“Parkea Musik Fest” ostegun honetan itzuliko da Zamudio/Derio Campusera, Euskadiko Parke Teknologikoko enpresetako profesionalek parte hartzen duten hiru talderen emanaldiarekin
Edonorentzat irekita egongo den ekitaldia arratsaldeko 17:00etan hasiko da Zamudio/Derio Campuseko Baserri Antzokian
“Blaster M”, “Soporte Vital Básico” eta “La Fabulosa y Decadente Mambo Express” taldeek hartuko dute parte “BeParke Klubaren” barruan dagoen eta Campusak talentua erakartzen eta leialtzen laguntzeko sozializazio- eta dibertimendu-gune bihurtzeko helburua duen ekimen horretan
Euskadiko Parke Teknologikoaren Zamudio/Derio Campusak “Parkea Musik Fest” jaialdiaren beste edizio bat hartuko du datorren ostegunean, maiatzaren 23an. Euskadiko Parke Teknologikoak bultzatutako ekimen horren bidez langileen sormen-talentuari ikusgaitasuna eman eta laneko espazioa bizipen sozial eta kulturaletara irekitako bizi-ekosistema bihurtu nahi da. Ekimena BeParke Klubaren bidez Euskadiko Parke Teknologikoko 6 campus aktiboetan urtean zehar egiten diren jardueren artean dago.
Ekitaldia Zamudio/Derio Campuseko Baserri Antzokian egingo da eta sarrera librea izango da bertaratu gura duten guztientzat, Parke enpresetako langileak izan edo ez. Talde bakoitzeko kide bat, gutxienez, Campusetan dagoen enpresa bateko langilea da, eta talde bakoitzak ordu erdi inguruz joko du. Baina musikaz gain, zozketez ere gozatu ahal izango da, pintxoak eta edariak kontsumitu ahal izango dira eta jaialdietarako deskontu esklusiboak eta doako 150 kontsumizio ere lortu ahal izango dira.
Saioari hasiera emateko, “Blaster M”, euskarazko rock-and-roll errepertorioa duen taldea, arituko da (17:00etan). Ondoren, “Soporte Vital Básico” taldearen popaz gozatuko dugu (17:45ean), eta, azkenik, “La Fabulosa y Decadente Mambo Express” taldeak Cumbia joko du (18:30ean).
“Blaster M” taldeak ingeniaritza elektrikoan aritzen den Ingeteam enpresan lan egiten duten kideen parte-hartzea du. Garapen teknologiko aplikatuan lan egiten duen Tecnalia ikerketa zentroko langileek osatzen dute arratsaldea pop musika aukeraketa zabalarekin girotuko duen “Soporte Vital Básico” taldea. “La Fabulosa y Decadente Mambo Express” taldeak zerbitzu teknologikoen eta ingeniaritzaren hornitzaile globala den Ayesa enpresako musikariak ditu.
Parkea Musik Fest “Parkerako Erronka bat” programatik sortutako ekimena da, duela zazpi urte jarri zen martxan eta dagoeneko hamaika edizio ospatu dira Donostia, Zamudio/Derio, Gasteiz eta Leioa Campusetan. Ekimenaren helburua Parke osatzen duten pertsonen talentua azpimarratzea da, eta laneko ingurunea aisia, ongizate eta denbora libreko gune bilakatzea bilatzen du.
Eguen honetan Euskadiko Parke Teknologikoko Zamudio/Derio Campusean egingo den ekitaldiaren ondoren, datorren ekainaren 13an Gasteiz Campusean eta irailaren 19an Donostia Campusean egingo direnak etorriko dira.
PARKEA MUSIK FEST 2024 Eguna: osteguna, 2024ko maiatzaren 23a Ordua: 17.00 Lekua: Baserria Antzokia Euskadiko Parke Teknologikoa – Zamudio/Derio CampusaTaileri Kalea, 6.48160 Derio, Bizkaia |