“Parkea Musik Fest” ostegun honetan itzuliko da Donostia Campusera, Euskadiko Parke Teknologikoko enpresetako profesionalen parte hartzea duten hiru talderen emanaldiarekin
Ekitaldia jende guztiarentzat irekia izango da eta arratsaldeko 17:00etatik aurrera egingo da Euskadiko Parke Teknologikoko Donostia Campuseko Eraikin Nagusian
Lila –DJa–, Aria –pop rocka– eta Igara Roosters –rock klasikoa– taldeek hartuko dute parte “BeParke Klubaren” parte den eta Campusetako talentua erakartzen eta leialtzen lagunduko duten sozializazio- eta dibertimendu-espazio bihurtzeko ekimen horretan
Euskadiko Parke Teknologikoaren Donostia Campusak “Parkea Musik Fest” ekimenaren beste edizio bat hartuko du datorren ostegunean, irailak 19, Euskadiko Parke Teknologikoak langileen sormen-talentuari ikusgaitasuna emateko eta laneko espazioa bizipen sozial eta kulturaletara irekitako bizi-ekosistema bihurtzeko bultzatutako ekimena, hain zuzen. Ekimena BeParke Klubaren bidez Euskadiko Parke Teknologikoko 6 campus aktiboetan urtean zehar egiten diren jardueren artean dago.
Ekitaldia Donostia Campuseko Eraikin Nagusian egingo da, eta sarrera librea izango du interesa duten guztientzat, Parke enpresetako langileak izan edo ez. Talde bakoitzeko kide bat, gutxienez, Campusetan dagoen enpresa bateko langilea da, eta banda bakoitzak ordu erdi inguruz joko du, baina musikaz gain, aldez aurretik etxeko bizkotxoen lehiaketa izango da beraien sukaldaritzako dohainak erakutsi nahi dituztenentzat. Ekitaldian zehar, La Perla talasoterapiako zirkuiturako sarreren, Real Sociedad taldea Reale Arenan ikusteko VIP sarreren eta BBK Live 2025erako bonoen zozketaz, pintxoak eta edariak kontsumitzeaz, jaialdietarako deskontu esklusiboak lortzeaz eta doako 100 kontsumizioz gozatu ahal izango da.
Arratsalde musikala Lilaren DJ saioarekin hasiko da, eta, ondoren, Aria –pop rocka– eta Igara Roosters –rock klasikoa– arituko dira. Talde guztietan Parkeko enpresaren bateko langileen ordezkariak egongo dira; kasu honetan, TECNALIA, CEIT eta CIDETEC enpresetakoak.
Pop eta rock nahasketa egiten duen Aria taldeak TECNALIA ikerketa zentroa ordezkatzen duten musikariak ditu. Igara Roosterseko kideak, enpresetako I+G departamentuekin lankidetza estuan ikerketa-proiektu industrialak egiten dituen Gipuzkoako Ikasketa eta Ikerketa Teknikoen Zentrotik (CEIT) datoz. Lila, musika elektronikoko DJ saioa, CIDETECetik dator.
Parkea Musik Fest “Parkerako erronka bat” programatik sortutako ekimena da. Duela zazpi urte jarri zen martxan, eta dagoeneko hamahiru edizio egin dira Donostia, Zamudio/Derio, Gasteiz eta Leioa campusetan. Ekimenak Parkea osatzen duten pertsonen talentua nabarmentzea eta lan giroa aisialdi, ongizate eta denbora libreko espazio bihurtzea du helburu.
Aurtengo edizioa maiatzean hasi zen, Zamudio/Derio Campusean egin zen lehen saioarekin, eta 3 taldek hartu zuten parte. Ekainaren erdialdean, Parkea Musik Fest-en saioa Gasteiz Campusean egin zen, beste hiru talderekin.
Aurreko edizioetan bezala, ikus-entzuleek gogo biziz erantzun die ekimenari. Bertan, enpresetako profesionalek ez ezik, familiek eta zuzeneko musikaren zaleek ere gero eta gehiago hartzen dute parte.
PARKEA MUSIK FEST 2024 Eguna: 2024ko irailak 19, osteguna Ordua: 17:00 Tokia: Eraikin Nagusia. Euskadiko Parke Teknologikoa – Donostia Campusa. Mikeletegi pasealekua, 53. Donostia |