SPRIk eta Bizkaiko Zientzia etaTeknologia Parkeak abian jarri dute “Cross Mentoring Parkean” programa berria

Bizkaia

60tik gora profesional bilduko dituen ekimen horrek helburutzat du zerbitzu berri bilakatzea hurrengo ekitaldian.

PCyTBGaur, martxoaren 10ean, SPRIk, Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkeak eta 10 enpresa sustatzailek abian jarri dute “Cross Mentoring Parkean” ekimenaren lehen edizioa. Mentoring programa horrek urtebeteko iraupena du, eta Teknologi Parkean kokatutako profesional zein enpresei zuzendurik dago. Programaren helburua da lankidetzarako eta ezagutza nahiz esperientzia trukatzeko sare bat sortzea profesionalentzat.

Mentoringa diziplina bat da, zeinaren bidez pertsona batek laguntza ematen baitio beste bati eta bere ezagutzak eta esperientzia transmititzen baitizkio modu egituratu eta antolatu batean. Programa honek taldeko mentoringa baliatzen du pertsona eta enpresen arteko kontaktu-sareak indartzeko, parte-hartzaile gehiagorengana iristeko eta parte-hartzaile horiei balio handiagoa emateko.

60tik gora profesionalek parte hartuko dute ekimenak aztergai izango dituen gaietan. Hona hemen gai horietako batzuk: taldeko lana, barneko talentua leialtzea, kudeaketa-ereduak, lidergoa, barneko prozesuak sinplifikatzea, gatazken kudeaketa edota sareko lantaldeen kudeaketa.

Ekimen honen bidez SPRIren helburua da erantzuna ematea enpresen erronkei  (globalizazioa, aldaketa azkarrak edota teknologiaren bilakaera), lankidetzan eta ezagutza trukatzeko sareetan oinarritutako konponbideak eskainiz. Funtsean, asmoa da profesionalak eta enpresak prestatzea, pertsonen eta talentuaren garapenean zentratutako ekimenen bidez eta dinamika berritzaileak baliatuz lankidetzaren bitartez lehiakortasuna bilatzeko.

Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkeak -programaren antolatzaileetako bat eta anfitrioia den aldetik- aukera ematen die egoitza bertan duten enpresei lankidetzan jarduteko, antolakunde barruko profesionalen eta talentuaren garapena sustatzeko eta espazio berriak sortzeko, espazio horien bitartez posible izan dadin ezagutza nahiz teknologia zabaltzea eta enpresa lehiakorrago bihurtzea.

Hauxe da SPRIk hurrengo edizioetarako finkatu duen helburua: Bizkaiko parkean kokatutako enpresa parte-hartzaile gehiago atzematea eta edizio bikiak martxan jartzea Arabako eta Gipuzkoako parkeetan.

Partekatu

Beste berri batzuk