta, zehazki, erroei kalte egiten dien Sclerotinia sclerotiorum patogenoaren eraginari aurre egiteko. Esperimentuan, halaber, beste ongarri organikoen eraginkortasuna probatuko da, horien artean japoniar jatorriko bokaxi motako konpostarena. Azken urratsa bioongarrien eraginkortasuna frogatzea izango da, landa baldintza errealetan.

NEIKER-Tecnaliaren ikerketak oso bide interesgarria irekitzen du sintesi kimikoko ongarrien eta pestiziden erabilera murrizteko, horiek arriskuak baitakartzate ingurumenerako eta kostu ekonomiko handia eragiten baitute nekazarientzat.

NEIKER-Tecnalia, erreferentziazko zentroa lehen sektorearentzat

NEIKER-Tecnalia Nekazaritza Ikerketa eta Garapenerako Euskal Erakundea Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politikarako Sailburuordetzaren mende dagoen irabazi asmorik gabeko sozietate publikoa da. Zentro teknologikoak I+Gko helburu hauek lortzeko konpromisoa dauka: nekazaritzako ekoizpen sistemen produktibitatea eta lehiakortasuna hobetzea, ustiapenetan kudeaketa teknologia berriak garatu eta aplikatzea, eta nekazaritzako elikagaien eraldaketa industriari, balio bereizgarria duten produktuei eta, oro har, kontsumitzaileei dagozkien kalitate baldintzak betetzea.

Partekatu

Beste berri batzuk