NEIKER-Tecnalia APP bat lantzen ari da mahastietan gaixotasun arriskua prebenitzeko
Iragarpen eredu berri bat sortu du, beste sistema prediktibo batzuek baino informazio gehiago sartzeko, mahastizainei mahastien gaixotasunak kontrolatzen laguntzeko
Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politikako Sailburuordetzaren mendeko sozietate publiko NEIKER-Tecnalia, Nekazaritza, Ikerketa eta Garapenerako Euskal Erakundea eredu berri bat lantzen ari da mahastietan gaixotasun arriskua iragartzeko. Iragarpen eredu berria telefono mugikor eta tabletetarako APPVid aplikazio informatikoan erabiliko da, eta aukera emango die Arabako Errioxako eta txakolinaren ekoizpen eremuetakoei euren mahastien egora sanitarioa ezagutzeko zehaztasunez eta denbora errealean.
Gaur egungo iragarpen eredu gehienek informazio meteorologikoa baino ez dute erabiltzen beraien kalkuluetan. NEIKER-Tecnaliaren eredu berriak beste datu esanguratsu batzuk ere jasotzen ditu partzela bakoitzaren ezaugarri bereziei dagokienez, aldatu egiten baitira batetik bestera. Gainera, partzelen egoera bilakatu egiten denez eta ez denez estatikoa, NEIKER-Tecnalia lantzen ari den eredua egokitu egin ahal izango da denboran, erabileraren poderioz ikasten joango delako. Horretarako, machine learning edo ikasketa automatikoan oinarrituko da; adimen artifizialaren esparru horrek ikasteko gai diren eredu adimendunak eraikitzen ditu.
APPVid erabiliz, mahastizainek informazioa eskuratuko dute mahastiak kanpainan zehar behar dituen tratamendu fitosanitarioak planifikatzen laguntzeko, eskualde ekoizle guztietan modu endemikoan eragiten duten gaixotasun fungiko foliar nagusiak tratatzeko, horien artean oidioa, mildiua eta botritisa, eta, ondorioz, efikazia hobetzeko eta tratamenduen kantitatea eta kostuak murrizteko. Horrek guztiak ingurumen iraunkortasunean lagunduko du eta produktibitatea hobetuko.
APPVid garatzeko proiektuan partaide dira halaber Arabako Errioxako Upategien Elkartea (ABRA), Arabako Nekazari eta Abeltzainen Kooperatiba (AGA, S. Coop.), HAZI (landa ingurune, itsasertz eta elikadura garapenerako sozietate publikoa), Ager Technology SL eta Arabako Errioxako upategiak –Artuke, Eguren Ugarte, Gil Berzal, Tierra eta Ostatu– eta Arabako Txakolinaren jatorri izendapenari atxikitako Beldui upategia.
APPVid Eusko Jaurlaritzako Landa Garapenerako Programaren bitartez finantzatzen da, eta bat dator euskal exekutiboaren lehentasun estrategikoekin, izan ere, bere garapenarekin, mahatsak eta ardoak balio erantsia handitzea lortuko dute, produktua berezitu egingo delako ingurumenari eta ekoizpen iraunkorrari dagokionez (Ekonomia Berdea). Gainera, Europako Landa Garapenerako Sareak (ENDR) APPVid aukeratu du Praktika Onen adibide moduan, mahastiko gaixotasunak kontrolatzeko erantzukizunean egindako ekarpenagatik, fitosanitarioen zentzuzko aplikazioan oinarrituta, horrek dakarren ingurumen onurarekin eta aurrez ekonomikoarekin.