Nola ebaluatu itsaso eta kostaldeetako uraren kalitatea teknika efiziente eta jasangarriagoekin?

Albisteak, Bizkaia

AZTI zentro teknologikoa Europako Monitool proiektuan parte hartzen ari da, uraren kalitatea eta egoera zehatz-mehatz neurtzeko tresna berriak balioztatzeko ekimen baten barruan

Ikerketa azterketa fasean dago une hauetan, eta 700 lagin baino gehiago analizatu ditu 3 teknika desberdinekin

Itsasoko urak, eta batez ere estuario eta kostaldeetakoak, etengabe fluktuatzen du. Fenomeno horrek ur masen aldakortasun handia dakar espazioari eta denborari dagokionez. Kutsadura mailak neurtzeko gaur egun erabiltzen diren teknikak ez dira gai aldaketa horiek atzemateko, eta, ondorioz, uraren kalitatea ez da behar bezain zehatz neurtzen

Testuinguru horretan garatu da Monitool proiektua, AZTI zentro teknologikoak bultzatutako Europako egitasmo bat, bere xedea izanik itsasoko uraren kutsadura neurtzeko metodologia berrien efizientzia balioztatzea.

Proiektua 2017an hasi zen, 8 bazkidek osatutako partzuergo ikertzaile batek sustatuta, eta bere helburua da DGT motako (Difussive gradient in thin films) laginketa pasiborako dispositiboen aplikagarritasuna egiaztatzea, itsasoko uren kutsadura kimikoa ebaluatzeko, eta gaur egun erabiltzen diren teknikak baino eraginkorragoak direla frogatzea, batez ere oso ingurune aldakorretan.

“Gure proiektua laginketa pasiboko teknologiak balioztatzera zuzenduta dago. Teknika horiek hainbat onura eskaintzen dituzte laginketa eta analisirako teknika tradizionalekin alderatuta. DGT laginketa pasiborako gailuak urarekin kontaktuan uzten dira hainbat ordu, egun edo astez, ingurunean dauden kutsatzaileak atxiki ahal izateko, gel/erretxina lamina baten bitartez. Horri esker, alde batetik, kutsatzaileak detektatu daitezke oso kontzentrazio txikietan, eta, bestetik, ingurunearen aldakortasuna integratzen da, urarekiko esposizioan dagoen bitartean. Abantaila horiek oso interesgarriak dira Uraren Direktiba Markoak ingurumenaren zaintzarako ezarritako programentzat; Direktiba horrek behartu egiten ditu EBko herrialdeak lehorreko zein itsasoko uren egoera kimikoa ebaluatzera”, adierazi du Maria Jesus Belzunce Segarrak, AZTIko kimikari eta itsas ingurunearen ebaluazioaren adituak.

Metodologia balioztatzeko, proiektuak bi laginketa kanpaina handi egin ditu, DGT gailuen bitartez eta teknika tradizionalen bitartez. Lehenengo eurite garaian egin zen, eta bigarrena garai lehorrean, Atlantiko osoko eta Mediterraneoko 8 eskualdetako kostalde eta estuarioetan laginak jasoz. Horrenbestez, 2017ko uztailaz geroztik, 700 ur lagin baino gehiago bildu dira, eta 3 teknika desberdin erabiliz analizatu dira, bakoitzarekin lortutako emaitzak alderatu ahal izateko.

Une hauetan, proiektua emaitzen azterketa eta interpretazio fasean dago, eta ikerketa 2020ko ekainean joko da amaitutzat.

“Laginketa pasiboko gailuak oraingoak baino eraginkor eta zehatzagoak direla frogatzeaz haratago, ekimenaren asmoa da gailu horiek legegintzaren testuingurura eramatea, Uraren Direktiba Markoan kalitateari buruzko definitutako helburuak betetzen laguntzeko, ur masa guztietarako, izan lehorrekoak zein itsasokoak”, gaineratu du Belzunce Segarrak.

Teknika zehatz eta garbiagoa, kostu txikiagoarekin

AZTI ikerketa zentroak laginketa pasiboko metodologiak lantzen ditu orain dela hamarkada batetik hona. “Tresna horien bitartez lortuko dugu lehorreko zein itsasoko ur guztiak hobeto ebaluatuta egotea, izan ere, mota askotako kutsatzaileen kontzentrazio baxuak atzeman ditzakegu, teknika tradizionalekin atzematen ez direnak. Horrez gain, kostuak murriztu ditzakegu, laginketaren maiztasuna, langile kopurua eta beharrezko materiala murrizten ditugulako”, adierazi du AZTIko adituak.

Teknika horiek, gainera, garbiagoak eta zehatzagoak dira, laginak gutxiago eta errazago manipulatu behar direlako laborategian.

Proiektuaren partzuergoaren liderra Dublin City University (DCU) da, eta, AZTIz gain, kideak dira Instituto Tecnológico de Canarias (ITC), Instituto Superior Técnico de Lisboa (IST), Instituto Portugués do Mar e da Atmosfera (IPMA), Institut Français de Recherche pour L’explotation de la Mer (IFREMER), Center for the Environment Fisheries and Aquaculture Science (CEFAS) eta Università degli Studi di Cagliari.

Ekimena Esparru Atlantikoko Interreg Programak (2016-2020) sustatu eta %75 finantzatu du, eta aurrekontua ia 2 milioi eurokoa da. Gainera, hainbat erakunde laguntzaile ari dira parte hartzen egitasmoan, horien artean URA-Uraren Euskal Agentzia, The Scottish Government, Scottish Environment Protection Agency, Kanarietako Gobernuko Ingurumen Sailburuordetza, Consejo Insular de Aguas de Gran Canaria, Marine Institute Foras na Mara, Environmental Protection Agency, Agencia Française pour la Biodiversité, Agência Portuguesa do Ambiente eta Lisboako Institutu Hidrologikoa.

Partekatu

Beste berri batzuk