SPRIk arrakastaz amaitu du Berrikuntza Agendak programaren bigarren fasea

Bizkaia

  • >Eusko Jaurlaritzak berrikuntzaren aldeko apustua egin du +Euskadi 09 Planaren bidez, eta 3.161 enpresak babestu dute Eusko Jaurlaritzaren apustu hori.
  • >Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak 10,5 milioi euroraino handitu du programa horretara bideratutako aurrekontua.
  • >Agendak eskatu dituzten ETEek 80.000 lagun baino gehiago enplegatzen dituzte.

 

Eusko Jaurlaritzak berrikuntzaren aldeko apustua egin du +Euskadi 09 Planaren bidez, eta tamaina eta sektore guztietako 3.161 enpresak babestu dute Eusko Jaurlaritzaren apustu hori, horietako gehienek, SPRIk kudeatutako Berrikuntza Agendak eskatu baitituzte.

Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak aurrekontua handitzeko egin duen ahalegina (2009an 10,5 milioi eurokoa izan da aurrekontua eta 2008an berriz 8,4 milioikoa) argi eta garbi ikusten da programaren bigarren faseak izandako arrakastan, enpresen 417 eskaera jaso baitira hogeita lau ordutan.

Sailak positiboki baloratu du proiektuarekin lortutako arrakasta eta euskal ETEek berrikuntzaren alde egindako apustuarekin hartutako konpromisoa, berrikuntza baita krisiari aurre egiteko eta krisitik indarberrituta ateratzeko tresna. Eskatutako agenda guztien artean, 1.668 (%52,77) Bizkaikoak dira, 1.039 (%32,87) Gipuzkoakoak eta 454 (%14,36) Arabakoak.

Berrikuntza Agendak programak eraginkorra dela erakutsi du, berrikuntza estrategiko eta sistematikoa sozializatu duelako euskal enpresetan eta emaitza ukigarriak lortu dituelako enpreson lehiakortasuna eta errentagarritasuna handituz. Baliozkotutako berrikuntza agendetan 15.988 proiektu identifikatu dira; horietatik 7.745 berrikuntza proiektuak dira eta gainerako 8.243ak, berriz, gaikuntza proiektuak. Programari atxiki zaizkion enpresek 80.000 langile baino gehiago enplegatzen dituzte.

Etapa berri honetan, SPRIk agendak definitzeko eta berrikusteko ekintzen %90 finantzatuko du, aholkulari lanak egingo dituen pertsona akreditatu baten laguntza eskainiz. Programak berrikuntzarako atea ireki die lehen aldiz ETE hauetako askori, bereziki bere gaitasunagatik edo tamainagatik hobekuntza eta aldaketa prozesuetan zailtasunak izan dituztenei.

Berrikuntza Agendak-Agendas de Innovación Eusko Jaurlaritzako Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak zuzendutako +Euskadi09 Planaren barruko programa bat da eta SPRIk kudeatzen du. Plana joan den hilean jarri zen martxan ekonomia suspertzeko, enpresei laguntzeko, enplegua sortzeko eta azpiegiturak, ikerketa eta berrikuntza garatzen laguntzeko.

Partekatu

Beste berri batzuk