Robot kolaboratiboen belaunaldi berri batek eraikuntza industrializatua eraldatuko du
TECNALIAk SITEBOT lideratzen du, egitura modular seguruagoen eta eraginkorragoen eraikuntza automatizatze aldera taldean lan egiteko gai diren robot-multzoak garatuko dituen ekimena
Eraikuntzak erronka handiei aurre egin behar die honako alor hauetan: produktibitatea, laneko segurtasuna, esku-lan espezializatuaren urritasuna eta eredu jasangarriago, eraginkorrago eta zirkularragoetarantz jo beharra. Erronka horiei erantzuteko, TECNALIAk SITEBOT proiektua koordinatuko du, zeinean zenbait teknologia aitzindari garatuko baitira robot autonomoen multzoak oinarri hartuta. Robot horiek eraikuntzako zeregin konplexuetan lankidetzan aritzeko gai izango dira, gizakiek gainbegiratuta.
Helburua da eraikuntza-sistemen belaunaldi berri baterako oinarriak ezartzea; sistema horietan, lurreko eta aireko robotek modu koordinatuan lan egingo dute, eraikuntza-elementu industrializatuak garraiatu, maneiatu eta muntatzeko.
Sistema robotizatu konbentzionalak funtzio espezifikoak dituzten banakako makinetan oinarritzen dira; SITEBOTek, berriz, jokabide kolektiboan inspiratutako ikuspegi bati jarraituko dio. Zailtasun handiagoko zereginei aurre egite aldera, mota bat baino gehiagotako robot espezializatuak gaitasunak konbinatzeko eta beren burua dinamikoki berrantolatzeko gai izango dira, eta obretako baldintza aldakorretara egokituko.
Paradigma berriari esker, aliantza europar horrek robot-talde malguak sortzeko aukera izango du. Robot horiek gai izango dira elkarrekin lankidetzan jarduteko, inguruneari buruzko informazioa partekatzeko eta gertakariei edo aldaketei denbora errealean erantzuteko, eta, horrela, eraikuntza-prozesuen eraginkortasuna eta autonomia areagotuko dituzte.
Garatzekoa den teknologiak, unitate askok sistema koordinatu bakar gisa jardutea ahalbidetzeko, aurrerapenak ekarriko ditu adimen artifizialean, ingurunearen pertzepzioan, nabigazio autonomoan, roboten arteko komunikazioan eta gizakiaren eta makinaren arteko lankidetzan.
Eraikuntza jasangarria eta automatizatua
Bai robotika eta bai eraikuntza-sistemak aldi berean garatzea izango da proiektuaren alderdi bereizgarrietako bat.
SITEBOTek osagai modular arinak eta lotura-sistema itzulgarriak ikertuko ditu, roboten bidez muntaketa-lanak errazago egiteko bereziki diseinatuak. Ikuspegi horri esker, diseinu digitalaren, fabrikazio industrializatuaren eta eraikuntza automatizatuaren arteko elkarrekintza optimizatu ahal izango da. Garatuko diren soluzioetan, gainera, ekonomia zirkularraren printzipioak txertatuko dira, eraikuntza-elementuak desmuntatzea, berrerabiltzea eta etorkizunean egokitzea errazteko eta baliabide gutxiago kontsumitzeko eta hondakin gutxiago sortzeko.
Gizakien parte-hartzeak sistemaren funtsezko osagai bat izaten jarraituko du. Proiektuan, tresnak garatuko dira eragiketak gainbegiratzeko, roboten egoera ulertzeko eta robotekiko interakzioa intuitiboa izateko, eta pertsonek prozesuen kontrolari eusten diotela bermatuko da.
Proiektuan sartzen da, halaber, robot koordinatuen talde batek muntatutako eraikuntza modularreko erakusle bat laborategian baliozkotzea. Erakusleari esker, teknologiaren bideragarritasuna zenbait egoera adierazgarritan ebaluatu ahal izango da, eta etorkizuneko industria-erabileretarako oinarriak ezarriko dira. Erabilera horiek sektorearen trantsizioa bizkortzeko gai izango dira, eraikuntza-eredu automatizatuago, erresilienteago eta jasangarriagoen bidean.
SITEBOT Horizon Europeren EIC Pathfinder programaren barruan dago, eta honako kide hauek bilduko ditu datozen lau urteetan: TECNALIA, ROVIMATICA enpresa (Espainia), OTH Regensburg unibertsitatea (Alemania) eta École Nationale des Ponts et Chaussées ingeniaritza-eskola (Frantzia).