OSTEGUN HONETAN “PARKEA MUSIK FEST” ZAMUDIOKO/DERIOKO CAMPUSERA ITZULIKO DA PARKE TEKNOLOGIKOETAKO ENPRESETAKO PROFESIONALEK OSATUTAKO BOST TALDEREN EMANALDIAREKIN
Ekitaldia sarrera librekoa eta edonorentzat irekia izango da eta arratsaldeko 17:00etan hasiko da Zamudioko/Derioko Campuseko Baserri Antzokian
“Parkea Musik Fest”-en edizio hau girotuko duten bost taldeak parke teknologikoetako enpresetan lan egiten duten pertsonek osatzen dituzte
Parke Teknologikoen Zamudioko/Derioko Campusak “Parkea Musik Fest”-en edizio berria hartuko du datorren ostegunean, maiatzak 18. Euskadiko Parke Teknologikoek bultzatutako ekimena da, langileen sormen-talentuari ikusgaitasuna emateko eta laneko espazioa gizarte- eta kultura-esperientzietara irekitako bizi-ekosistema bihurtzeko.
Ekitaldia Zamudioko/Derioko Campuseko Baserri Antzokian egingo da. 17:00etan pop-rock ikuskizuna hasiko da. Saioari “Space Octopus” taldeak emango dio hasiera bere rock errepertorioarekin (17:00); ondoren, “Lur Jota” taldeak rock euskalduna joko du (17:45), eta, gero “Malatestta” taldeak bere rock musikarekin gozaraziko ditu bertaratutakoak (18:30). Ondoren, “Arde Marte” pop taldeak joko du (19:15), eta, azkenik, pop-rock estiloa uztartzen duen “Cruce de Miradas” taldeak emango dio amaiera ekitaldiari (20:00).
“Space Octopus” taldeko kideak, informazioaren teknologien arloan berritzailea den Imatek enpresako langileak dira; “Lur Jota” taldeko kideak, berriz, batez ere biosentsoreetan oinarrituta, elikagaien kalitatearekin eta segurtasunarekin eta osasunarekin lotutako molekulak detektatzeko eta kuantifikatzeko analisi eta diagnostiko metodoak garatzen, fabrikatzen eta merkaturatzen dituen Biolanekoak dira. “Malatestta” eta “Arde Marte” taldeetako kideak Ingeteam enpresatik datoz. Enpresa hori ekipo elektrikoen, motorren, sorgailuen eta frekuentzia-bihurgailuen garapenean espezializatuta dago, bai eta ingeniaritza elektrikoan eta sorkuntza-plantetan ere.
Ekitaldian zehar kultur eta kirol ekitaldietarako sarreren zozketak egingo dira Parkeetako langileentzako eta lehenengo 150 edariak doan zerbitzatuko dira.
Parkea Musik Fest “Parke Erronka bat” programatik sortutako ekimena da eta duela sei urte jarri zen martxan. Lau edizio ospatu dira Donostiako, Zamudioko eta Vitoria-Gasteizko campusetan.
Iazko edizioan Euskadiko Parkeetako enpresetan lan egiten duten profesionalek osatutako 14 taldek hartu zuten parte: Carlos Tego, Blue Painters, El Cantar del MiuCIC, Bilongo Latin Trío, Rojo Nieve, Red Night Man, Red Crocodile, Old Skull, Grezians, Igara Roosters, Beyond his faith, Who killed Laika?, Pentatonics Banda eta Desert tracks, baita dantza talde batek ere, BIOFISIKA Dantza plazan, hain zuzen ere.
Aurreko edizioan parte hartu zuten taldeak enpresa hauetako langileek osatu zituzten: Tecnalia, CIC energiGUNE, RetaBET, Light & System, Ibermática, Ingeteam, Ceit, KREAN, Instituto de Biofísika, Achucarro eta BC Materials.
Kontzertuak Parke Teknologikoen 4 Campusetan egin ziren: Gasteizen, Donostian, Zamudion/Derion eta Leioan. Entzule sutsuak ez ziren Parke enpresetako langileak soilik, era guztietako pertsonek parte hartu zuten, izan ere, ekimena ikus-entzule guztiei irekita dago.