NEIKERek eta Inkoak patataren balio kate osoan berrikuntzak sustatzeko proiektu bat gidatuko dute Afrikako ekialdean

Araba

Nagusiki Ruandan, Ugandan, Kenyan eta Tanzanian jardungo dute.

Ezagutzak trukatzeko foro bat sortzea aurreikusita dago, eta bertan patataren alorreko ikerkuntzan gehien nabarmentzen diren erakundeek hartuko dute parte

Proiektuak garapen ekonomiko eta soziala bultzatuko du eta Afrikako ekialdean elikagaiak ziurtatzen lagunduko du

NEIKER ÁfricaPatataren kalitatea hobetzeko teknologiarik egokienak eta berritzaileenak sustatzea da Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politikarako Sailburuordetzaren mende dagoen NEIKER-Tecnalia, Nekazaritza Ikerketa eta Garapenerako Euskal Institutuak eta Inkoa nekazaritzako elikagaien enpresak elkarrekin gidatuko duten proiektuaren helburua. Ekimena Ruandan, Ugandan, Kenyan eta Tanzanian garatuko da, eta nekazaritzako produktu horren balio kate osoaren ikerketa hartuko du bere baitan. Proiektuak garapen ekonomiko eta soziala bultzatuko du eta Afrikako ekialdean elikagaiak ziurtatzen lagunduko du Proiektuaren iraupena 2 urte izango dela aurreikusten da, eta aurrekontua 976.000 eurokoa da, zeina  ACPk finantzatuko baitu (The Secretariat of the African, Caribbean and Pacific (ACP) Group of States)  ACP-EU Co-operation Programme in Science and Technology (S&T II) egitasmoaren baitan

Saharaz hegoaldeko Afrikan 1994az geroztik patataren ekoizpena bikoiztu egin da, eta ezinbesteko produktu bihurtu da gosea eta muturreko pobrezia murrizteko. Garapen horretan beharrezkoa da teknologia eta praktika berritzaileagoak ezartzeko laguntza izatea, patatari etekin handiagoa ateratzeko. Hori da, hain zuzen, NEIKER-Tecnaliak eta Inkoak beren proiektuarekin egin nahi dutena, honako hiru hartzaile hauentzat izango baita nagusiki: patataren alorrean diharduten gobernuko erakundeak eta ikerketa zentroak; labore horren balio katean parte hartzen duten pertsona guztiak, eta, azkenik, eskumen politikoak dituzten gobernuko erakundeak.

NEIKER-Tecnaliako ikertzaileek eta Inkoako profesionalek  patataren arloa  berritzeko teknologia eta praktikari buruzko ikerketen egoera aztertuko dute programaren barruan dauden bost herrialdeetan. Egoera aztertu eta gero, NEIKER-Tecnaliak eta Inkoak “East Africa Potato Research and Knowledge Exchange Forum – Afrika Ekialdeko Patatari buruzko Ikerketa eta Ezagutzaren Trukerako Foroa” izeneko proiektua jarriko dute abian. Foroan Afrikako alde horretan patataren ikerketan diharduten erakunde garrantzitsuenek hartuko dute parte, eta esperientziak eta ezagutzak trukatuko dituzte, horien artean egonik Paparen Nazioarteko Zentroa (CIP), Kenyako Nekazaritza Ikerketarako Institutua (KARI) eta Ugandako Nekazaritza Ikerketarako Erakunde Nazionala (Naro).

Ikerketa erakundeentzat ez ezik, proiektua elikagai horren balio katearekin erlazioa duten pertsona guztientzat ere izango da, hau da, patata landatzen denetik banatu eta jendeari saltzen denera arte inplikatuta dauden pertsona guztientzat. Pertsona horien artean daude nekazari txikiak, eraldaketa enpresak zein nekazaritzako produktuen ikuskapenerako zerbitzu nazionaletako langileak.

Nekazaritzako produktuen ekoizpenari eta banaketari buruzko politikak lantzeko eskumena duten gobernuko erakundeak dira proiektuaren azken hartzaileak. Kontua da lege eta erregelamenduetan aldaketak sustatzea, patataren balio kate osoan berrikuntza eta ikerketa bultzatzeko. Hitz batean, patataren balio kateari eragiten dioten guztiek patatarekin erlazioa duten teknologiarik onenak eta praktikarik berritzaileenak ezagutzea eta erabiltzea da proiektuaren helburua.

Afrikako bertako bazkideak

Programa gauzatzeko, NEIKER-Tecnaliak eta Inkoak bazkideak dituzte Afrikan bertan, eta horiek arduratuko dira herrialde bakoitzean ekintzak aplikatzeaz. Bazkide diren erakundeak hauek dira: Nairobiko Unibertsitatea, Kenyan; ARI-Uyole Nekazaritza eta Abeltzaintzako Ikerketarako Institutua, Tanzanian; Makerereko Unibertsitatea (MAK), Ugandan; eta Elikagaien Zientzia eta Teknologiako Kigali Institutua (KIST), Ruandan.

Ekintzak baditu, halaber, beste bazkide laguntzaile batzuk, esaterako hauek: Paparen Nazioarteko Zentroa, Kenyako Nekazaritza Ikerketarako Institutua, Kenyako Paparen Kontseilu Nazionala eta Ugandako Nekazaritza Ikerketarako Erakunde Nazionala. Erakunde horien partaidetzarekin errazagoa izango da, neurri handian, emaitzak zabaltzea eta eskumena duten agintaritzek jarduteko gomendioak aplikatzea. Era berean, Afrikako ekialdean patataren balio katean parte hartzen duten alde guztien partaidetza bultzatzeko balioko du.

Partekatu

Beste berri batzuk